Nazioarteko inprobisatzaileen bira egingo dute urrian

Tomasita Quiala kubatarrak eta Araceli Arguello argentinarrak inprobisazio saioak egingo dituzte Euskal Herriko sei herri eta hiritan, hainbat bertsolarirekin batera, urriaren 9tik 14ra
Maider Belokik eta Julio Sotok Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira aurkeztu dute Iruñean.
Maider Belokik eta Julio Sotok Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira aurkeztu dute Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2018ko irailak 18

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira antolatu dute. Urriaren 9tik 14ra Argentinako, Kubako eta Euskal Herriko hainbat inprobisatzaile batuko dituzte, sei herri eta hiritan saioak egiteko. Tomasita Quiala kubatarrak eta Araceli Arguello argentinarrak parte hartuko dute horietan, hainbat bertsolarirekin batera. Julio Soto bertsolariak, Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura kontseilariak eta Iñaki Azkona Iruñeko Udaleko euskara teknikariak aurkeztu dute egitasmoa, Iruñean.

Kantu inprobisatuak lotutako kulturen arteko komunikazioa sustatzeko helburuz antolatu dute zikloa. Iruñean hasiko da, urriaren 9an, eta hainbat herritara zabalduko da urriaren 14ra arte: Erandiora (Bizkaia), Hernanira (Gipuzkoa), Gasteizera, Baionara eta Donostiara. Quiala eta Arguello inprobisatzaileek saio guztietan parte hartuko dute, eta haiekin batera bi bertsolari arituko dira saio bakoitzean. Maialen Lujanbio, Julio Soto, Jone Uria, Amets Arzallus eta Xabi Igoa bertsolariak tartekatuz joango dira. Gai jartzaileak Iker Iriarte eta Maialen Berriozabal izango dira, eta itzultzaileak ere egongo dira. Saio guztiak dohainik izango dira.

Julio Soto bertsolariak adierazi du «oso polita» dela nazioarteko bi emakume inprobisatzaile Euskal Herrira ekarri ahal izatea. Izan ere, kantu inprobisatuaren tradizioan emakumeek oztopo asko gainditu behar izan dituzte plazetan abestu ahal izateko. Soto: «Euskal Herrian ez dira urte asko emakumearen presentzia plazetan hutsaren hurrengoa zela, eta, zorionez, gaur egun emakume bertsolari asko dabiltza. Bada, Euskal Herritik kanpo ere gauza bera gertatzen da; horregatik, bira hau ederra izango da alde horretatik».

Tomasita Quiala punto kubatarraren erreferente nagusietako bat da. Oso gaztea zelarik hasi zen kantuan, eta Kuban kantu inprobisatuan hasi ziren lehenbiziko emakumeetako bat izan zen. Gerora profesional bihurtu zen, baina haren jarduna beti egon da herri mugimenduari lotua. Araceli Arguelloren ibilbidea, berriz, laburragoa da, 23 urte baino ez baititu. Hala ere, oso txikitatik aritu da kantuan, etxetik jaso baitzuen payadarako zaletasuna.

Punto kubatarrak Andaluzian eta Kanariar uharteetan du jatorria (Espainia), eta Afrikako musikaren elementuak ditu. Gaztelaniaz kantatzen da, eta inprobisatzaileak bakarka edo binaka aritzen dira, musikak lagunduta. Payada edo payoa, berriz, Argentina, Uruguai, Paraguai, Brasil eta Txileko adierazpidea da; gaztelaniaz kantatzen da, bakarka edo lehian, gitarraren laguntzaz. Bertsolaritzan bezala, lan handia egiten ari dira bi adierazpide horiek belaunaldi berriei transmititzeko, eta emakume inprobisatzaileen kopurua asko handitzen ari da.

«Aberasgarria izango da»

Sotok esan du «luxua eta opari ederra» dela bertsolari gisa egitasmoan parte hartu ahal izatea: «Kulturalki aberastuko gaitu, baita sortzaile gisa ere». Izan ere, inprobisatzeko modu bakoitza berezia da: ohitura batetik bestera aldatu egiten dira metrikak, erritmoak, gaiak eta estilo literarioak. Hori dela eta, emanaldiak «bereziak eta berritzaileak» izango direla ziurtatu du: «Agertokian egongo dira gaztelaniaz kantatuko duten inprobisatzaileak, itzultzaileak, musika...». Inprobisatzaile guztiek ariketak egin behar izango dituzte elkarrekin, eta inprobisatzeko beste moduetara moldatu beharko dute. Hori dela eta, Sotok «erronka» moduan ere ikusten du zikloa.

Sotoren eta Belokiren ustez, egitasmoa baliagarria izango da erakusteko kantu inprobisatua ez dela soilik Euskal Herriko ohitura bat; munduko herri askotan egiten dela, eta mendeetan sustraitutako tradizioa dela. «Ikusi ahal izango dugu kantu inprobisatua kultura askotan errotuta dagoela», adierazi du Belokik. «Hori bertsolariontzat aberasgarria izango da», Sotok.

Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Lanku Kultur Zerbitzuaren arteko elkarlanaren emaitza da. Mintzolak lanean dihardu bertsolaritza mundura zabaltzeko eta beste nazioarteko kantu inprobisatuak ezagutarazteko; Lankuk, berriz, proposamen berritzaileak bilatzen ditu. Bira antolatzeko tokian tokiko erakundeen babesa jaso dute: Iruñeko, Erandioko, Hernaniko eta Gasteizko Udalak, Euskal kultur erakundea, Haizebegi jaialdia, Donostia Festak eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutza. Sotok laguntzaile guztien lana eskertu du.

Antzeko esperientziak

Ez da hainbat herrialdetako inprobisatzaileak batzen dituzten lehenbiziko aldia, antzeko emanaldiak ere antolatu baitira. Kasurako, 2016an Europa Bat-batean Kantu Inprobisatuen Nazioarteko Topaketa antolatu zuten Donostian, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan. Zazpi herrialdetako inprobisatzaileak bildu ziren: Austria, Gales, Herrialde Katalanak, Kuba, Mexiko, Zipre eta Euskal Herriko ordezkariak. Belokik, Sotok eta Azkonak adierazi dute esperientzia hori «oso ederra» izan zela.

Nazioarteko Inprobisatzaileen Biraren lehenbiziko saioa urriaren 9an izango da, Iruñeko Zentral Aretoan, 19:00etan. Zikloaren inguruko informazioa www.mintzola.eus webgunean eskura daiteke.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako oharrean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzekoa.

 ©LUKAS COCH / EFE

COVID-19aren kutsatzeak arakatzeko aplikazioen eraginkortasuna, kolokan

Munia El Marhoum Iruretagoiena

«Normaltasun berrira» heldu bidean, koronabirusaren zabaltzea geldiarazteko tresna gisa aurkeztu dituzte zenbait 'app'. Herrialde askotan ez dira lortu hasiera batean aurreikusitako emaitzak

Osasun langileak, atzo, PCRak egiten, Donostiako Okendo kultur etxean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna