Elkarri eutsi, irauteko

Mikel Lertxundi eskultoreak azken hiru hamarkadetan egindako 30 pieza ikusgai jarri dituzte Bilboko Rekalde aretoan. Urriaren 13ra bitarte egongo da zabalik
Zura, harria eta burdina uztartzen ditu Mikel Lertxundik bere obretan.
Zura, harria eta burdina uztartzen ditu Mikel Lertxundik bere obretan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko abuztuak 4
Lehen kolpean azaldu du Mikel Lertxundi eskultoreak (Berriatua, Bizkaia, 1951) bizi den tokiak marraztu duela bere mundu ikuskera. «Gure inguruan dena da materia; ukitzen dugun guztia materia da». Oinarri horretatik bere jarduna: zura, harria eta burdina uztartzen ditu Lertxundik lan guztietan. «Lurraren osagarriak dira hirurak». Natura irudikatu nahi duela dio; harekin harremanetan izan dituen bizipenei forma eman. «Niretzat eskultura egitea materialekin eta haien ingurunearekin elkarrizketan jardutea da». Eta, elkarrizketa horretan, orekaren bila aritzen da Lertxundi. «Oreka denerako da beharrezkoa. Guk geuk ere, gizakiok, oreka behar dugu. Horregatik gabiltza arazoekin orain: natura desorekatzen ari gara». Azken 30 urteetan ondu dituen lanekin, Orekaren bila erakusketa jarri du Bilboko Rekalde aretoan, baina argi utzi du ez dela atzera begirako erakusketa soila. «Egin dudan lanera gerturatzeko bide bat da». Urriaren 13ra bitarte izango da ikusgai.

Egin duen azken eskulturari begira dagoela, esan du erakusketa osoa azaltzeko balio duela, eta horregatik dagoela sarreran kokatuta. «Imajinatu itsasertz batean gaudela, aurrera begira, eta espazio huts antzeko batera sartzen zarela. Imajinatu harriak agertzen direla gero, plaka geologikoak edo ura». Lurrean dagoen harrizko piezari begira geratu da. «Aurrera egin, eta naturaren bestelako indarrekin egiten dugu topo», jarraitu du, harrizko piezaren aldamenean zutik dagoen burdinazko piezari begira. «Ostertzean, aldiz, landaredia azaltzen da; basoa». Horman eskegita dagoen zurezko piezaz ari da eskultorea. «Espazio orokor baten ikuspegia da hau. Baina horrekin ez dut esan espazioa hutsik dagoenik: energia, haizea, ura eta sua beti daude hor».

Emaitzan baino gehiago, prozesuan jartzen du Lertxundik fokua. «Artelanek forma fisikoa hartu aurreko unea da garrantzitsua. Aste bakarrean egin daiteke artelan bat, baina ideia garatzen bi urte ere eman ditzaket». Kaiera txiki bat eta argazki kamera soinean dituela aritzen da beti, horregatik. «Naturan ditudan bizipen horiek apuntatu egiten ditut; eta sentipenarekin lotzen ditudan paisaiei ere argazkia ateratzen diet». Bere pentsamenduari forma emateko, Euskal Herriko materialak erabiltzen ditu: «Gure lurraren zati bat izatea nahi dut», azpimarratu du. Debako harrobietako (Gipuzkoa) harria, Nafarroako gaztainondoen zura eta Bilbo inguruetako burdina erabiltzen ditu, zehazki. Materialak ezberdinak izan arren, bada guztiei eragiten dien elementurik ere. «Azalean denboraren joana dute guztiek; urteen zirriborroa. Nik eman diezaioket itxura jakin bat material bakoitzari, baina denborak bere forma propioz moldatzen ditu beti, eta hori errespetatu nahi dut».

Denboraren eraginaz behin baino gehiagotan jardun du. «Denboraren irudikapen horrek bestelako gogoetak ere sortzen dizkit: noiz dago zerbait egiten eta noiz desegiten? Mundua zertan ari da: egiten ala desegiten? Jaiotzen garen momentutik aurrera egiten ari gara gu geu, baina, era berean, sortzen garen une horretatik bertatik urtebete kentzen diogu gure bizitzari».

«Orekaren bila»

Naturan nola, artean hala: orekaren bila dihardu artista, eta hortik erakusketaren izenburua ere. «Nire obra guztietan elkar lagunduz azaltzen dira hiru materialak. Naturan oreka beharrezkoa den bezala, oreka behar dut nire lanetan ere». Dioenez, harriak «zurruntasuna eta oinarria» ematen ditu; burdinak, «bertikaltasuna eta indarra»; eta zurak, berriz, «beroa eta gozotasuna». 1980ko hamarkadan ondu zuen Materialen balantza piezara (1987) egin du segidan. «Orekaren ideia argi azaltzen da hemen». Jokoa egin du Lertxundik eskulturan: harri zati bat jarri du burdinazko pieza bati eusten, eta burdina zatiak zurezko ontzi bati eusten dio. «Hiruretako bat kenduko banu, obra guztia desegingo litzateke. Elkarren beharra dute».

Bere ibilbidearen hasieran ondutako artelanak bere bide osoaren esentzia gordetzen duela azpimarratu du. «Gutxi lantzen ditut piezak, materiak bere bizia agertu dezan. Uste baitut forma gehiago emanez gero formak hartuko lukeela garrantzia, materialak hartu beharrean; eta nik materialen nortasuna eta forma erakutsi nahi ditut». Orekaren sarrera du aldamenean, ate forma duen pieza (1987). «Harriak oinarria ematen dio, eta lotura eta indarra eransten dizkio burdinak. Egurrak, bukaeran, obra orekatzen du». Posizioak ere garrantzia du. «Ez dut inoiz jarriko zura harriaren azpian, berez, ez dagoelako pisu handiak eusteko prestatuta. Estetika lantzen duen artista bati, akaso, gehiago interesatzen zaio, forma edo kontzeptuagatik. Baina niretzat ordena eta forma funtsezkoak dira».

Burdinazko kutxa bat, zurezko bat eta harrizko bat daude erakusketaren azken aretoan. Ibilbidea ixten du artelanak. «Gizakiaren memoria gordetzeko kutxak irudikatu nahi nituen. Behin ibilbide osoa eginda, eta artelan guztiak ikusita, ikusleak zerbait gorde nahi baldin badu, bere memoriaren kutxan gorde dezan. Metafora egin nahi nuen», azaldu du.

Ibilbide osoaren agertoki

Bigarren jauzia da Rekalde aretoko erakusketa. Tamaina handiko zazpi obra erakutsi zituzten Bizkaiko hiriburuko hainbat txokotan martxoan egin zen Loraldia jaialdian, eta zeuden tokian utzi dituzte horien arteko bi: Isozaki dorreen aurrealdean kokatutakoa eta Guggenheim museoaren aldamenean jarritakoa. Tamaina ertainekoak bildu dituzte Rekalde aretoan orain. Eta eskala txikiagoko lanak Bilboko Lumbreras galerian jarriko ditu artistak, irailean. Zikloa itxi egingo du horrela. «Nire lana osotasun batean erakutsiko dut, pieza bakoitza dagokion neurrian azalduz».

Bere pentsamendua biltzen duen Lertxundi: espazioa, lurra, denbora liburua ere kaleratu berri du, Mariel Aiertzarekin batera. Jon Gerediaga idazlearen olerkiak ere bildu ditu liburuan, bere obretan poesia dagoela baitio Lertxundik. «Ikusle bakoitzak gauza batekin lotuko du nire lana; nork bere poesia egingo du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna