Musikariek bereganatuko dituzte gaur karrikak Musikaren Bestan

Baionan dago ekitaldi nagusia, baina herri andana batean ere izanen da zer entzun

Manez eta Kobreak-ek, Thierry Bizkariren taldeak, kontzertua emango du gaur Baionan, Musikaren Bestaren karietara. BERRIA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ez dira baitezpada talde ezagunak. Eta preseski hori da Musikaren Besta. Ekainaren 21arekin, udako lehen egunarekin, musikak karrikak hartzeko gonbidapena. Alde instituzional bat du gonbidapenak, herri anitzetan herriko etxeak baitira antolatzaile, baina horrek ez dio baitezpada freskotasuna kentzen hitzorduari. Funtsean, dohainik den besta bat izaten segitzen du; izan daitezke musika eskolak, lagun arteko taldeak, hasi berriak edo esperientzia luzekoak, abesbatzak, rock taldeak edo punk, jazz, cumbia nahiz bestelakoak, estilo orotakoak. Ostatu, plaza, parke zein karrika bazterretan, aurten ere dozenaka kontzertu antolatu dira Musikaren Bestaren karietara.

Azken urteetan, Baiona da bereziki bereizten bere eskaintza oparoagatik, eta hiri barneko antolaketak kontzertu gune andana eskaintzen du naturalki. Herriko Etxeak lagundu egitarauak 31 hitzordu ditu pentsatuak. Pare bat aipatzearren, horra Zu&Ni: Niko Etxart eta Maialen Errotabehere artistek beste bost musikarirekin osatzen dute taldea. Rockari eta bluesari dioten maitasunak elkarturik osatu taldea dute. Paul Bert plazan ariko da taldea, 21:30ean. Plaza berean Root'z System eta Old School Funky Family taldeak ere entzuten ahalko dira.

Manez eta Kobreak 20:30ean ariko da merkatu estalian. Leku berean izango dira buhameen musikan oinarritzen den Alma taldea eta akustikoa elektronikoarekin nahasten duen Zeze taldea ere. Txaranga eta abesbatzak ere aritzekoak dira. Urtero bezala, Baionan Kantuz-ek kantatzeko gonbidapena egiten du. Plachotte plazan, 20:30ean, Manex Pagola dira omentzekoak —orain bi aste hil zen—, bere kantuak kantatuz.

Ostatuen eta peñen aldetik, Patxokian, Kuartz bikotea ariko da, baita Fetiche, The Frog Runners eta K-Püch DJ ere.

Handik zenbait metrora, Mami Txula ostatuan, Mohawk rock-folk taldea eta Yodi ariko dira. Daudane, Pumpeedoo eta Clovis Volcano taldeak, berriz, Sankara ostatuan dira aritzekoak. Beste hiri musikatuen artean, Miarritze eta Bidarte ere izanen dira. Miarritzen Arroka elkarteak euskal kantuen kantatzera dei egin du. 18:30ean finkatua dute lehen hitzordua, baratze publikoan. Oren bat geroago merkatu estalian izanen dira. Bidarten, aldiz, hamazazpi taldek hiri barneko plaza nagusiak animatuko dituzte 18:00etatik 00:30era.

Hendaian, 17:30ean hasita, Zarpai eta Lanetik Egina musika eskoletako ikasleak aldizkatuko dira. Ondotik, Entzun eta Alaiak abesbatzek hartuko dute lekukoa, hiri barnean. Hondartzako auzoan, berriz, Arteknik-ek eta Iparraldeko Konpilazioak proposatutako taldeak ariko dira.

Larresoron, Ote lore dantza taldearen eta Gogoan Larresoro abesbatzaren ondoren, Polekelele, Kiki & The Red Kiketz, Zikiro Tendencies eta Kevin Jager DJa aldizkatuko dira Aldaburua ostatu jatetxean. Getarian, itsasbazterreko Lekeitio ostatu eta jatetxeak dio eginen musikari lekutxo bat, Solar Soul Systemekin.

Lapurdi alde batera utziz, Baxenabarren, Donapaleun, herriko musika eskolako ikasleez landa, Neskafe eta Massopa taldeak entzuteko parada izanen da.

Zuberoan, Maulen, Zinka ostatuak du zabaldua musika ospatzeko hitzordua, uhaitz bazterrean. 19:00etatik, ostatuak eszena irekia proposatzen du bi orenez. Nahi duenak bereganatzen ahalko ditu bertako mikrofonoak. Ondotik, gaualdia bururatzeko, Radio Revolucion cumbia musika egiten duen taldea aritzekoa da.

Bilbon eta Donostian

Besta hau errotuagoa da berez Baionan eta inguruetan, tradizio luzeagoa baitu bertan. Azken urteetan, baina, Europa osoko besta eginik, beste zenbait hiriburutan ere oihartzunak badauzka. Bilbon, Indautxu plaza, Ertzilla karrika eta Doña Casilda parkea izanen dira horren lekuko. BilbaoMusika eta Mr. Jam musika zentroko taldeak ariko dira, bai etaBrazztet Brass Band eta Sugarri Band. Club Deportivoko abesbatzari eta Goizargi Gospel Choir koruari ere eskatu diete bazterrak animatzeko.

Donostian, berriz, Anarik Adarra saria jasoko du Viktoria Eugenia antzokian. Sariak ibilbideari aitortza egiten dio. Gero, kontzertua emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.