Arestiren poema hezur-haragizkoak

Bere doktore tesia oinarri, 'Inor ez delako profeta bere mendean' saiakera idatzi du Asier Amezagak. Idazlearen oihartzunak gaur egungo gizartean kokatzeko «jolasa» egin du egileak liburuan

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Harritik herrira, Gabriel Arestiren paperak euskal kultura eta gizartean, 1954-2014 tesiaren egilea da Asier Amezaga (Getxo, Bizkaia, 1986) soziologiako doktorea. Ikerketa hartan oinarrituta, saiakera liburu bat ondu du, Inor ez delako profeta bere mendean, Bilboko Udalak banatzen duenXVIII. Miguel de Unamuno saria irabazi zuena iaz, eta orain Erein argitaletxeak plazaratu duena. Lan berrian «ariketa bat» egin duela azaldu du, «jolas» ere deitu duena. Adierazi du ikerketan Arestiren eta bere poemen bila jardun zuela eta, hari horri jarraituz, liburuan zenbait gai landu dituela, gaur egungo euskal gizartearen ikuspegi bat emateko. «Hasieran, asmoa zen Arestiren eragina aztertzea, baina, apurka-apurka, ikerketa prozesuan, Arestiren eragina baino gehiago, Aresti nola den egina aztertu dut. Poemen eta poetaren figuraren errepikak aztertu ditut». Aresti eta bere poetika gaur egun nola azaleratzen diren, beste era batera esanda. «Inor ez da profeta bere mendean Arestiren poema labur eta sintetiko bat da, eta bere ahots profetiko hori gurera ekarri nahi izan dut; ahots horri gorputza eman nahi izan diot, nolabait, eta gorputza eman diot bere izena eta poemak errepikatu, aipatu, erabili, azaleratu diren une eta gune ezberdinen bidez».

Liburuko atalak segidan irakurtzea gomendatzen badu ere, banaka, solte ere har daitezkeela azaldu du Amezagak, bakoitzean une eta gune ezberdinak lantzen baititu. «Dela Nire aitaren etxea poema, dela Euskal Harria, euskara bera, Arantzazu, Bilbo... Halako gaiak jorratzen ditu liburuak. Azken batean, asmoa da aztertzea zelan egiten dugun poesia hezur-haragizko». Azken urteotan idazleari egin zaizkion omenaldiak izan daitezke azaleratze une edo gune horietako batzuk. «Alde horretatik, nik poemak nola gorpuzten diren aztertu nahi nuen, nola biziarazten den Aresti; azken batean, horrelako omenaldietan, poemen errepiketan, kantaldietan... biziarazten dugun poeta delako».

Egilearen ustez, «Aresti madarikatua, Aresti espainolista, Aresti komunista... euskal kulturako totem» bihurtu da, eta totem gisa ere aztertu du liburuan, «literaturarekin osatzen dugun harremana liburuez harago doalako, badagoelako nolabaiteko harreman magiko bat, ia xamanikoa, zeinetan omenaldiak eskaintzen zaizkion une horietan nolabaiteko erritual batzuk jarraitzen diren. Bilboko Udalaren sariak dira horren lekuko: Unamuno, Blas de Otero eta Aresti sariak».

Poema zehatzak eta Bilbo

Atalez atal, Arestirekin harremana duten hainbat gai jorratu ditu Amezagak. Euskara batuaren inguruko eta, zehazki, h hizkiaren gaineko duela 50 urteko eztabaida du mintzagai, besteak beste, Euskal kulturaren haratusteaz izeneko atalak. Amezaga: «Nik uste dut h-aren kontuak islatzen duela zenbateraino egokitu zitzaion euskararen modernizazioa literaturari». Beste atal batzuetan, Arestiren poema jakin batzuk ere hartu ditu ikerketagai, hala nola Nire aitaren etxea ezaguna. «Poema hori, [Ernesto] Laclau eta [Chantal] Mouffek, populismoaren gainean egiten duten gogoetan, adierazle higikor gisa aztertzen dute; adierazle higikorra da errepikatu egiten den adierazle bat delako, baina segun eta nork, nola eta zein testuingurutan errepikatzen den, esangura bat edo beste izan dezake». Poema hori aztertzen duen atalean egileak aipatzen duenez, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira «toki batean eta bestean poema etengabe» agertzen zela ikusi zuen, eta «poemaren irakurketen bitartez euskal nazionalismoaren barruan egon zen hegemonia norgehiagoka» uler daitekeela.

Liburuaren beste dimentsioetako bat, Amezagaren iritziz, Arestiren eta Bilbo hiriaren arteko loturei dagokiena litzateke. Bi ardatz ditu, poemen bidez, lotura horiek aztertzen dituen atalak: Euskalduna ontziolaren itxiera eta Guggenheim museoaren irekiera. Lehenari dagokionez, esan du une horretatik aurrera Aresti Zorrotzako portuan aldarrika eta halako poemekin ekarri izan dela gogora. Guggenheim museoari dagokionez, Amezagaren ustez, «Aresti hor, euskal kulturako totem bat izateaz gain, brand bat, marka irudi bat bihurtzen da; ez da Guggenheimen pareko, ez du turistarik ekartzen, baina nolabaiteko konpentsazio sinboliko bat ematen da Guggenheimen eta Aresti, Unamuno eta Oteroren artean».

Tesian jasotakoak «leunduz», lan dibulgatzaileagoa eta «oso interesgarria» osatu du Amezagak, Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editorearen iritziz —Arestiri buruzko tesia egin zuen berak ere—. «Arestiren alderdi asko aztertzen ditu, bai literarioa, noski, bai bere bizitza eta ibilbide politiko gatazkatsua, bere bilakaera, lagunak, kontrarioak... Bazituen lagunak, baina beste jende askok bizkarra eman zion, baita berak asko maite zituenek ere». Liburuak egiten duen ekarpenik interesgarrienetako bat, Aldekoaren ustez, auzia ikuspegi soziologikorik aztertzea da, «musika mundutik, Bilboko Udaletik, hirigintzatik... Nola jasotzen, erabiltzen edo omentzen den, edo zein leku betetzen duen Arestik Bilbon gaur egun». Editorearen hitzetan, «garai batean mundu guztiak Arestiren kontra egin zuen, baina gaur egun mundu guztiak aldarrikatzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.