Albistea entzun

Euskal sortzaileak

35 euskal sortzaile egongo dira nazioarteko bederatzi jaialditan

Etxepare Euskal Institutuaren leihoen bitartez, Kataluniako, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo festibaletan erakutsiko dute euren lana kulturgileek abuztuan eta irailean. Osasun egoeraren ondorioz, gertuko topaketak lehenetsi dituzte
Etxepare Euskal Institutuak sortzaileei eskaintzen dizkien leihoen nondik norakoak azaldu zituzten atzo goizean Bilboko Azkuna zentroan.
Etxepare Euskal Institutuak sortzaileei eskaintzen dizkien leihoen nondik norakoak azaldu zituzten atzo goizean Bilboko Azkuna zentroan. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko uztailak 30 - Bilbo

Jopuntuan dituzte, eta egin egingo dira, baina aurrerago. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak segurtatu egin du euskal sortzaileek beren lanak erakusteko aukera izango dutela Eskozian, Quebecen eta Flandrian antolatzekoak diren leihoetan; harremanetan jarraitzen dute hangoekin, baina, osasun egoerak bultzatuta, gertuagoko helmugak hobetsi dituzte uda honetarako: leihoen bitartez, euren lana nazioartean ezagutarazteko abagunea ematen die institutuak euskal sortzaileei, eta datozen asteetan horietako 35ek baino gehiagok eta arte eszenikoetako hamabost konpainiak izango dute horretarako aukera.

Abuztuan eta irailean, Kataluniako, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo bederatzi festibaletan arituko dira kulturgileak: hala nola Tarregako Fira de Teatre al Carreren (Katalunia), Soriako Expoesian (Espainia), Libourneko Fest'Artsen eta Avignongo Opera Teatroan (Frantzia) eta Torres Vedrasen (Portugal). Askotariko diziplinetako artistak igoko dira toki horietako oholtzetara: besteak beste, Kukai, Lasala, Deabru Beltzak, Marie de Jongh eta Tanttaka Teatroa konpainiak, Oreka TX, Amaia Zubiria eta Ruper Ordorika musikariak, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariak, Miren Agur Meabe idazlea eta Berdinki zirkua.

2020. urtearen bukaeran, institutuak inkestak egin zizkien euskal sortzaileei, eta haiekin bildu zen jakiteko zer aurreikuspen zituzten 2021erako, eta zer izan zitekeen egingarria. Saioetan ondorioztatutakoa oinarri hartuta, diru laguntzak malgutzea erabaki zuten Etxeparekoek, eta, halaber, leihoak beste era batera enfokatu zituzten. «Ikusita jaialdiak gertuko proposamenak aukeratzen ari zirela, gertuen dauden festibalekin eta topaketekin harremana indartzea erabaki genuen», Larrazaren hitzetan.

Euskal sortzaileek lanaren «zati handi bat» nazioartean egiten dutela gogorarazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburuak; hortaz, joan-etorriei ezarritako mugek galarazi egin diete beharrok aurrera eraman ahal izatea. Larrazak adierazi duenez, azken hilabeteak ez dira «samurrak» izan oro har, eta bereziki arte eszenikoetan aritzen direnentzat: zuzendariaren iritziz, literaturaren eta musikaren arloetan, esate baterako, online formatuak abaguneren bat eskaini die sortzaileei, baina arte eszenikoetan ari direnentzat zailagoa izan da molde horretara egokitzea.

Antzerki eta dantza ugari

Arte eszenikoen sektorekoak dira nazioartean ibiliko direnetako asko. Deabru Beltzak antzerki konpainiako kideak, esaterako, aski ezaguna duten Fest'Arts festibalera itzuliko dira. Duela hogei urte aritu ziren han lehen aldiz, eta aurten Les tambours de feu (Suzko danborrak) antzezlana interpretatuko dute. Lekeitioko (Bizkaia) Kaleka jaialdirako sortu zuten obra, eta, konpainiako zuzendari Garbitxuren arabera, bost kontinentetako 46 herrialdetan antzeztu dute lana dagoeneko. Bertsio bat aurkeztuko dute Libournen, jaialdiaren 30. urteurrena eta konpainiaren 25.a ospatzeko.

Kukai dantza taldea, berriz, hiru topaketatan izango da: Expoesian, Anfitrion jaialdian, eta Escena Patrimonio festibalean (Espainia). Jon Maia zuzendaria ziur dago «elkarrizketa interesgarriak» izango dituztela hango espazioekin eta sortzaileekin. Lasala dantza konpainia ere hainbat tokitan egongo da uda honetan: zehazki, Fira de Teatre al Carreren eta Fest'Artsen. Feminitatean sakontzen duten edo borrokari buruz diharduten piezak taularatuko dituzte, Judith Argomaniz zuzendariak xehatu duenez.

Idazle andana bat Sorian

Artistez gain, euskal idazle asko ere arituko dira Expoesia jaialdian. Abuztuaren 1etik 8ra egingo da, eta aurtengo aldian Euskal Herria izango da gonbidatua: Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Itxaro Borda, Tere Irastortza eta Peru Magdalena idazleek hitzaldiak emango dituzte, baita Pello Salaburu eta Jon Kortazar akademikoek ere. Horrez gain, Pamiela, Elkar, Astiberri eta Txalaparta argitaletxeak izango dira han.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Txaber Altubek irabazi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketa. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Soto, Sanjurjo eta Gorosterrazu, Nafarroako finalaurrekoetan

Erredakzioa

Donezteben jokatutako azken kanporaketarekin erabakita gelditu dira finalerdiak. Altube nagusitu da Bizkaian
 ©BERRIA

KOMIKIRA HURBILTZEKO MAPA TXIKIA

Gorka Arrese

Urriaren 3an amaitu ziren Getxoko XIX. Komiki Azoka eta Nafarroako XII. Komikiaren Azoka. Euskarazko argitalpenak aurkezten izan ziren marrazkilariak, gidoilariak eta argitaratzaileak. Litekeena da laster beste jaialdi bat sortzea Gipuzkoan. Inoizko kemen eta ospe handienez dihardute komikigintzan
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Paparra erakusteko moduan dago komikigintza»

Gorka Arrese

Marrazkilaria, gidoilaria eta editorea da Dani Fano (Donostia, 1968). 'Sasi artean Elgeta' albuma argitaratu du berriki, Ekaitz Agirre 'Garluk' margolariarekin eta Koldo Izagirre gidoilariarekin batera. Ikastolen Elkartearen 'Xabiroi' komiki aldizkaria gidatzen du 2005etik hona.
Amets Arzallus ofizio guztietan nabarmendu zen, atzo, Maulen. ©BOB EDME

Amets Arzallus, lehen finalista

Hodei Iruretagoiena

526 puntu eskuratuta, Xilabako finalera pasatu da Maulen jokatutako lehen finalerdian, ariketa guztietan beretik emanda. Maddi Ane Txoperenak egin du bigarren

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna