Iraganeko buruzagien hilobiak

Herrialde bakoitzak bere moduan begiratzen dio iragan hurbilari; horren adierazle da non ehortzi dituzten XX. mendeko agintariak. Mussoliniren eta Pinocheten gorpuzkiak kapera pribatuetan daude; Husseinenak, desagertuta, eta Hitlerrenak, galduta.

Andoni Imaz.
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Erorien Haranetik atera, eta Mingorrubioko hilerrira eraman dute Francisco Franco Espainiako diktadorearen hilotza. Haren inguruko hainbat ministro izandakoaren gorpuzkiak ere han daude. Herrialde bakoitzak iraganeko agintariekin duen harremanaz ezer esan lezakete haien hilotzak dauden lekuek: batzuk publikoki gurtzen dituzte, besteak familiaren panteoiaren diskrezioan daude, eta amaiera bortitzena izan zutenak desagertuta daude.

NICOLAE CEAUSESCU

SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren Altzairuzko oihala osatzen zuen herrialdeen artean, Errumaniak izan zuen bukaerarik odoltsuena. Nicolae Ceausescu presidentea (Scornicesti, Errumaniako Erresuma, 1918 - Targoviste, Errumaniako Errepublika Sozialista, 1989) eta Elena Petrescu haren emaztea fusilatu egin zituzten, ziztu bizian eta berme handirik gabe egindako epaiketa baten ondoren. Bi egun geroago, mundu osoko hedabideetan eman zituzten Ceausescuren eta Petrescuren gorpuen irudiak.

Hasieran ikuskizun mediatikoa zena helmuga turistikoa da egun. Ceausescuren jaiotze etxea, haren hilobia eta bikotekidea fusilatu zituzten base militarra turistentzako gidetan daude. Ceaucescu eta Petrescu Bukaresteko hilerrian ehortzi zituzten, eta bisita gidatuak antolatzen dituzte hara.

2010ean, Errumaniako Gobernuak hilobitik atera behar izan zuen bikotea, haien familiakoek zalantza zutelako benetan han egongo ote ziren. Konspirazio teoria ugari daude haien heriotzaren inguruan. Azkenean, DNA probek erakutsi zuten eurak daudela han hobiratuta.

ADOLF HITLER

XX. mendeko agintari handienetako bat da Adolf Hitler diktadore nazia (Braunau am Inn, Austria-Hungariako Inperioa, 1889 - Berlin, Hirugarren Reicha, 1945). Nazionalsozialismoaren bultzatzaile nagusia, Hirugarren Reicheko kantzilerra; der fuhrer. Hark ez zuen mausoleo bat nahi hiltzean; hiri oso baten utopia zuen: Welthauptstadt Germania, munduko hiriburua izeneko asmo faraonikoa. Hil, ordea, hiri haren azpian hil zen, lurpean.

Haren politika inperialista eta antisemitek eragindako Bigarren Mundu Gerran, Berlinen bunker antiaereo bat eraiki zuten buruzagia babesteko: fuhrerbunker. Han egin zuen bere buruaz beste, Eva Braunekin ezkondu eta segidan, 1945eko apirilaren 30ean, sobietarrek inguratua zutelako. Bertsio ofizialaren arabera, hor bertan lurperatu zituzten biak. Gerora, baina, Hitlerren, Braunen eta Joseph Goebbelsen gorpuzkiak hobitik atera, erraustu, eta Biederitz ibaira bota zituzten, omenaldi oro saihesteko asmoz.

Gerraren ondoren, bunkerraren hondakinek han segitu zuten, harik eta 1995ean Berlingo parlementuak hura ixtea erabaki zuen arte, etxebizitzak eraikitzeko. Egun, aparkaleku bat dago haren gainean, eta argibide taula batek azaltzen du han egin zuela bere buruaz beste Hitlerrek.

SADDAM HUSSEIN

Golkoko gerra (1990-1991) telebistaz eman zuten lehendabiziko gerra izan zen, eta Irakeko gerran emankizunak ikusgarritasuna irabazi zuen. Bagdadeko Firdos plaza ageri zen pantaila guztietan, hango estatua bota zutenean. Saddam Hussein presidentearena zen (Al-Awja, Irakeko Erresuma, 1937 - Bagdad, 2006).

AEB Ameriketako Estatu Batuek eta aliatuek Irak inbaditu zuten 2003an; martxoaren 20an egin zuten lehen erasoa, eta Husseinek ihes egin zuen orduan. Koalizioko indarrek esan zuten herrialdetik joan zela, baina urte hartako abenduaren 13an atxilotu zuten, Al-Daousen, Tikritik hurbil, lurpeko ezkutaleku batean. «Saddam Hussein naiz, Irakeko presidentea, eta negoziatu nahi dut», esan zien ingelesez soldaduei. Hussein bizardunaren irudia mundu osora zabaldu zen.

