Asier Altuna. Zinemagilea

«Hautaketak konfiantza eta poztasun handiak ematen dizkizu»

Bakarka zuzendu duen fikziozko lehen film luzea da 'Amama'; aitortu duenez, prozesu luzea izan da, eta asko «mimatu» du. Zinemaldian egoteak lanari bultzada emango diolakoan dago.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2015eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Madrilen izan zen atzo Asier Altuna zinema zuzendaria (Bergara, Gipuzkoa, 1969). Donostiako Zinemaldiaren hurrengo ekitaldiko Sail Ofizialeanlehiatuko diren film batzuk zeintzuk izango diren jakinarazi zuten atzo han, eta horien arteko bat izango da Altunak zuzendutako Amama filma. Bakarka zuzendu duen fikziozko lehen lan luzea da Amama —Aupa Etxebeste! egina du Telmo Esnalekin, eta oso pozik dago emaitzarekin.

Zer esan nahi du zuretzat Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzeak?

Zinemaldiko lehen mailan egotea esan nahi du, eta, alde horretatik, bultzada inportantea da pelikularentzat eta guretzat. Oso pozik gaude; dagoeneko oso pozik geunden filmarekin berarekin, eta berriak handitu egin du poztasuna. Asko landutako proiektu bat da, eta aspaldi ari gara horretan lanean. Uste dut egin behar nuen momentuan egin dudala pelikula hau, eta gustura geratu naiz. Zinemaldiaren hautaketak konfiantza eta poztasun handia ematen dizkizu.

Prozesua luzea izan dela diozu. Nolakoak izan dira filmaketa eta postprodukzioa?

Pelikula bi partetan filmatu genuen: lehen zatia iazko uztailean grabatu genuen, udako argia eta natura behar genuelako, eta, bigarrena, udazkenean, nahi genuelako erakutsi urtaroen aldaketa. Pelikula gehiena baserri batean kokatzen da, eta uste genuen interesgarria izango zela naturaren aldaketak jasotzea. Hortik aurrera, muntatze lanarekin hasi ginen. Gabonetan, bagenuen lehenengo muntatze bat, eta behin betiko bertsioa udaberrian izan genuen. Baina lana ez da oraindik amaitu. Aste honetan bertan soinu nahasketak egiten ibili naiz, eta, koloreak berdintzeko prozesua oso aurreratuta dagoen arren, oraindik bukatu gabe dago. Aste honetan bukatzea espero dut.

Bakarka zuzendu duzun fikziozko lehen film luzea da Amama. Esperientzia ona izan al da?

Erronka handia izan da, baina gogoa ere baneukan horretarako. Telmorekin [Esnal] lan egitea oso erraza da, berak asko menderatzen duelako hizkuntza audiobisuala. Alde horretatik, harekin lan egiteak babes handia ematen du. Horregatik, bakarka zuzentzea erronka bat zen. Film hau nire baitan sortutako istorio bat da; ezagutzen dudan mundu baten historia kontatzen dut, eta oso pertsonala da. Erronka handia zen, baina inguruan izan ditut Telmo, Ander Sistiaga, Marian Fernandez... Oso babestuta egon naiz. Lagun artean egindako lana da, eta oso gustura egin duguna. Gozatu dugu prozesu guztia, pelikula mimatuz. Hortaz, oso kontrolatuta egon da prozesua.

Dena den, zenbait gauzarekin arriskatu egin duzu; esaterako, aktore nagusi guztiak ez dira profesionalak...

Intuizioari so ibili naiz. Hasieratik, aktore batzuk oso argi nituen:Klara Badiola eta Kandido Uranga bistaratzen nituen idazterakoan, esaterako. Iraia Elias protagonista izatea apustu handia izan da; antzerkian asko aritu da, baina zinean ez du ia ezer egin, eta Ander Lipus ere, harekin lan egiteko gogoa nuen aspalditik. Bestalde, Manu Uranga ez da aktorea; oso gauza gutxi egin ditu, batez ere telebistan, baina, Kandidoren semea denez, antzagatik eta haren begiradagatik hautatu nuen. Amparo Badiolak ere ez zuen zinemarekin zerikusirik. Filma prestatzen ari nintzela, amama dotore bat behar genuen, eta kalean topatu nuen. Apustuak egiten dituzu, eta niri ondo atera zaizkit. Gainera, aktoreak ez direnekin lan egitean, beste freskotasun bat lortzen duzu.

Baldintzatu al du lana horrek?

Horrelakoetan, filmatzerakoan lan berezia egiten duzu; batez ere, espedienterik ez dutenek ez dutelako filmaketako dinamika ezagutzen. Baina zorte handia izan dut, oso pertsona serioekin lan egin dudalako, proiektua oso gogotsu hartu duten pertsonekin.

Zinemaldiko Sail Ofizialean euskarazko beste film bat lehiatu zen iaz, Loreak. Aldatzen ari dira gauzak? Zeren erakusle dela uste duzu?

Ez da hizkuntza kontu bat. Loreak baino lehen egon dira beste pelikula batzuk Sail Ofizialean lehiatzeko modukoak. Hor pauso bat eman dute Zinemaldikoek; konfiantza eman diote hemengo zinemari, baina haiek ez dute ezer oparitzen, benetan sentitu behar dituzte filmak. Ea datorren urtean ere aukerarik daukagun beste bat sartzeko, baina estatistikoki oso zaila da. Urtean fikziozko hiru pelikula egiten badira euskaraz...

Bi segituan sartzea ere oso zaila zen. Euskal zinemaren kalitatearen erakusle al da hori?

Exijentzia oso handia da; ikusi egiten da zer izen egoten diren Sail Ofizialean. Aurten bertan: Cesc Gay, Agusti Villaronga, Marc Recha... Izen handiak dira nazioarteko zinemagintzan. Hor egotea ez da erraza; alde horretatik, uste dut anekdota bat dela gu ere hor izatea. Azken urteotan, bagaude Euskal Herrian zinema egitea serio hartu dugun batzuk. Pelikula dezente egiten baditugu, beti dago aukera hor egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.