Ezagutzen ez diren begiradak

Inoiz erakutsi ez diren Valentin eta Ramon Zubiaurre anaien argazkiak eta filmak bildu, eta ikusgai jarri ditu Bilboko Arte Ederren Museoak. Urriaren 6ra arte izango dira ikusgai

Valentin eta Ramon Zubiaurre anaien 1.200 argazki eta 27 film eskuratu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Kolore gorriko album bat, dokumentu eta paper zaharren artean. Photografie hitza du azalean. 1901. urtekoa da. «Argazki bilduma gorri hori izan zen behin betiko froga», azaldu du Mikel Urizar Bilboko Arte Ederretako artxibategiko arduradunak. «Aurrez bagenekien Zubiaurre anaiak argazkigintzan jardun zirela gazte garaietan. Baieztapena, baina, aurkikuntza horretxek eman zigun». Aski ezaguna da Valentin Zubiaurre (Madril, 1879-1963) eta Ramon Zubiaurre (Garai, Bizkaia, 1882-Madril, 1962) anaiek margolaritzan zuten sena, baina ezezagunagoa da argazkigintzarekiko eta zinemagintzarekiko zuten zaletasuna. «Leopoldo Gutierrez Zubiaurrek, Valentin eta Ramon Zubiaurreren ilobak, material mordoa utzi zuen museoaren esku 2007an, eta gauza guztien artean zegoen album gorri bati esker jakin genuen argazkigintza landu zutela». Arrastoari segika jarraitu zuten museoko adituek, eta, hamar urte baino gehiago iraun duen ikerketa baten ondoren, anaia bien material grafikoa bildu du Bilboko Arte Ederren Museoak Zubiaurretarrak. Memoria grafikoa erakusketan.Orotara, sendiak gordeta zituen 1.200 iruditik gora eskuratu ditu museoak, eta baita 27 film ere. Inoiz erakutsi gabeko materiala da urriaren 6ra bitarte erakutsiko dutena.

«Familia burges baten bizitza erakusten da hemen». Argipena egin du lehenik Ricardo Gonzalez erakusketaren komisarioak. «Argazkigintza amateurrari esker, kamera familia askoren eremuan sartu zen XIX. mendearen bukaeran. Nolanahi ere, Ramon eta Valentin Zubiaurrek argazki eta filmetan erakutsi zuten abilezia oso bestelakoa izan zen: pintura ikasketak zituzten biek ala biek, eta, argazkiak egiterakoan, gainontzeko zaleek ez zuten gaitasuna erakutsi zuten». Gor-mutuak ziren bi anaiak, eta hainbat adituk diote begirada artistiko berezia izan zutela horregatik.

1898tik aurrera murgildu zirenargazkigintzaren eremuan, eta irudi gehienak Euskal Herrian ateratakoak dira: jatorri euskalduna zuten zubiaurretarrek, eta egonaldi asko egiten zituzten Garai eta Ondarroa (Bizkaia) herrietan. Horregatik, Bizkaiko hiriburuan jarritako erakusketatik harago, zubiaurretarren filmak erakutsiko dituzte Garaiko San Juan elizan, larunbata eta igandean.

Argazkien osteko filmak

Argazkiak gazte garaian egin zituzten, baina filmak beranduagokoak dira, 1929tik aurrerakoak. Mende laurdena igaro zen, beraz, argazkigintzatik zinemagintzarako jauziaren artean. «Denbora luzea igaro bazen ere, lotura zuzena dago gaztaroan ateratako argazkien eta ondoren egindako filmen artean: gaiei eta eremu geografikoari dagokienez, nabarmena da segida bat dagoela», esan du Gonzalezek.

Erakusketan dagoen Aitonaren ipuina izeneko argazkia aipatu du komisarioak behin baino gehiagotan: agure bat azaltzen da irudian, baserri baten atarian eserita eta haurrak inguruan dituela, adi hari begira. «Gaztetan ateratako argazki horrekin hasten da 30 urte beranduago bi anaiek ondu zuten izen bereko filma». Fikziozkoa dela azaldu du komisarioak. «Film horretan, Polin izeneko haur txiki baten kontaketa egiten dute. Leopoldo Gutierrez Zubiaurre iloba da, hain zuzen, haur horren azalean filmean azaltzen dena».

Izan ere, bi anaiek familiako kideekin egiten zituzten film gehienak. «Euskal Herriko hainbat herritan ere egiten zituzten grabazioak, eta baserrietako jendea antzezten jartzen zuten», azaldu du komisarioak. «Amak lagunduta joaten ziren gehienetan. Ezinbestekoa izan zen hark egindako bitartekari lana».

Euskal Herriko iruditeria

Euskal Herria oso garrantzitsua izan zen bi anaientzat. Komisarioak behin baino gehiagotan azpimarratu du lurraldearekiko zuten lotura. «Hala nabari da egin zituzten argazkietan, filmetan eta baita margoetan ere. Bertan bizi ez ziren arren, euskal iruditeria eta elementu sinbolikoak bere egin zituzten, eta esango nuke euskal komunitatearen parte ere sentitzen zirela, hein handi batean. Madrilen bizi ziren, baina Euskal Herria da haien erreferentzia nagusia».

Bestelako argazkiak ere jarri dituzte ikusgai. «Bidaiak modernitatearen sinbolo bihurtu ziren argazki kamerei esker». XX. mende hasieran, Europako hainbat herrialdetan zehar ibili ziren zubiaurretarrak, eta bidaia horien guztien argazkiak ere gordeta dituzte. Gerora, film bihurtuko zituzten asko: Bartzelona eta Danimarka (1929) hamasei minutuko ikus-entzunezkoa, kasurako. «Bidaien argazkietan haiek azaltzen dira beti: bere buruari begira ari den bidaiaria irudikatu nahi dute, nolabait».

Zubiaurre anaiek egindako margolanak jarri dituzte erakusketaren bukaeran. «Margolanengatik dira ezagun, eta ez argazkiengatik», azaldu du Gonzalezek Valentin Zubiaurreren Bertsolariak (1913) koadroaren aldamenean. «Ezin da harreman funtzional zuzena egin argazkien eta koadroen artean. Baina margoetan azaltzen diren irudiek aurrez gaztaroan ateratako argazkietan azaltzen den errealitatea islatzen dute. Zubiaurretarrek oroimen grafikoa izan zutela esango nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.