Zientzia. Iñigo Olalde. Genetikan ikertzailea

«Gaurko euskaldunak eta Burdin Arokoak oso antzekoak dira»

Harvardeko Unibertsitatetik Olaldek zuzendu duen ikerketa batek hautsak harrotu ditu azken egunotan. Iberiar penintsularen historia genetikoa aztertu dute, eta Euskal Herriaren eta euskararen historiarako ondorio interesgarriak atera dituzte.

«Gaurko euskaldunak eta Burdin Arokoak oso antzekoak dira».
Edu Lartzanguren.
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Iñigo Olaldek (Gasteiz, 1987) biologia eta biokimika ikasi zituen Nafarroako Opus Deiren unibertsitatean, eta Genetika Aurreratuan sakondu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Harvardeko (AEB) Medikuntza Fakultatean dago 2016tik, doktoretza ostekoa egiten. Hango David Reichekin batera, Iberiar penintsulako azken 8.000 urteko historia genomikoa ikertu du. Historia eta DNA gurutzatzen diren ikerketak maite ditu zientzialariak.

Zergatik da bereziki interesgarria Iberiar penintsularen biztanleen historia genetikoa?

Bi gauzengatik: Europako hego-mendebaldeko ertzean dago, eta Europan sartu diren giza migrazio mugimendu asko kontrako aldetik sartu izan dira, hau da, ekialdetik. Horregatik interesgarria da ikustea talde horiek nola eragin duten azken muturrean. Bigarren arrazoia: Afrikatik gertu dagoenez, ikus daiteke zelako mugimenduak izan diren handik, eta zein garaitan.

Euskara eta euskaldunak mapa horretan egoteak akuilatu egin zaituzte?

Bai, noski. Euskara da Europako mendebaldeko hizkuntza ez-indoeuropar bakarra, eta urte luzez egon da eztabaida euskaldunen jatorriaz. Iberiar penintsulako DNA aztertzeak beste ikuspegi bat ematen dizu, zergatik dugun indoeuroparra ez den hizkuntza bat azaldu ahal izateko, Europako gainerako lekuetan hori horren arraroa baldin bada.



Duela milaka urteko gorpuzkietatik ateratako DNA eta gaurko populazioena parekatu dituzue. Posible al da historia genetiko koherente bat egitea horrenbesteko denbora tarte baterako?

Guk lehen aldiz argitaratu duguna antzinako genomak dira. Ikerketan jende modernoaren analisiak sartu ditugu, baina horiek dagoeneko argitaratuta zeuden beste hainbat artikulutan. Antzinakoak edo modernoak, azken batean DNA da, genoma bera da. Noski, genoma zaharrak oso degradatuta daude, eta askoz zailagoa da haiek lortzea.

Joxemiel Barandiaran antropologoak XX. mendearen hasieran eginiko ikerketetatik ondorioztatu zuen euskalduna bertan eboluzionaturiko cro-magnonen aldaera zela. Genomak bestelako historia kontatzen du?

Aspaldiko garai hartan DNA zer zen ere ia ez zekiten. Hipotesiak aztarna arkeologikoetatik egin behar ziren, eta ondo daude, baina aztarnok ez dizute ematen bi giza populazioen arteko harreman biologikoen froga zuzenik. Ikusten baduzu une batean kultura berria agertu dela eskualde batean, orain arte ez zenekien hala ote zen jende berria heldu zelako, edo bertakoen eboluzio kulturala izan zelako. DNA zaharrarekin, orain badugu jakiterik, populazioak pareka ditzakegulako, eta ikusi aurrekoen ondorengoak ote diren, edo beste norbaitenak.

Atera duzuen ondorioetako bat oso deigarria da: Kristo aurreko 2500. eta 2000. urteen artean, orain batez ere Errusia den estepako gizonezkoak heldu ziren Iberiar penintsulara —baita Euskal Herrira ere—, eta bertako gizonezkoen DNA ordezkatu zuten. Asko espekulatu da: gizonezkoen genozidio bat izan zen? Bertako emakumezkoek nahiago izan zituzten etorri berriak ugaltzeko?

Datu genetikoekin, bakarrik jakin daiteke hori gertatu egin zela. Baina aldaketa genetiko hori eragin zuten prozesu sozialak ezagutzeko, askoz gehiago ikertu beharko da arkeologian, antropologian, edo antzinako DNAren lagin gehiagorekin. Oraingo datuekin, ez daukagu argi, hainbat hipotesi posible daudelako: sinplistena da kanpoko gizonezkoak heldu zirela eta bertako guztiak hil zituztela. Baina beste batzuk ere badaude: kanpoko klan horiek maila sozial askoz altuagoa izango zuten, eta haien semeek jasoko zuten gero haien aberastasuna eta estatusa. 400. eta 500. urteen artean, belaunaldiz belaunaldi askoz ondorengo gehiago izango zituzten, eta, azkenean, bertako leinuak galdu zituzten. Ez da bertako gizonezkoak galdu zirela, baizik eta haien leinuak. Esaterako: nire birraitonak lau birbiloba izan baditu, eduki ditu ondorengoak; baina ondorengo horiek bere alabaren aldetik badatoz bakarrik, semeak ez zuelako haurrik izan, orduan, gizonezkoen aldeko ildoa edo leinua galdu da.