Iraken epaitu zuten, gizateriaren aurkako krimenak leporatuta. 2006ko azaroan, hiltzera zigortu zuten, eta abenduaren 30ean urkatu. Biharamunean ehortzi zuten, Al-Awja jaioterrian, Tukritetik gertu.

Egun, hilerriko monumentuaren hondakinak besterik ez dago han, 2015eko martxoan Estatu Islamikoaren eta Irakeko armadaren arteko lehian txikitu baitzuten. Orduan zabaldu zen hilotza beste norabait eramana zutela, baina egun inork ez daki non dagoen Husseinen gorpua.

KIM JONG-IL

Ipar Koreako dinastia komunistako bigarren buruzagia izan zen Kim Jong-il (Paektu mendia, Japoniak okupatutako Korea, 1942 - Piongiang, 2011). Kim Il-sung aitaren hurrengoa, eta Kim Jong-un semearen aurrekoa. 2011ko abenduaren 17an hil zen, bihotzekoak jota.

Kim Il-sung aitak agindu zuen Kumsusan Eguzkiaren Jauregia eraikitzeko, 1976an. Hura izan zen haren egoitza ofiziala; Piongiangen iparraldean dago, eta 115.000 metro koadro ditu. 1994an hil zenean, Kimg Jon-ilek eraikina berritu, eta aitaren mausoleo bilakatu zuen. Barruan, Kim Il-sungen gorpua dago baltsamatuta, kristalezko kutxa baten barruan. 2011tik, Kim Jong-ilen hilotza ondoko gela batean dago, aitaren gisa berean.

BENITO MUSSOLINI

Ezaguna da Benito Mussolini Italiako diktadorea (Predappio, Italiako Erresuma, 1883 - Giulino di Mezzegra, 1945) buruz behera zintzilikatuta ageri den irudia. Aurrez, partisanoek atxilotu eta fusilatu egin zuten. Herritar talde batek, baina, hilotza hobitik atera, eta zintzilikatu egin zuen Milango gasolindegi batean, beste hainbat buruzagi faxistaren gorpuekin batera.

Ondoren, Mussoliniren hilotza hamabi urtez egon zen desagertuta. Askapen Nazionalerako Batzordeak egurrezko kutxa batean lurperatu zuen, hilerrian, 384 zenbakiarekin, omenaldiak saihesteko. 1946an, ordea, zenbait faxistak gorpua lapurtu zuten, eta bi astez ibili zuten Milanen auto baten maletategian. Azkenean, Sant Angelo komentuan utzi zuten hilotza, eta handik beste komentu batera eraman zuten.

1957an, Italiako Gobernuak erabaki zuen gorpua familiari ematea zela onena, eta San Cassiano kaperan ehortzi zuten. Han dago egun, Predappio jaioterrian.

AUGUSTO PINOCHET

Txileko diktadorea ohean hil zen, 2006ko abenduaren 10ean. Augusto Pinochet (Valparaiso, Txile, 1915 - Santiago, 2006) 1973tik 1990era egon zen boterean, eta 1998an atxilotu zuten, Londresen, nazioarteko agindu batekin, giza eskubideak urratzea egotzita. Osasun arazoengatik askatu zuten, eta Txilera itzuli zen 2000. urtean.

2004an, epaileak erabaki zuen Pinochet gai zela epaiari aurre egiteko, eta etxean atxilo izan zuten. Osasun makalarekin, ez aurrera ez atzera eman zituen azken urteak: atxilotzen zuten, bermea ordaintzen zuen, gaixotzen zen, eta atzera atxilotzen zuten.

Hil zenean, familiak estatu hileta bat eskatu zuen, baina gobernuak ukatu egin zion. Armadako komandante ohi izateagatik egin zizkioten ohoreak.

Valparaison hobiratu zuten, familiaren kapera pribatuan.

IOSIV STALIN

Ia 30 urte gin zituen SESBen buruan Iosiv Stalinek (Gori, Errusiako Inperioa, 1878 - Mosku, 1953). 1924an, Vladimir Lenin hil ostean, gero eta botere gehiago pilatu zuen. 1950eko hamarkadaren hasieran makaldu zen osasunez zein indarrez, eta 1953an hil zen. Buruko isuria izan zuen, eta egunak eman zituen ohean hilzorian.

Hil zenean, haren gorpua baltsamatu egin zuten, eta Leninenaren ondoan jarri, Moskuko Plaza Gorriko mausoleoan. 1961ean, ordea, hilotza handik atera zuten, Nikita Jruschoven aginduz, eta Kremlineko harresiaren kanpoaldean hobiratu zuten, mausoleoaren bestaldean. Egun, han dago Stalinen hilobia, Mikhail Suslov eta Mikhail Kalininenaren artean. Haren estatua, ordea, gainontzekoena baino zuriagoa da, eta ikus daiteke Plaza Gorritik, San Basilio katedralaren ingurutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.