Oteizaren iruditeria, oholtzara

MugMus laborategiak Jorge Oteizaren ibilbidea interpretatu du 'Esku Harriak: Oteizaren (h)aria' ikuskizunean. Gaur aurkeztuko dute aretoko bertsioa, Iruñean
MugMus laborategiko kideek hainbat arte adierazpide elkartu dituzte <em>Esku Harriak: Oteizaren (h)aria</em> lanean.
MugMus laborategiko kideek hainbat arte adierazpide elkartu dituzte Esku Harriak: Oteizaren (h)aria lanean. BERRIA

Ane Eslava -

2018ko urriak 3
Dantza, hitza, txalaparta, eskultura, espazioa, hutsa, bertsoa... Elementu askok osatzen zuten Jorge Oteiza eskultorearen unibertsoa. Horiek guztiak berrirakurtzeko helburuz sortu zuen MugMus Kultur Laborategia konpainiak Esku Harriak: Oteizaren (h)aria izeneko lana, orain dela hiru urte. Hainbat arte diziplina elkartu eta ikuskizun bat sortu zuten, Oteizaren ibilbidea omentzeko. Orain arte kalean egin dute, eta bihar aretoko bertsioa aurkeztuko dute, Iruñean, Mendillorri Civivoxen, 20:00etan.

Ikuskizunaren bitartez Oteizaren iruditerira «modu artistikoan» gerturatu nahi izan dutela adierazi du Beñat Ralla zuzendariak. MugMus Kultur Laborategiaren arduraduna da Ralla, eta haren lanetan hainbat arte adierazpide elkartzen ditu, diziplinartekotasuna lantzeko xedez. Bi arrazoik bultzatu zuten Oteizari lotutako obra bat egitera, azaldu duen moduan: «Batetik, Suitzan ikasten ari nintzenean, ikuskizun bat aurkeztu behar nuen, eta Oteizaren lana helduleku egokia iruditu zitzaidan han euskal kulturaren berri emateko. Bestetik, ikasketa garaian inoiz ez didate Oteizaren inguruko azalpenik eman, eta ikusi nuen modu bat izan zitekeela harengana hurbiltzeko».

Lau lagunekin batera osatu zuen lantaldea: Jone Amezaga eta Ioritz Galarraga dantzariekin, Iñar Sastre musikariarekin eta Eneko Balerdi mugimendu aholkulariarekin. Horrez gain, sormen prozesuan Amets Arzallus bertsolariaren laguntza izan zuten. Ikuskizuna sortzeko, hainbat arte diziplina elkartu zituzten: dantza garaikidea, zuzeneko musika, bertsolaritza... Honela, Oteizak jorratu zituen arlo guztiak landu nahi izan dituzte.

«Oso artista polifazetikoa izan zen: idazlea, eskultorea eta margolaria izan zen; musikarekin lotura handia izan zuen... Gu saiatu gara gure lanera ekartzen haren ibilbidean sortu zuen iruditeria», azaldu du zuzendariak. Landu dituzten ideien artean daude espazioa, hutsa edo harrespila. Asko zaindu dute eszenografia, horren bitartez interpretatu baitute Oteizaren eskultura. Bertsoen eta hitzaren bitartez, berriz, jorratu dute euskara eta artistak bertsolaritzarekiko zuen miresmena.

Eskultorearen unibertsoa berreraiki ahal izateko «ausardia» behar izan dutela adierazi du Rallak; baina askatasun osoz egin dutela ziurtatu du: «Hark idatzitako testuetako adierazpenak oso libreak dira, ez dira modu jakin eta hertsi batean interpretatu behar. Horregatik, lana sortzerakoan askatasuna hartu genuen». Adierazi duenez, ikerketa prozesuan ikusi ahal izan du azken hamarkadetan Oteizaren lanaren inguruan egin diren interpretazioen kopurua, eta konturatu da «itzal handiko pertsona» izan zela.