Kontuan hartu behar da orduan populazioak askoz txikiagoak zirela, eta gaur estatistikoki oso txikia izango zen aldaketa batek askoz eragin handiagoa izan zezakeela?

Noski. Ez dugu datu fidagarririk orduko populazioen tamainez. Baina argi dago orain baino askoz txikiagoak zirela. Halako eragina izateko gaur Iberiar penintsulan, milioika pertsona sartu beharko lirateke.

Gainera, oso prozesu luzea izango zen.

Ikusi dugu Kristo aurreko 2500. urtean hasi zirela heltzen arbaso ezberdineko jende hori; gero 500 urtez ikusten dugu bi genetikako jendea bazegoela elkarrekin bizitzen eta nahasten. Baina, Kristo aurreko 2000. urtetik aurrera, ikusten dugu jendeak bi populazioen genetika duela, baina bakarrik kanpotarrena aiten aldetik.

Bigarren ondorio deigarria: gizonezkoen kolonizazio horren ondoren, Euskal Herrian, Iberiar penintsulan ez bezala, ez zen beste kanpoko eragin handirik egon. Burdin Arotik hemen populazioa ez zela aldatu esan nahi du horrek?

Gaurko euskaldunak eta Burdin Arokoak —Kristo aurreko 900. urtea eta erromatarren konkistaren artean— parekatzen badituzu, oso antzekoak dira, arbasoei dagokienez. Baina euskal eremutik kanpoko herritarren arbasoak azaldu behar baditugu, geruza genetiko gehiago behar ditugu, azken urteetan heldurikoak: feniziarrak, kartagoarrak, erromatarrak, bisigodoak... Horiek asko eragin dute Iberiar penintsulan, baina askoz gutxiago euskal eremuan.

Alde horretatik, Europako egoerak, oro har, zeren antz handiagoa luke: Iberiar penintsulakoarena edo Euskal Herrikoarena?

Zaila da esatea. Izan ere, gure ikerketa bakana da: azken 4.000 urteko lagin trinkoa aztertu dugu; Europako gainerako lekuetan, ordea, antzinako DNA berreskuratzeko teknologia berri hau heldu denetik, ikertzaileek garairik zaharrenak aztertu dituzte —Mesolitoa, Neolitoa—, ezezagunenak zirelako. Azken 4.000 urteak gutxi ikertu dira. Gure berrikuntza horretan datza: Neolitoko populazioak gaur artera lotu ditugu, horregatik ikus dezakegu horren ongi euskaldunen kontu hau.

EHUko Iranzu Guede ikertzaileak otsailean argitaratu zuen ikerketa bat, isotopoetan oinarriturikoa. Ondorioztatu zuenez, Erromako inperioa amildu osteko inbasio barbaro deiturikoen garaian, Euskal Herrian ez zen populazio mugimendurik egon. DNArekin egin duzuen azterketak hori baieztatzen duela esan daiteke?

Bai. Euskal eremuan oso argi ikusten da oso genetika berri gutxi sartu zela. Katalunian, ordea, arkeologoek bisigodo gisa sailkaturiko aztarnategiak ditugu, eta baieztatu egin dugu haiek populazio ustez barbaro haien arbaso horiek bazituztela. Halere, ikusi dugu ez zutela eragin handia izan populazio orokorrean; beharbada, elite menperatzailea zirelako, baina oso gutxi, populazio aldetik. Euskal Herrian ez da aztarna bisigodo hori ikusten.

Hipotesi baten arabera, Estepa Pontikoko gizon horiek ekarri zituzten Europara hizkuntza indoeuroparrak. Zuen ikerketan bada zerbait ulertzen laguntzeko zergatik ez zuten lortu hizkuntza ezartzea Euskal Herrian, nahiz eta DNAn eragina izan?

Iberiar penintsulan iberoa ere bazegoen erromatarren aurretik, eta ez zen hizkuntza indoeuroparra. Suposatzen badugu iberoa eta euskara zeudela penintsulan Neolitoan, argi dago jende horrek ez zuela lortu hizkuntza ezartzea gune guztietan. Ez dakigu zergatik. Euskara, iberoa eta beste hizkuntzak bereizten dituena zera da: beste eleak erromatarrengatik galdu ziren, baina euskarak azken 2.000 urteak gainditu ditu. Edonola ere, hau guztia hala da suposatzen badugu estepako haiek ekarri zituztela hizkuntza indoeuroparrak. Baina berdin pentsa dezakezu estepako haiek ekarri zutela euskara; ez zutela denek hizkuntza bera egiten. Ezin da baztertu, baina oso zaila da jakitea idazkirik ez badago.

Gaian sakontzeko beste ikerketa ildorik badaukazue mahai gainean?

Garai guztietako laginak erabili ditugu, baina garai eta eremu batzuetako gutxiago daude. Gero eta lagin gehiago aztertu, orduan eta gehiago egin ahalko dugu aurrera. Baina hori ez da bakarrik genetikatik etorriko: arkeologiak asko du esateko, baita linguistikak ere.

Ondorio gordin gisa esan daiteke europar guztiak Errusiako estepako kumeak direla, aiten aldetik behintzat, eta euskaldunak nabarmenago?

Duela hamarkada gutxi horren argi ikusten ez zen gauza bat dakigu orain: Europako gaurko populazioak oso berriak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.