Iruñea, flamenkoaren hiriburu

Gaur hasiko da Flamenco on Fire jaialdia, Iruñean. Seigarren aldia du, eta transmisioan oinarritu dute. Kontzertuak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak egongo dira, sei egunez
Jose del Tomate eta Tomatito, udaletxeko balkoitik kontzertua ematen, iazko jaialdiko Flamenkoa Balkoietan zikloan.
Jose del Tomate eta Tomatito, udaletxeko balkoitik kontzertua ematen, iazko jaialdiko Flamenkoa Balkoietan zikloan. FLAMENCO ON FIRE

Ane Eslava -

2019ko abuztuak 20
Ez da hirian errotuen dagoen arte adierazpidea, baina Iruñea flamenkoaren erakusleiho bihurtuko da gaurtik igandera bitarte. Kontzertu, errezital, hitzaldi eta tailer andana egongo da hiriko areto eta kaleetan, seigarren Flamenco on Fire jaialdiaren barruan. Bi helburu nagusirekin antolatzen dute ekitaldi hori abuztu oro: batetik, flamenkoa herritarrengana gerturatzea, eta, bestetik, Agustin Castellon Sabicas omentzea eta hirian izan zuen tokia aldarrikatzea. Sabicas Iruñean jaio zen, 1912an, eta 5 urte baino ez zituenean hasi zen gitarra jotzen. Munduan zehar ibili zen gaztetatik, flamenkoaren izen handiekin batera, arte adierazpide hori bazter guztietara zabaltzen. 50 disko baino gehiago ondu zituen, eta bati Flamenco on Fire izena jarri zion. Lan horrek, hain zuzen, eman dio izena jaialdiari.

2014an ospatu zuten lehen aldiz Sabicasen omenezko jaialdia, tokiko jaialdi txiki baten moduan, eta urtez urte handituz eta errotuz joan da. Aurten, antolatzaileek kalitatearen eta sormenaren aldeko apustua egin dute, egitarau zabal bat eskainita. Urtero bezala, Kontzertu Handiak eta Gaueko Zikloa izango dira ekitaldi nagusiak, baina doako jarduera ugari ere egongo dira, aire zabalean, eta ikasteko parada ere egongo da, hitzaldi, mahai inguru eta errezital ugari egongo baitira. Aurten, belaunaldien arteko transmisioaren gaiak zeharkatuko du jaialdi osoa.

Parte hartzaileen artean, Sara Baras Cadizko (Espainia) flamenko dantzariaren emanaldia da flamenkozaleek gogotsuen espero duten saioa. Barasek orain dela bi urte estreinatu zuen Sombras ikuskizuna, eta mundu osoko oholtzatan erakutsi du. Gaur gauean, lan horren bertsio berezi bat aurkeztuko du, Baluarte aretoan, Kontzertu Handiak zikloaren barruan. Bihar, egoitza horretan taularatuko da hamabost urteren ostean oholtzetara itzuli den Ketama taldea; ostegunean, Jose Mercek eta Tomatitok De verdad proiektua aurkeztuko dute; ostiralean, Jorge Drexlerrek eta Rocio Marquezek Aquellos puentes sutiles egitasmoa erakutsiko dute; larunbatean, Rocio Molinoren Caida del cielo filma ikusteko aukera egongo da, eta, igandean, amaitzeko, Israel Galvan dantzariak Fla.co.men proiektua aurkeztuko du.

Gaueko Ziklorako, oholtza flamenko bat jarriko dute Tres Reyes hotelean, tablao bat, kontzertu intimoagoak eta bereziagoak egiteko, egunero, 23:30ean. Rancapino Chicok —Alonso Nuñez Nuñez Rancapino maisuaren semeak— zabalduko du zikloa, gaur gauean, Por mi amor al arte ikuskizunarekin. Hurrengo egunetan, Carlos de Jacoba, Juan de Juan, El Farru, Maria Terremoto eta Paloma Fantova taularatuko dira programa horren barruan.

Ziklo nagusiez gain, kaleko jarduerak ere egingo dira. Aurreko urteetan, Flamenkoa Balkoietan programakoak izan dira gehien txalotutakoak. Hiriko hiru tokitako balkoietan egingo dituzte kontzertuak, egunero, egitasmo horren barruan: Mañueta kalean —Sabicasen bizileku zena—, Udaletxe plazan eta Gaztelu plazan. Parte hartzaileen artean egongo dira, besteak beste, Sergio de Lope, Rafael Borja, Paco Leon, Pepe Habichuela, Tomatito, Maria Terremoto, Jose del Tomate eta Jose Angel Carmona. Balkoietako saioen helburu nagusia musika herritarrengana gerturatzea da. Orain dela hiru urte sortu zuten zikloa, eta sendotuz eta errotuz joan da.

Helburu bera du Jam Flamenca zikloak ere. Asteazkenetik aurrera, hainbat artistak dj saioak egingo dituzte Basotxoan; ondoren, kontzertuak egongo dira toki berean, eta amaitzeko, inprobisazio saio bat egingo dute. Artisten eta ikus-entzuleen arteko hartu-emanak, interakzioak eta inprobisazioak toki nabarmena izango dute saio horietan.

Flamenkoaren transmisioa lantzeko eta bultzatzeko, Belaunaldiak, mitoak eta promesak kontzertu zikloa antolatu dute. Gaur hasiko da, arratsaldeko zazpietan, Rancanpinoren emanaldiarekin, eta, hurrengo egunetan, flamenkoaren maisuak eta artista gazteak tartekatuko dira Basotxoan, Kondestablearen jauregian eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren Civican zentroan jarri dituzten oholtzetan. Curro Albaicin eta Pepe Habichuela, Maria Jose Llergo, Jose del Tomate, Sergio de Lope eta Ezequiel Benitez izango dira parte hartzaileak.

Ahozko transmisioa

Ikasteko aukera ere eskainiko du jaialdiak, Iruñeko Arte Flamenkoari Buruzko VI. Jardunaldiarekin. Hamaika artistak eta adituk parte hartuko dute bihartik igandera bitarte egingo diren tailer, hitzaldi eta mahai inguruetan. Gaz Kalo ijitoen Nafarroako elkartearekin elkarlanean antolatu dute programa, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren, Rural Kutxaren eta La Caixa gizarte ekintzaren babesa jaso dute. Saioetan ahozko transmisioaren garrantzia landuko dute batik bat. Jaialdia iragartzeko irudiaren egileak ere, Mikel Urmenetak, kultur transmisioaren ideia erabili du inspirazio gisa: gitarra bat marraztu du, zeinaren sokek haur baten zilbor hestea irudikatzen baitute.

Gastronomiarako tartea ere izan dute festibalean, Sabicasen Pintxoa izeneko ibilbidearekin. Hiriko hemezortzi tabernari eta sukaldarik errezeta bereziak sortu dituzte, Sabicasen irudia eta flamenkoa oinarri hartuta.

Gaur abiatuko da Flamenco on Fire, eguerdiko hamabietan, txupinazoarekin. Iruñeko katedralean egingo dute ekitaldia, eta protagonista berezi bat izango du: Gabriela izeneko kanpaia. Elizako kanpairik zaharrena da; bostehun urte bete ditu aurten, eta omenaldia egingo diote.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna