EKT graduondokoak familia barruko transmisioa aztertuko du

Mondragon Unibertsitateak emango du aditu titulua, eta izen ematea zabalik dago. Kulturgintzaren barruan dauden praktikak eta erronkak izango dituzte aztergai saioetan
Ibai Iztueta, Joseba Sarrionandia, Mari Luz Esteban, Maialen Lujanbio eta Rafa Rueda.
Ibai Iztueta, Joseba Sarrionandia, Mari Luz Esteban, Maialen Lujanbio eta Rafa Rueda. BERRIA

Aitor Biain -

2018ko urriak 11
Mondragon Unibertsitateak euskal kulturgintzaren transmisioan sakontzen duen graduondokoa eskainiko du hasi berria den ikasturte honetan ere. Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko aditu titulua eskuratzeko ikastaroa bi urtetik behin egiten dute, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Kulturgintza biziberritzeko kezkari erantzuteko asmoz, 2007-2008ko ikasturtean ekin zioten graduondokoa antolatzeari, eta zazpigarren aldia dute aurten dagoeneko. Urriaren 20an hasi eta datorren urteko ekainera bitarte iraungo du trebakuntzak, eta matrikulazio epea zabalik dago graduondokoa hasi artean.

Hainbat adituren esperientziak jasoko dituzte ezagutza hori osatzen laguntzeko. Hala nola Mari Luz Esteban, Jose Angel Irigarai, Xabier Gantzarain, Maialen Lujanbio, Iban Urizar Amorante, Rafa Rueda, Eduardo Apodaka, Ibai Iztueta, Joseba Sarrionandia, Ignazio Aiestaran edota Iratxe Retolaza. Orotara, 35 hizlari izango dira gonbidatuak, eta, orain arteko edizioetan bezala, euskal kulturgintzaren egungo bilakaera ertz askotatik aztertuko dute. Hilean behin egingo dira saioak oraingo honetan ere, asteburu bakar batean: larunbat eta igandeetan.

Aurreko aldietan hizpide izandako gaietan sakontzen jarraituko dute, baina bestelako gaiei ere helduko diete. Tartean, euskaltasuna ulertzeko eta bizitzeko manerak, gizarte aldaketak eta euskaltasunaren adiera ezberdinen arteko talkak, egungo teoria emergenteak ikasketa kulturalen argitan, kultur sortzaileen praktika zehatzak arte espresio ezberdinetan, edota familiaren barruan bideratzen den kultur transmisioa. «Hizkuntzaz harago, etxean egiten da kultur transmisio bat, eta, gaurko kultur paisaia aztertuz gero, hainbat adibide ikus ditzakegu. Transmisio fenomeno horri begiratuko diogu saioetan», adierazi dute Nekane Goikoetxea eta Iñaki Urruzola graduondokoaren arduradunek. Adibide horietako batzuk gonbidatu dituzte saioetara haien esperientzien berri emateko: Xabier Amuriza eta Miren Amuriza, esaterako.

Hezkuntzan izaten den transmisioari edota kulturgintzaren egiturei eusten dieten harremanei ere erreparatuko diete, halaber. Eta Joxan Artze ere gogoan izango dute jardunaldi honetan. Hizpide izango dute, era berean, ate joka dagoen Euskaraldia egitasmoa: «Aurreneko aldia da halako egitasmo bat egiten dela, eta lehenengo saio bateratua da non erakundeek eta gizarte eragileek batera lan egiten duten helburu jakin baten alde: hizkuntzaren erabilera sustatzearen alde, hain zuzen. Ikuskizun dago zein emaitza izango duen, baina garrantzitsua da, gutxienez, lanketa hori kontuan hartzea», nabarmendu dute arduradunek.

Herritarren hizkuntza ohituretan eragin asmo du Euskaraldia egitasmoak, transmisioan sakondu nahi du, ikastaroak bezalaxe. Izan ere, adituen eta ikasleen arteko ezagutza trukean oinarritzen da graduondokoa, eta euskal kulturgintzari buruzko ezagutza bildu, aberastu eta belaunaldi berriei ezagutaraztea du helburu.

Kulturgintzaren erronkak

Nazio kulturalaren eraikuntzan kulturgintzak izan duen eta izan dezakeen eginkizuna ere jorratuko dute aurten. Bi eremutara hurbilduko dira horretarako: Arabara eta Ipar Euskal Herrira. Euskal gizartean gertatzen ari diren aldaketak mahai gaineratuko dituzte: «Araban, eta Gasteizen bereziki, ari da gertatzen halako fenomeno bat; gustatu ala ez, baina isilpekoa dena, ezkutuan gertatzen ari dena: 30 urtetik beherako herritar askok du hizkuntzarekiko ezagutza. Kopuruari erreparatuz gero, inoiz baino euskaldun kopuru handiena du Gasteizek; beste kontu bat da erabilera. Hor gertatzen ari den fenomenoa aztertzea interesgarria da guretzat».

Euskal kulturgintza ez ezik, Kataluniakoa ere hizketagai izango dute ikastaroan aurten. Kulturgintzak egungo Katalunian zein erronka dituen aztertuko dute saioetan. «Oso gizarte kultua da Kataluniakoa; Erdi Arotik datorkio ia jakinduria hori, baina ataka berezian dago orain. Egun, gizarte polarizatu bat dago Katalunian, bete-betean gainera, eta kulturgintzak lan handia egin du proces delakoa ulertzeko: kulturgintza praktika erreal eta zehatz bat izan da. Egindakoari eta egiteko duenari erreparatuko diogu», adierazi dute arduradunek. Jardunaldi ireki bat egingo dute horretarako, eta hainbat adituk ere parte hartuko dute beren gogoeta eta esperientziak ikastaroko kideei azaltzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna