Absurdoak liluratzeko dituen mila moduak

Mila Modu taldeak 'Absurdoaren paradisua' diskoa kaleratu du. Zoratzen ari den mundu surrealista eta zoragarri bat du hizpide lanak. Ondo bidean, Oñatin eta Durangon arituko dira

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Koronabirusa agertu baino lehen, Xabier Yaniz musikariak emana zion izena bere proiektu berriari: Absurdoaren paradisua. Hilabeteotako gertakariekin, ordea, ideia burutsua zenak kutsu iragarlea bereganatu du, eta jazoera ulertezinak agortzeko daude oraindik. Atzera begiratuta, artistak «kuriosoa» deritzo hasierako hautuak izan duen bilakaerari: «Idatzi nuenean, ez nuen uste diskoaren izenburuak hainbesteko zentzurik izango zuenik».

Egungo egoeraz dihardu Mila Modu Yanizen talde berriaren lehen lanak. Diskoa Elkarrek argitaratu du, eta, jakinarazi duenez, zoratzen ari den mundu bat du oinarri obrak: surrealista, baina, era berean, baita zoragarria ere. Sei kanturen bitartez islatu dute egoera hori, baina, Elkarreko Andres Camio Jitu-k abisatu duenez, «hasiera besterik ez da». Itxialdiak sormena akuilatu dion horietako bat izan baita musikaria, eta, horrenbestez, hilabete horietan eginiko «pila bat» kanten lagin bat baino ez dakar albumak. Sorkuntza meta horretatik, «merezi zutenak» baino ez ditu grabatu Yanizek, «detaile askoko disko oso landua» onduz, bere hitzetan. Alabaina, hasieran kolokan egon ziren baita bakan horiek ere, Camiok dioenez: «Diskoa kaleratzeko dudatan ibili ginen, baina baietz erabaki genuen azkenean. Aurten zerbait egiteko gogoa genuen, jakin gabe nola suertatuko zen».

1990eko hamarkadan Hor Konpon taldean aritu zenetik, oholtzara igo gabe zegoen oñatiarra. Hogei urteren buruan, beste askori eskutik helduta ekin dio itzulerako bideari. Izan ere, Mila Modu taldeak gogora dakar Hor Konpon, baina ez soilik Yanizen gitarrari eta ahotsari esker, ezpada harekin batera ari direlakoAndoni Campos eta Oskar Arlazon taldekide ohiak ere. Gainera, Oñatiko (Gipuzkoa) bost idazlek eta bertsolarik ondu dituzte Yanizek sortutako melodientzako hitzak. Udalerriko hainbat sortzaileren lanaren emaitza da diskoa; «askotarikoa», horrenbestez, artistak azpimarratu duenez: «Oñatin gauza asko egiten ari dira. Mugimendu kultural indartsua dago, eta ez soilik musikari dagokionez, baita literaturari dagokionez ere. Horrek aberastu egiten du proiektua». Eta, hori gutxi balitz bezala, Malenkonia taldeko Roberto Ferreirok lagunduko die zuzenekoetan, gitarrarekin. «Fitxaketa oso ona da. Oso talde sendoa osatu dugu».

Pandemiak uzten badie, berehala izango da aukera uztarketa horren emaitzak aurrez aurre ikusteko. Gutxi batzuk izan arren, dagoeneko zehaztu baitituzte kontzertu batzuk. Sorburuan bertan hasiko dira, Oñatin, bihar, bi saio akustikorekin. Yanizek azaldu du formatuak hitzen egileei «garrantzia» emango diela, gaiak esplikatzera irtengo baitira agertokira. Abenduaren 6an, 18:00etan, Durangoko (Bizkaia) Ahotsenean arituko dira, eta, 30ean, Oñatira itzuliko dira kontzertu elektriko bat eskaintzera. Oraingoz, urtearekin batera bukatuko lirateke aurreikuspenak. Beste aurrez aurreko batzuk ere lotuta dituzte, baina artista tentuz dabil horiei dagokienez: «Ea nolako baldintzak ezartzen dituzten».

Urtebetean ernatutako alea

Iaz sortu zen Mila Modu taldea, eta dagoeneko hasia da sustraiak botatzen. Hilabete gutxi igaro dira taldea sortu zenetik lehen emaitza esku artean izan arte, baina emankorrak izan dira, halere, Yanizek egindako kanta mordoa alde batera utzita ere. Taldearen itxura goitik behera aldatu da: bakarrik hasi zen oñatiarra, kolaboratzaile batzuen laguntzarekin; orain, hainbat bidaide gehitu zaizkio.

Musikalki ere Mila Modu ez da hasierako bera, taldekide ohien eragina tarteko, hein handi batean. Artean kide bakarra zela, Yanizek zalantzak izan zituen proiektuaren ildoa definitzeko orduan: «Ez neukan garbi zelan bideratu, akustikotik edo elektrikotik». Lehenengo bidea aukeratu, eta, molde horri jarraituta, Boza Free kanta egin zuen. Oñatin dagoen migratzaileentzako aterpetxean, Etiole Magik musikari bolikostarra ezagutu zuen, eta haren bizipenak erabili zituen migratzaile ororen egoeraz aritzeko. Europara heltzean oihukatzen dituzten hitzak dira boza free, eta horien atzean dagoena abesten du, Magikek berak lagunduta zenbait ahapalditan.

Lehen urrats hori egin ondoren, Campos eta Arlazon batu zitzaizkion proiektura, eta taldeak norabidea aldatu zuen, aurreko lana ahaztu gabe, betiere: «Azkenean, elektrikora jo genuen, baina hurrengo lanetan ere ageri da akustikoa. Oinarriak azaleratzen dira». Gutxinaka, lehen abestiari gainerako bostak batuz joan zitzaizkion, kaleratu berri den Absurdoaren paradisua osatzera heldu arte. Berria da, baina ezaguna dagoeneko, Gaztearen maketa lehiaketan finalista izan baita aurten. Hasi dira lehen arrakastak atzean uzten, eta etorkizunekoei begira jarri dira jada: «Lehen diskoa oinarri bat da. Gure proiektua sendotuz joango gara hurrengo lanekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.