Albistea entzun

Esploratu gabeko lurretan

Gatibu musika taldeak 'Azken indioak' zortzigarren lana kaleratu du. Zazpi abesti bildu dituzte diskoan. Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztuko dute lana, hilaren 8an
Diskoaren aurkezpena baino lehen, performancea egin zuten Gatibuko taldekideek Aiora Sedano aktoreakin batera, Arriagatik Bira kultur elkartera.
Diskoaren aurkezpena baino lehen, performancea egin zuten Gatibuko taldekideek Aiora Sedano aktoreakin batera, Arriagatik Bira kultur elkartera. M.RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko abenduak 1 - Bilbo

Bestelako doinuen bila aritu da Gatibu musika taldea, eta Ozeano Atlantikoaren beste aldera jo du horretarako. AEBetako indiarren azalean euskaldunak jarrita otu zitzaien lan berriaren izena: Azken indioak. «Tipifikatu gabe, baina Europako azken indioak gara gu ere. Azkenak gara, eta lehenak ere bai, aurrera begira dagoen herria garelako». Texasen grabatu dute diskoa, eta orain arte aurkitu ez dituzten doinuekin egin dute topo han, taldekideen esanetan. Oraingo lana «bestelakoa» dela dio Haimar Arejita gitarra jotzaileak, eta gogoeta ere egin dutela. Diskoari izena ematen dion ideian egin du indar. «Gure kulturak baditu gabezia batzuk, eta, tristea bada ere, alerta apur bat dugu beti. Egoera horri esperantza eman nahi diogu guk. Alaitasunez eta energiaz, irribarre bat erakutsi; betiere, gogoeta alboratu gabe. Azken indioak gara bai, baina borrokatuko gara gure kulturak aurrera egin dezan». Atzo aurkeztu zuten lan berria, Bilboko Bira kultur gunean. Aurkezpenera, baina, kalejiran iritsi ziren taldekideak. Zaleak batzeko performancea egin zuten Arriaga Plazatik, Aiora Sedano aktorearen laguntzarekin.

Zortzigarren lana badu ere, «toki ezezagunen bila» jarraitzen du Gatibuk, Arejitaren arabera. «Aurretik aurkitu ez ditugun tokiak bilatzea da, beti, gure asmoa. Badakigu nondik gatozen, baina gustuko dugu leku ezezagunetara joatea; ahalik eta gauza gutxiena errepikatzea». Musikalki ez eze, fisikoki ere ezagutzen ez zuten toki batera jo dute horretarako: Texasera joan dira diskoa grabatzera. «Aurretik erabilitako lan egiteko moduarekin hautsi nahi genuen. Betiko tokietan eta betiko jendearekin lan egiteak antzeko emaitzak jasotzea dakar maiz, eta jauzi bat behar genuen bestelakoa den zerbait sortzeko».

Ozeanoaren beste aldean aurkitu dute Azken indioak lana osatzen duten zazpi abestiak ontzeko argialdia; Sonichranch estudio famatuan, zehazki. «Estudio puska bat da, Musikarien Disneyland». Hamar eguneko egonaldia egin zuten han. «Ikastaro trinkoaren antza izan du grabazio prozesuak. Hamar egun egin genituen musikaren jiran, elkarrekin, jardun horretan guztiz kontzentratuta».

Grabazio tokiaren eragina

Taldekide guztiek aitortu dute Sonichranch estudioan grabaketak egin izana oso berezia izan dela. «Milaka tresna dituzte han gordeta», azaldu du Arejitak. Estudioan gordeta zegoen Stevie Ray Vaughan estatubatuarraren gitarra bat erabili du, kasurako, Gatibuko gitarra jotzaileak. «Madonnak erabilitako nahasketa mahaia ere bazegoen. Sona handiko musika taldeak igaro dira Sonichranch estudiotik, eta, apur bat fetixista badirudi ere, oso berezia izan da guretzat». Gaizka Salazar bateria jotzailearen hitzetan, motibaziorako aldagaia izan da. «Han zituzten tresnak erabili ditugu, eta soinuetan ere nabari da eragin hori».

Santi Garcia ekoizle katalanaren laguntza ere izan dute, eta haren parte hartzea erabakigarria izan dela azaldu du Arejitak. «Kantuetan esku hartu du, eta emaitzan nabaritzen da». Aitortu du orain arteko lanetan ez dutela kanpotik horrenbesteko eraginik izan. «Guk egin izan dugu dena, eta Santiren laguntzak doinuak ere aldatu ditu. Hartuko ez genituen bideak hartzen lagundu digu, eta iritsi gara bere esku hartzerik gabe inoiz iritsiko ez ginen tokietara. Arriskatu dugu, eta hor dago emaitza». Haizeen presentzia da aldaketarik nabarmenena: saxoa eta tronpeta sartu dituzte diskoaren bi abestitan.

Alex Sarduiren hitzetan, gai «freskoak eta egunerokoak» landu dituzte disko berrian. «Letrak egitea abentura bat izan ohi da guretzat. Azken unean ibili gara diskoa grabatzen, eta letrekin ere hala gertatu zaigu, azken momentuan ibili gara hitzekin bueltaka». Gelditu zaitez diskoaren lehen abestia aipatu du. «Erriberarekin gogoratu gara, eta abesti bat idatzi diogu». Emaitzarekin pozik azaldu da Sardui.

Diskoaren izenean geldialdia egin du taldeko abeslariak. «Azken indioak gara, bai, baina edonora iristeko gaitasuna dugula aldarrikatu nahi dugu gure lanarekin. Bagara nor». Bat egin du Arejitak, aldamenetik. «Hausnarketa egin nahi dugu, baina ez atzera begirakoa soilik. Europako indiorik zaharrenak gara, baina ez gara atzerritarren kontsumorako produktu exotiko bat. Ez dugu museoetan gordetzen den hizkuntza bat izan nahi, ezta Basque Culinary Centerreko plater baten izena ere. Katebegia izan nahi dugu, etorkizunean ere, kulturaren transmisioak aurrera egin dezan».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Bost hilabete iraun ditu gidoilarien grebak. / ©Etienne Laurent / EFE

Hollywoodeko gidoilariak aurreakordio batera iritsi dira

Isabel Jaurena

Akordioa onartzen duten ala ez erabakitzeko bozketa eginen dute bihar, eta 11.500 gidoilarik bozkatuko dute. Bitartean, WGA sindikatuak adierazi du inor ezin dela lanera itzuli. Aktoreak greban daude oraindik ere.

 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Zer falta zen emakumeak ez zeudelako kameren atzean?»

Itziar Ugarte Irizar

Euskal emakume zinemagileen lanaren gaineko zeharkaldi bat osatu dute Gaztelumendik eta Zufiak 'Arnasa betean' dokumentalean. Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute, asteartean.

<b>Christos Nikou zuzendaria, atzo, Donostian.</b> ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Maitemina ehunekotan

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

'Fingernails' aurkeztu du Christos Nikouk lehiara, eta 'Kalak' Isabella Eklofek. 'They Shot The Piano Player' animaziozko filma, berriz, lehiaz kanpo erakutsi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...