Agertoki gaineko mitoak

The Beach Boys, Ben Harper, Suzanne Vega eta Paul Collins ariko dira, besteak beste, BBK Music Legends jaialdian, Sondikan. Gaur eta bihar egingo dute rock eta blues festa

The Beach Boys taldeko kideak, agertokian: Bruce Johnston eta Mike Love, hurrenez hurren, 2017an Berlinen emandako kontzertu batean. CLEMENS BILAN / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Jaialdiaren izenak berak aitortzen die pisua kartela osatzen duten musikariei. Mitoen mailara eraman dituzte nazioarteko zenbat izen handi, baina proposamen berriagoei ere egin diete tartea BBK Music Legendsen. Gaur eta bihar egingo dute jaialdia, Sondikako Ola zentroan (Bizkaia).

Jaialdiak laugarren aldia du, eta aurtengoan The Beach Boys, Ben Harper & the Innocent Criminals eta Suzanne Vega ariko dira zuzenean, besteak beste. Nazioarteko izen handiak dira gehienak, eta Euskal Herriko musikari batek ere parte hartuko du jaialdian: Anje Duhaldek emango du kontzertua gaur.

AEBetako soinuak izango dira nagusi lehen egunean. The Beach Boys rock taldea da kartelburua: ia 60 urteko ibilbidea dute, eta inoizko talderik arrakastatsuen eta goraipatuenetako bat da. 1960ko hamarkadan lortu zuen arrakasta, surf giroko musikarekin, eta 1966an egin zuten Pet Sounds disko ikonikoa. Alde bakoitzaren hasierako Wouldn't It Be Nice eta God Only Knows kantak dira egun hamarkada hartako melodiarik ezagunenetako bi.

Brian, Carl eta Dennis Wilson anaiek sortu zuten taldea, Mike Love lehengusuarekin eta Al Jardine lagunarekin batera. Love taldeko kidea da egun ere, eta Bruce Johnstonek 50 urte baino gehiago daramatza jotzen. Aldaketa ugari izan ditu taldeak.

Suzanne Vegak bakarka egin du bidea 1980ko hamarkadatik gaur egun arte. Duela hiru urte argitaratu zuen Lover, Beloved: Songs from an Evening with Carson McCullers bederatzigarren diskoa, orain arteko azkena. 1987koa da, berriz, Vegaren lanik ezagunena: Solitude Standing. Musikaria folk rockaren klasikoa bilakatu da denborarekin.

Garai hartan, The Beat taldearekin zebilen Paul Collins, eta horrela ariko da Sondikan ere, Paul Collins' Beat izenarekin. The Nerves hirukotearekin aritu ondoren sortu zuen Collinsek The Beat talde aldakorra. Bi disko atera zituzten izen horrekin, eta Paul Collins' Beat dira aspaldian. Indie rockaren ikono bilakatu zen taldea 1980ko hamarkadan, baina urte gutxiren buruan desegin zen, eta 2004an itzuli.

Egitaraua gaztetzen

Gaurkoa baino gazteagoa da biharko musika eskaintza. 49 urte ditu kartelburuak: azken 25 urtean instrumentu eta estilo ugari nahastu ditu Ben Harper kaliforniarrak. Rocka, bluesa, folka, rhythm and bluesa, reggaea eta soula darie haren hamalau diskoei. The Innocent Criminals bandarekin ariko da bihar; 2016an argitaratu zuen azken lana haiekin: Call It What It Is.

Steven Van Zandt musikariak ere emango du kontzertua bihar, Little Steven izenpean. Bruce Springsteenekin aritzen denE Street Bandeko gitarra jotzailea da, eta The Sopranos telesaileko aktorea, besteak beste. Bakarkako bidea Little Steven & The Disciples of Soul izenarekin abiatu zuen, dozena bat musikari baino gehiagoko taldeak lagunduta.

Atzoko eta gaurko musika elkartuko dira BBK Music Legendsen: Watermelon Slim gitarra eta harmonika jotzaileak emango dio blues ukitua egunari, bere 40 urteko ibilbidearekin. Gainontzekoekin alderatuta, talde gaztea da Kitty, Daisy & Lewis: duela hamabost urte besterik ez zen sortu. Iraganeko eragin nabarmena du: rockabillya, rhythm and bluesa eta rock-and-rolla jotzen dituzte. Haien diskoek berehala lortu zuten arrakasta Ingalaterran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.