Bay of Biscay festibala

Kresal usaineko musika jaialdia

Bay of Biscay festibalean Rufus Wainwrightek, Crystal Fightersek eta Belakok joko dute, besteak beste. Izena ez ezik, kokalekua ere aldatu dute aurten, eta Bermeon izango da

Crystal Fighters taldea, joan den urtean MTV sarien harira Barakaldon emandako kontzertuan. MIGUEL TOÑA / EFE.
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Bermeoko (Bizkaia) Aritzatxu hondartzako talaiara egin du salto lehen Mundaka Festival zenak. Lekua aldatzearekin batera, izena ere berria izango du 5. aldi honetan: Bay of Biscay. Aparkaleku, kanpaldi eta irisgarritasun zerbitzuak hobetzeko asmoz egin dituzte aldaketak. Gaur hasi eta igandera bitarte egingo dute elektro swing, rock, pop eta beste hainbat musika estilo biltzen dituen jaialdia. Aurreko urteetako filosofiari eutsi nahian, aurten ere lotura hirukoitza egin nahi dute: festibalean parte hartuko duten taldeen, tokiko gastronomiaren eta kostako paisaiaren artekoa.

Wave Rave izeneko ekitaldiarekin hasiko da jaialdia. Hainbat talde ariko dira, besteak beste, Niña Coyote eta Chico Tornado, Belako eta Maren; azken horrek emango die hasiera kontzertuei. Nazioarteko taldeak ikusteko aukera ere egongo da. Dancehall eta trap estiloak nahasten dituen Bag Gyal artista madrildarraz gain, Crystal Fighters taldea ere arituko da, indiearen eta musika elektronikoaren fusioa egiten. Portugaldik etorritako Marfox DJarena izango da gaurko azken kontzertua, Afrikako erritmoak uztartuz egunari amaiera emango diona.

Biharko egitaraua Dekot taldearekin hasiko da, rock alternatiboa eta indie musika nahasten dituena. Estilo bera landuko du, haren ostean, Algel Stanich artistak. Jarraian, Txiletik etorritako Mon Laferte eta elektro swing frantsesa jotzen duen Caravan Palace taldea izango dira. Eta Fuel Fandangok hartuko du lekukoa gero, musika flamenko eta afroamerikarra pop-arekin eta elektronikarekin uztartzen dituen bikotea. Anita Parker taldea ariko da gero; orain arte bi disko atera ditu Arrasateko (Gipuzkoa) taldeak, eta elektro swinga eta musika elektronikoa uztartuz girotuko du jaialdia. Eguna amaitzeko, DJ Papaya ariko da oholtza gainean.

Etzi, The Mani-las hirukotea izango da lehenik, rocka oinarri duen hiru emakumez osatutako taldea, hain zuzen. Jarraian, hainbat musika estilo uztartzen dituen James Room eta haren taldea, Weird Antiqua, igoko dira agertokira. Rufus Wainwright artista ere izango da jaialdian: Loudon Wainweight III eta Kate McGarrigle folk artisten semea goiz hasi zen musika ikasten. 1998an bere izena daraman diskoa atera zuenetik gaurdaino, lanak argitaratzen eta kontzertuak ematen jarraitu du. Bi hamarkadako ibilbideari errepasoa egingo dio oholtza gainean.

Carlos Tarque M Clan taldeko abeslaria izango da jotzen hurrengoa, eta bakarkako bere lehen lana aurkeztuko du, Tarque delakoa. Taldearen ildo nagusiari eutsiz, rock doinuez osatutako diskoa da. Jarraian, Backyard Babies hard-rock, punk eta rock musika uztartzen dituen talde suediarraren txanda izango da. XX. mendearen amaieran egin zen ezagun, eta rock eskandinaviarraren mugimenduan talde erreferentea da. Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra izango da jaialdikoa. Bertan, betiko kantuez gain, aurten argitaratutako Silver & Gold diskoko abestiak joko dituzte. Hurrengoa, berriz, Peacky Joke taldeko abeslaria izango da: Lemy River. Eta bukatzeko, aurreko egunetan bezala, DJa egongo da; oraingoan, On&Onen txanda izango da.

Azken eguneko kontzertuak Lamera parkean egingo dituzte, doan. Zona Zero taldeak irekiko du egitaraua. Bermeokoa da taldea, eta 2012tik, hasi zirenetik, bi disko atera dituzte: lehena, 2016an, Sin Rumbo, eta bigarrena, berriz, Con la cabeza del revés, 2018an.

Ondoren, Sex Museum arituko da; rock psikodelikoz girotutako 30 urteko ibilbidearen ostean, joan den urtean argitaratutako diskoa joko du taldeak, Mussexum delakoa. Bukatzeko, The Bromsom taldeak emango dio amaiera jaialdiari. Euren kantuak jotzeaz gain, 70eko eta 80ko hamarkadetan nagusitutako Kool & The Gang eta Prince taldeen bertsioak joko dituzte.

Bien bitartean, gastronomiari ere erreparatuko dio festibalak, Bermeo Keep on Cooking dinamikaren bidez. Bertan, hainbat dastaketa eta azoka egingo dituzte. Gaur irekiko dute gune hori, Ugarte Anaiak txalapartariekin, Aukeran dantza taldearekin eta Crystal Fightersekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.bayofbiscayfestival.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.