2015ean hasi ziren ikuskizuna prestatzen, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan diru-laguntza eta sormen egonaldiak egiteko aukera jaso baitzuten. Sei egonaldi egin zituzten, 2015 eta 2016 artean: Gasteizen, Zumaian (Gipuzkoa), Luhuson (Lapurdi), Miarritzen (Lapurdi), Errenterian (Gipuzkoa) eta Bilbon. Prozesuaren hasiera bereziki interesgarria izan zela adierazi du Rallak: «Lehenbiziko egonaldiek benetan laborategi edo tailer itxura zuten». Hark ideia batzuk proposatu zizkion lantaldeari, abiapuntu gisa, eta sormen prozesuan ideia horiek landuz eta garatuz joan ziren, baita berriak sortuz ere. «Eta batzuetan interesgarriena prozesua bera izaten da: jolastea, ideiak uztartzea eta lotzea... Ikustea nola eraikitzen den lana pixkanaka».

Hasieran, antzokietan egiteko ikuskizuna prestatu zuten. Urte bat geroago, berriz, lana moldatu egin zuten, kalean ere aurkeztu ahal izateko. Bigarren horrek arrakasta handia izan zuen, Rallak esan duenez: «Sortu eta jarraian funtzionatu zuen». Antzokikoarekin, berriz, zailtasunak izan dituzte. «Kostatu zaigu norbaitek lana estreinatzeko aukera ematea».

Hamasei aldiz egin dute kaleko ikuskizuna, Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Erantzuna «izugarria» izan da, kaleak jendea «harrapatzen» baitu, Rallaren hitzetan. «Toki guztietan jendea gerturatu zaigu esatera oso lan txukuna eta diziplinartekoa dela», kontatu du. «Eta artista gisa, kalean lan egitea berezia izan da; egun bakoitzean toki berri batean aurkezteak motibatzen zaitu». Hala ere, batzuetan gogorra ere izan dela aitortu du: «Unean uneko gorabeherei eta kanpoko faktoreei aurre egin behar izan diegu; eguraldiari, adibidez».

Antzokiko estreinaldia

Bi urteren ostean, bihar igoko dira lehen aldiz agertokira, ikuskizunaren bertsio «landuagoa eta aberatsagoa» aurkezteko. Zuzendariak luzera azpimarratu du obraren berritasunen artean: «Aretokoak kalekoaren bikoitza iraungo du, eta eszena berri asko izango ditu». Bestetik, argiztapenak eta aretoaren isiltasunak ematen duten jokoa ere nabarmendu du: «Argiak jantzi egiten du eszena, eta elementu bat gehiago bihurtzen da; lengoaia gisa funtzionatzen du. Isiltasunak, berriz, jendearen arreta handitzen du». Horrek guztiak indarra ematen dio lanari, haren ustez.

Gaur izango da estreinaldia, Mendillorriko Civivox aretoan, Iruñeko Udalak martxa jarri duen Garaikide 2018 programaren barruan. Egitasmo horren bitartez euskarazko arte adierazpen garaikideak bultzatzea bilatzen dute. Horretarako, antzerki, dantza, musika eta performanceko bost lan eskainiko dituzte, Iruñeko hainbat aretotan. Irailaren 26an hasi zen programa, eta urriaren 28ra arte iraungo du.

MugMus laborategiko kideak «pozez eta gogotsu» daude lana antzoki batean estreinatzeko aukera izategatik. «Azkenean norbaitek ireki digu atea; ilusio handiz gaude», adierazi du Rallak. Aurrera begira, beste obra bat sortzeko asmoa dute, eta ideiak lantzen ari dira dagoeneko. Hala ere, biharko estreinaldiaren ostean areto gehiagora joateko aukera izango ote duten ikusteko zain daude. Horretaz gain, urriaren 23an Orion (Gipuzkoa) egingo dute kaleko ikuskizuna, Oteizaren jaiotzaren 110. urteurrena ospatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna