Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 3an abiatuko da berriz

Berez, txapelketa iaz egitekoa zen, baina, pandemiaren eraginez, urtebete atzeratu dute antolatzaileek. Finala abenduaren 18an jokatuko da, Bilbo Arenan

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, atzo, Bilbon, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketak izenean bertan darama agerian pandemiaren arrastoa; lerro ñimiño bati esker, data bakarraren ordez, bi baitaramatza itsatsita bukaeran: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 20-21. Berez, txapelketa iaz egitekoa zen, baina, koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, datarik zehaztu gabe atzeratzea erabaki zuen Bizkaiko Bertsozale Elkarteak; gaur arte. Lehen sailkapen saioak iazko udaberritik iazko udazkenera pasatu zituzten lehenik, eta orduan sailkatutako bertsolariak esperoan izan dira geroztik. Orain, urriaren 3an hasiko da kanporaketa fasea, azaroaren 21ean abiatuko dira finalaurrekoak, eta abenduaren 18an egingo dute finala, Miribilla auzoko Bilbo Arenan.

«Argi izpiak ikusten hasi gara», laburtu du egungo egoera Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale elkarteko lehendakariak. «Pandemiak erakutsi digu gozatzeko tarteak ere beharrezkoak ditugula, eta txapelketa da gozatzeko tarte bat». Atzerapenaren ostean bertsolariak, zaleak eta antolatzaileak «gogotsu» daudela ere gehitu du.

Hamar saio izango ditu txapelketak guztira, eta 44 bertsolari arituko dira kantuan. Sei kanporaketa saiok osatuko dute lehen fasea, eta sei bertsolari izango ditu haietako bakoitzak. Saio horietako bakoitzeko irabazlea eta puntuaziorik onena lortu duten lehen lau bertsolariak sailkatuko dira hurrengo faserako. Hiru finalaurreko izango dira ondoren, eta fase horretan hasiko dira kantuan 2018ko zortzi finalistak —Onintza Enbeita txapelduna, Miren Amuriza, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue, Xabat Galletebeitia, Eneko Abasolo Abarkas, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal—. Finalaurreko saioetako hiru irabazleak eta puntu gehien lortu dituzten bost bertsolariak sailkatuko dira gero finalerako, eta, beraz, zortzi bertsolari arituko dira Bilbo Arenan.

Mugak eta protokoloak

Saio guzti-guztiak 17:00etan izango dira, mugatuta izango dute eserleku kopurua, eta lekuan lekuko eta garaian garaiko protokoloak betetzeko konpromisoa azaldu dute antolatzaileek.

Aretoen hiru laurdenak bete ahalko dira oraingoz, eta, elkarteko kideek azaldu dutenez, jende gehiago sartu ahal izango balitz, sarrera gehiago saltzeko aukera ere aurreikusi dute. Ione Narbaiza txapelketako arduradunak ez du arreta jarri kopuru jakinetan. «Gure helburua ez da 2018ko kopuruetara iristea, baizik eta zaleak plazetara joatea, eta saioak ahalik eta modurik normalenean eskaintzea».

Antolatzaileen hitzetan, plaza «berraktibatzea» eta txapelketa «ahalik eta duinen eta ondoen» antolatzea da lehenengo helburua.

Oraingoan, oihal bat hautatu dute txapelketaren iruditzat. Txapelketaren koordinatzaileak azaldu du zergatik. Narbaiza: «Oinarria edo oihala bera izan arren, behin eta berriro irudi berriak sortzen ditugulako». Aitor Agirrek sortu du txapelketako sintonia izango dena, eta antolaketan dabilen taldeak idatzi du txapelketako mezua. Orain arte, aldiro idazle, bertsolari edo zaleren bati egin izan diote enkargu hori, baina, oraingo honetan, testua eurek sortzea erabaki dute.

Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK dira txapelketaren babesle nagusiak, eta saioak hartzen dituzten herrietako udalak, gero. Aldundiak 56.000 euro bideratzen ditu, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.