Sustraiak bilatzeko ariketa askeak

Lurpekariak taldeak 'Itsasotik iturrira' diskoa argitaratu du, inprobisazio librean oinarritutako lana. Euskal musikaren erroetatik tiraka osatu du bilduma

Nerea Erbiti eta Ion Celestino, aurreko astean, Donostian egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Errabal zigilupean kaleratzen duten 103. erreferentzia da Itsasotik iturrira, Lurpekariak taldearen estreinako diskoa. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen jazz atalaren babesean argitaratua. Jazzarekin harremana izan baitezake diskoak, nahiz eta hori baino gehiago ere baden, Ion Celestino taldekideak zehaztu duenez. «Jazza lanabes bat da, eta proiektu honetara jazzetik zerbait etorri bada, inprobisazioa izan da hori».

Celestinorekin batera (tronpeta), Nerea Erbitik (ahotsa), Javier Callenek (kontrabaxua), Ander Garciak (kontrabaxua), Daniel Lizarragak (bateria) eta Israel Tubillejak (bateria) osatzen dute Lurpekariak. Seikote bat, edo, bestela esanda, bi hirukote. Bi bateria, bi baxu, eta tronpeta eta ahotsa, parez pare. «Ahotsa dagoenean, pentsa liteke taldea haren laguntzailea dela, baina hemen ez da hala. Denak gaude maila berean», zehaztu du Erbitik.

Hainbat proiektutan ibiliak dira musikariak—Celestino Broken Brothers Brass Band-en gidaria da; Erbiti En-kantuz eta Tutik Ez taldeetan aritu da, Garciak hiru disko ditu argitaratuak bere izenean...—, baina jazza ikasi izanak elkartu ditu neurri batean, Erbitik azaldu duenez. «Jazza ikasi dugu, beste hizkuntza bat, baina bilaketa behar bat ere sentitu dugu hor, eta Lurpekariak hori da: bilaketa baten emaitza». Jazza abiapuntu izanik, bilaketa norabide batean egin dute, euskal kulturaren eta musikaren erroetarako bidean. Betiere, «kontatzeko moduari» garrantzi handia emanda. «Ez gintuen asebetetzen euskal melodia tradizional bat be-bop estetika batekin jotzeak. Hori litzateke aurretik egin duguna egitea», argitu du Celestinok.

Taldekide bakoitza bere «harrikadarekin» iritsi da gogoeta bera egitera. Celestino, hain zuzen ere, Jorge Oteizaren teoriek eta irakaspenek eraman zuten «euskal estiloaz» gogoetatzera. «Hor berak ikusten zuen bide bat, abangoardia, jazza eta euskal kultura lotuko zituena. Eta ni horri bueltaka hasi nintzen».

Lan narratibo bat

Jazza melodia baten gaineko inprobisazioan oinarritzen den bitartean, Lurpekariak-en proposamenak, inprobisazioa ardatz izanda ere, narratiba bat dauka oinarrian. Celestino: «Gure asmoa beti izan da musika, eta emanaldia bera ere, modu narratiboan antolatzea. Horrek eramaten du entzulea beste belarri batzuekin entzutera, egoera horretan ez baitu garrantzirik bakarlari batek ze ondo jotzen duen, baizik eta taldeak elkarlanean sortzen duena».

Bertsolaritzak eragin handia izan du proiektuan, zeharka bada ere. Izan ere, bertsolariak bezala, ariketak jartzen dizkio taldeak bere buruari, horien gainean inprobisazio lana egin dezan. Horrela, diskoan badira agur bat (Lehen agurra), txalapartaren inguruan egindako ariketa bat (Ttkn ttn ttkn) eta dantzaren gaineko beste bat ere (Banango zaharra).

Diskoa Donamariako jauregian (Nafarroa) grabatu zuten bi egunetan. Ez zen nolanahi hartutako erabakia grabazio estudio konbentzional batean ez egitea: «Kontua hain inprobisatua izanda, ez genuen geure burua estudioan ikusten. Iruditu zitzaigun aproposa zela lekua. Goiko partea guztiz egurrezkoa da, eta haizea ere entzuten da».

Gaur Basauriko (Bizkaia) Social antzokian aurkeztuko dute diskoa, eta larunbatean Ermuko (Bizkaia) Lobiano aretoan izango dira. Abenduaren 2an, berriz, Bergarako (Gipuzkoa) Seminarixoan izango dute emanaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.