Aisia arautzen duen dekretua indargabetzeko eskatu du Arteak Irekik

Tabernetako eta areto txikietako ikuskizun kopurua mugatuko du Eusko Jaurlaritzaren testuak. Kulturgile eta ostalariak arauaren aurka batu dira Arteak Ireki plataforman

Arteak Ireki plataformako kideak Eusko Legebiltzarraren aurrean batu ziren atzo, musika lagun zutela. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Gasteiz
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Otsailaren 5ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak ikuskizun publikoak eta aisialdi jarduerak arautzen dituen dekretua, eta hautsak harrotu ditu hainbat kulturgile eta ostalariren artean. Onartutako arauen artean, besteak beste, taberna eta areto txikien jarduerak antolatzeko gaitasuna mugatzen duena dago: gehienez, hilean bi ekitaldi egin ahalko dituzte, eta urtean, hamabi. Hainbat kulturgile eta ostalari Arteak Ireki plataforman batu dira neurrion aurka egiteko. Dekretua indargabetzeko eta negoziazio prozesu bat zabaltzeko eskatu dute.

Kezka hedatu da araudiak zuzenean eragingo dienen artean; hots, tabernari eta kultur eragileen artean. «Ostalaritzaren sektore handi bati egingo dio kalte, eta kultur eragile guztiek sufritu beharko dute zentzugabekeria hori», azaldu du Miren Narbaizak, Arteak Ireki plataformaren izenean. Dekretuak ekar ditzakeen ondorioak salatu dituzte. Izan ere, urte osoko programazioan eragiteaz gain, udako zuzeneko emanaldiren bat bertan behera uztea eragin dezake, baita herriko jaietakoren bat ere. «Zer gertatuko da Gasteizko Jazzaharrean edo Zornotzako Haizeetara jaialdiekin?», galdetu du Narbaizak.

Dekretuaren eragin eremua ez dela musikan bakarrik geratuko ohartarazi dute. «Mugak ikuskizun eta aisialdi ekintzei eragiten die, gehiago zehaztu gabe», nabarmendu du Narbaizak. «Eragin diezaieke antzezlanei, bertsolariei, DJ saioei eta erakusketei. Gerta liteke eliza atarietako abesbatzen emanaldiak ere gutxiagotan egin behar izatea».

Testuingurua aldatu nahian

Horiek horrela, dekretua bertan behera uzteko eskatu du Arteak Ireki plataformak, baita negoziazio mahai bat martxan jartzeko ere. «Batu egin behar dugu Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza politiko guztiek, ostalaritzako enpresariek eta kultur eragileek». Negoziazio mahai horrek, plataformaren ustez, Euskal Herriko kultur ehuna eta hori sustatzen duten espazioak babestea izan beharko luke helburu.

Araudia aldatu ez ezik, beste bat lortu nahi dute formatu txikiko arte eta musikarentzat, eta beste kategoria bat sortzea defendatzen du plataformak: Kultur Espazioen kategoria. «Edukiera txikiko kultur espazioak babesteko ezinbesteko pausoa da». Bartzelonak Udalak ezarritako araudia jarri dute adibide: «Zuzeneko emankizunak bultzatu nahi ditu, urtean, gutxienez, 40 izateko».

Beharrezkotzat jo dute espazio txikiak babestea, finean, oholtza gainean lehen urratsak egin nahi dituzten sortzaileentzat beharrezko guneak direlako. «Denak, hasi Evaristotik eta Benito Lertxundi edo Anarira, La Oreja De Van Goghetik Berri Txarrak-era, denak hasi ziren tabernetan». Salatu dute Eusko Jaurlaritzarengatik balitz The Beatles taldea ere ez litzatekeela existituko, taberna batean hasi baitzuten beren bidea haiek ere.

Dekretuak kezka eragin badie, emanaldi kopurua mugatzearen neurriagatik eragin die, batez ere. Begi onez ikusi dute, esaterako, aisialdiko jarduerak auzokideekin adostea. «Atezainei edo segurtasunari buruzkoak arautzea ez dugu kritikatzen. Baina zer zerikusi dauka horrek urtean egin daitezkeen zuzeneko emanaldi kopuruarekin?».

Plataformak manifestu bat plazaratu du, eta jadanik kulturaren munduko 2.000 pertsonak baino gehiagok babestu dute; besteak beste, Anari Alberdik, Gorka Aginagaldek, Maite Arroitajauregik, Imanol Marrodanek, Jon Basagurenek, Oihane Pereak, Txerra Bolinagak, Fermin Muguruzak eta Enrique Villareal Drogas-ek. Aldarriarekin bat egiteko deia, baina, gizarte osoari egin diote.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari, Bingen Zupiria sailburuari eta udaletako kultura zinegotziei, berriz, auziari buruz duten iritzia emateko eskatu diete, plataformaren hitzetan, haiek bultzatzen dituzten planen kontra egiten duelako dekretuak. «Ezin dugu kultura arazo moduan ulertu. Kulturatzat museoetan, erakusketa geletan eta ikuskizun komertzialetan dagoena besterik ez badute hartzen, gobernu honek kultura zer den ez dakiela erakusten digu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.