Soularen ahots nekaezinak

The Cookies, The Dixie Cups eta Winfield Parker ariko dira, besteak beste, Mojo Workin' jaialdiaren hamargarren aldian. Etzira arte, musika beltza izango da nagusi Donostian

The Dixie Cups, Thelma Jones, Winfield Parker eta The Cookies, hurrenez hurren, atzoko aurkezpenean, Donostiako Dabadaban. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Agertokira igo aurretik ere, estiloa ekarri dute Donostiara Mojo Workin' musika jaialdian parte hartzera etorritako musikariek. Jantzi eta orrazkera zainduekin aurkeztu zituzten euren burua eta jaialdiaren aurtengo edizioa, atzo goizean, Dabadaba aretoan. «Gure garaiko musikariok ondo janzten ginen, estilo handia genuen. Ikusi besterik ez dago nolako musika egiten den gaur egun, eta nola janzten den jendea», esan zuen Winfield Parker musikariak, barre artean. Aurtengo jaialdiko izarretako bat da, nahiz eta rhythm and bluesaren izen handiz inguratuta egon.

Hamargarren edizioa du Mojo Workin' jaialdiak, eta hura antolatzen duen Gure Gauza elkarteko kide Arkaitz Kortabitartek esan zuen «urtemugaren neurrira egindako egitaraua» prestatu dutela. Horren erakusle, lau egunera luzatu dute musika eskaintza; iazko egunak halako bi.

Atzo abiatu zen jaialdia, GastroMojo izeneko egitasmoarekin. Reggae musikak ireki zuen bidea, baina, datozen egunetan, rhythm and blues eta soul doinuak izango dira nagusi. Gaur eta bihar iluntzean Egiako Gazteszena aretoan egingo dituzten kontzertuak dira jaialdiko ekitaldirik garrantzitsuenak. Biharko ez dago sarrerarik, eta gaurkoak ere bukatzear daude dagoeneko.

Jaialdiaren karteleko protagonistak AEBetako musika beltzaren beteranoak dira: The Cookies, The Dixie Cups, Thelma Jones eta Winfield Parker. Guztiak «gogotsu» eta «hunkituta» daude kontzertuetarako, eta denek asmo bera azaldu dute: gozatzea eta gozaraztea. New Orleanseko The Dixie Cups taldeko Barbara Ann Hawkins kideak aurkezpenean esan zuen haien asmoa entzuleek haiekin batera kantatzea dela. Ikusmira handia eragin du taldeak bihar egingo duen emanaldiak: «Second line bat zer den erakutsiko diegu». New Orleanseko brass banden atzean sortzen den giroa bilatuko du Hawkinsek berak, Athelgra Nevillek eta Rosa Lee Hawkinsek osatutako hirukoteak.

Entzuleek zer espero dezaketen galdetu zietenean, taldekideek erakutsi zuten fardela goraino beteta etorri direla. Soinean zeramatzaten eurek sinatutako zapi bat, garai bateko argazkiak eta taldearen disko batzuk: «Diskoak ekarri ditugu, kamisetak, argazkiak...». Musikari guztiek esan zuten kontzertuen ostean ez dela faltako salmentarako materialik.

The Dixie Cups 1960ko hamarkadako rhythm and soul eta pop talde bat da, eta sekulako arrakasta lortu zuten Chapel of Love, People Say eta Iko Iko kantuekin, besteak beste.

Bihar, taldearekin batera ariko da Thelma Jones abeslaria. Hark ere 60ko hamarkadan abiatu zuen musika ibilbidea, New Yorkeko Barry! diskoetxe ezagunean. Hango ekoizle baten bidez ezagutu zuen Jonesek Big Maybelle, rhythm and bluesaren ahots ezagunenetako bat, eta haren mentore bilakatu zen azkenean. Abesti arrakastatsu asko kantatu izan dituen arren, sekula ez du berebiziko sonarik lortu nazioartean. Horren adibidea da The House That Jack Built abestia. Jaialdiaren aurkezpenean Jonesek berak gogora ekarri zuen moduan, hark grabatu zuen kantua aurrenekoz, eta Aretha Franklinen bertsio bat egin zen ezagun gero; «ohorea», Jonesentzat.

Garai batekoaren alde

Biharko emanaldien kalitatea ez da nolanahikoa, baina gaurkoek ere lortuko dute Gazteszenan elkartutako musikazaleen gorputzak mugiaraztea. 1960ko hamarkadako beste girl group ezagun bat arituko da: The Cookies. 50eko hamarkadaren erdian sortu zuten taldea, baina jatorrizko kide batzuk Ray Charles musikari ezagunarekin hasi ziren lanean, Raelettes izena hartuta. Orduan, Dorothy Jonesek berriro osatu zuen The Cookies, Earl-Jean Reavis eta Margaret Rossekin.

Taldearen bigarren aro horretan grabatu zituzten Chains eta Don't Say Nothing Bad (About My Baby) kanta arrakastatsuak, besteak beste. «Oso hunkituta» hitz egin zuen Rossek, harentzat berezia baita AEBetatik kanpo aritzea haien musika zabaltzen. Abeslariak esan zuen taldearen errepertorioko kantarik garrantzitsuenak joko dituztela.

Gizonezko abeslari bakarra zegoen aurkezpenean, erdi-erdian eserita: Winfield Parker. Hark ere gaur kantatuko du. Baltimoren jaio zen, eta gazte abiatu zuen musikari ibilbidea. Hainbat artista handiren bandetan jo izan zuen; Little Richarden taldean saxofoi jotzaile aritu zen, esaterako. Azkenean, besteen proiektuetan lan egiteari utzi, eta bakarkako bideari ekin zion. Estilo handiko frontman-a da Parker: «Musika afro-amerikarraren altxor ezkutua», jaialdiaren antolatzaileen hitzetan.

1960ko eta 1970eko hamarkadetako abestirik adierazgarrienak kantatuko ditu, energia biziarekin. Garai hartako musika goraipatu zuen aurkezpenean: «Orduko musikak esanahia zuen, zerbait esateko sortzen zen». The Dixie Cups taldeko Rosa Lee Hawkinsek ere egin zuen orduko musikaren alde: «Garai bateko musika esaten zaio, baina hor harmonia bat dago, belaunaldiz belaunaldi igaro dena. 50eko eta 60ko hamarkadan, musikariak elkartzen ziren zuzenean musika sortu eta elkarrekin gozatzeko».

Garai bateko AEBetako musikarien aldamenean, inguruko talde gazteagoak ariko dira Mojo Workin' jaialdian: gaur gauean, Bilboko Akatz taldeak ukitu jamaikarra jarriko du Gazteszenan, eta bihar, berriz, Donostiako Big Bob Railroad ariko da, blues eta folk doinuekin. Igande eguerdian amaituko da jaialdia, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan: Donostiako Mojo Hand blues taldeak emango du kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.