Durangoko 53. Azoka. Musika

Paisaiak lanbroaren geruzetan

Montauk taldeak ibilbideko bigarren lana argitaratu du: 'Geruzak'. Giroa nabarmentzen duen rocka egiten dute, pop eta elektronika ukituekin. Literaturaren eragina dute hitzek
Montauk taldeko kideak. Ezkerretik eskuinera: Beñat Goitia, Gorka Etxebarria, Urko Urzelai eta Aitor Garcia de Bikuña.
Montauk taldeko kideak. Ezkerretik eskuinera: Beñat Goitia, Gorka Etxebarria, Urko Urzelai eta Aitor Garcia de Bikuña. MONTAUK

Aitor Biain -

2018ko abenduak 7
New York ondoko hiriburu baztertu bat izan daiteke Montauk. Izan daiteke Max Frischen nobela edo Ramon Saizarbitoriaren Martutene. Baina Montauk izan daiteke, era berean, hartzak hotzez hiltzen diren lur izoztua, estalperik gabeko etxea, edo Berlin argiak itzaltzen direnean. Geruza asko ditu Montaukek, eta horietako batzuk bildu ditu Gasteizko laukoteak bere ibilbideko bigarren diskoan. Geruzak izenpean kaleratu dute lana, nola ez (Erraia).

Zazpi geruza ditu diskoak aurreneko ikustaldian, baina kontaezinak dira belarrian. Rocka, popa eta doinu elektronikoak nahasten dituzte, baina, batez ere, «giroa nabarmentzen duen rocka» egiten dute, Beñat Goitia abeslari eta gitarristak nabarmendu duenez. «Susmoa dugu aurreko diskoak kutsu amerikarragoa zuela, baina honetan ukitu ingelesago bat egon daitekeela; apur bat ilunagoa edo lainotsuagoa, nolabait esatearren». 2016an kaleratu zuten laukotearen estreinako lana izan zena: Bilaketan. Harekin alderatuta, «aurrerapauso» bat egin dutela aitortu du Goitiak, nola soinu aldetik hala estetikari dagokionez ere. «Jakin dugu islatzen modu zuzenago eta zehatzago batean buruan genuen atmosfera hori guztia».

Sintetizadoreek eta elektronika elementuek borobildu dute diskoa, hein batean. Horri esker lortu baitute «goxotasuna eta intimitatea» ematea abestiei. «Konturatu ginen gitarra soil batekin batzuetan ez zela posible hori gorpuztea; beraz, beste instrumentu bat, beste espazio bat, bilatu behar izan dugu horretarako». Estudioan erantsi dizkiote kantu bakoitzari gainerako geruzak; bata bestearen gainean jarri eta geruza bakarra sortuz.

Baina bada alderik geruza baten eta beste baten artean. Geruza batzuek kutsu «tradizionalagoa» dute, eta beste batzuk, aldiz, «modernoagoak» dira. Goitiak tradizionalagotzat jotzen ditu, esaterako, Geruzak edo Garaitu nazazu. Aurreko diskoarekin antzekotasun handiagoa dituzten kantak dira, haren hitzetan. Bestelakoak dira Itzali da Berlin eta Entzun esan zenidan, bai intentsitate aldetik, bai erritmo aldetik. «Hala ere, uste dut badela disko bat entzun daitekeena hasieratik amaierara; baduela zentzu bat bere osotasunean».

Gasteizen grabatu zuten diskoa, etxean, Jimmy Jazz aretoan, eta Sagastume anaien gidaritzapean. «Haiek proposatu ziguten, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Uste dut asmatu dugula etxetik gertu grabatzeak dituen abantailez baliatzean. Hurbilekoak izateak ere lagundu digu, bost egunetan grabatu baikenuen guztia, horrek dituen muga guztiekin». Autoekoizpena da, baina Erraia zigilupean argitaratu dute. Orain urte eta erdi inguru sortu zuten diskoetxea, Joseba Baleztena eta Izaki Gardenak taldearekin batera. Erraiaken eraginaren ondorioetako bat izan da, hain zuzen ere, Izaki Gardenak taldeko Jon Basagurenek eta Libe Garcia de Kortazarrek diskoan parte hartu izana. «Elkarrekiko hurbiltasun horrek eraman gaitu Jonen ahotsa eta Liberen ahotsa zein teklatua erregistratzera».

Taldekide aldaketa ere izan dute aurreko diskoa kaleratu zutenetik. Izan ere, Beñat Goitia, Aitor Garcia de Bikuña eta Gorka Etxebarria hirukotearekin batera, Urko Urzelai aritu da baxuan Goio Askartzaren ordez.

Literaturaren eragina

Taldearen izenak dagoeneko agerian uzten du literaturak Montauk taldearentzat duen garrantzia. Eta hala islatzen da abestien hitzetan ere. «Rock literarioa egiten dugula ere esan izan dugu». Goitiaren ahots leunak ia errezital bilakatzen baititu hitzak doinuen azpian, atmosfera berezi bat sortuz. «Halakoetan berebiziko garrantzia dauka hitzak; ongi landu eta zaindu beharrekoa dela iruditzen zait, eta hala egin dut».

Maiz errepikatzen dira hainbat gai diskoan: zalantzak, kezkak, beldurrak izan daitezkeenak, baina sortu nahi den giroarekin lotura zuzena dutenak. «Paisaia asko Europa iparraldeko herrietan kokatu ditut, eta irudikapen horrek ematen die hoztasun edo zuritasun kutsu bat abestiei».

Geruzaz geruza osatu dute diskoa, eta orain geruza horiek guztiak zuzenekora nola eraman aztertzen ari dira. Estudioko lana ondu baitute, entzuleak bere osotasunean diskoan soilik entzungo duena. Horrek ez du esan nahi, halere, atmosfera hori zuzenekoan ere gozatzeko aukera egongo ez denik. «Diskoan izan ditzakezu nahi adina geruza, baina zuzenekoan zortzi beso ditugu guztira; aukeraketa bat egin beharko dugu. Uste dut zuzenekoa gordinagoa izango dela, distortsio eta indar handiagokoa».

KONTZERTUAK

Gasteiz. Abenduaren 23an, Oihaneder Euskararen Etxean.

Urretxu. Abenduaren 29an, Gaztetxean.

Oñati. Urtarrilaren 4an, Gaztetxean.

Iruñea. Urtarrilaren 26an, Indaran.

Durango. Otsailaren 8an, Plateruenan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna