Donostiako 67. Zinemaldia. Perlak

Borroka batera batzearen beste aldea

Jane Seberg aktoreak Pantera Beltzak taldearekin aritzeagatik jasan zuen jazarpena kontatu du Benedict Andrewsek 'Seberg' filmean. Kristen Stewart da protagonista

itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
1960ko hamarkadaren azkenak dira, Parisen. 68ko maiatzak bor-bor jarri du kaleko giroa, eta munduaren taupada ere hala doa, ez pausatuago. Vietnamgo gerraren urteak dira, beltzen eskubideen aldeko mugimendua bizi dabil AEBetan, eta hor hartuko du lur, Paris atzean utzita, Jane Seberg aktoreak. Hara daraman hegazkinean sartu, eta ezustean iskanbila piztuko da bera jarrita doan aldean, pribilegiatuenean: gizon beltz bat sartuko da hegazkineko laguntzaileari oihuka, ea bere dirua zuriena baino ilunagoa iruditzen zaion, nola litekeen Malcom X-ren alarguna atzeko jarleku triste batean edukitzea, hor izan beharrean, aurreneko ilaretan. «Barkatu, jauna, baina ez zait politika interesatzen», esango dio langileak, hura lasaitu nahian. Eta zuzen erantzun gizonak: «Baina politikari bai zu». Eszenari begira adi dago Seberg. Zutitu, eta bere lekua eskainiko dio gizonari. Lehen konplizitate keinu bat, eta hegazkinetik jaitsi bezain pronto hurrengoa: hegazkinean etorri diren Pantera Beltzak taldeko kideak ezkerreko ukabila altxatuta ari dira argazkilarien aurrean posatzen, lurreratze pistan bertan. Aktorea haiengana hurbildu da, haien artean sartu da, eta ukabila altxatu du berak ere, kamerei begira-begira, egiten ari denaren jakitun. Baina, agian, ez noraino.

Sebergen (Marshalltown, Iowa, AEB, 1938 - Paris, 1979) bizitzako aldi jakin bati begiratu dio Benedict Andrewsek biopic generoko bere film berrian: aktorea AEBetara lekualdatu, eta Pantera Beltzen mugimenduarekin harremanetan jarri zeneko sasoian kokatu du kontakizuna. Ordurako, Nouvelle Vague-ko ikono bat zen Seberg; batik bat, Jean-Paul Belmondorekin batera egin eta Jean-Luc Godardek zuzendu zuen À bout de souffle lanari esker (Ihesaren amaieran, 1960). Urte batzuk lehenago, Otto Premingerrek eskaini zion bere lehen lan handia, Saint Joan filmean (1959). Garai hartako emakume moderno eta librearen irudia gorpuzten zuen aktoreak.

Ospetsua eta diruduna izan zela eta hainbat maitale izan zituela jasotzen dute haren biografiek. Haietariko bat izan zen pelikulan hegazkinean agertzen den aktibista beltza: Hakim Jamal (Anthony Mackie). Hegazkineko enkontru haren ostean, maitasun istorio batean korapilatzen dira biak, eta beltzen eskubideen aldeko mugimendua diruz laguntzen hasiko da aktorea. AEBetako espioitza sareak orduan hartuko du Seberg susmopean. Ulergaitza zaie nola batu den aktorea ustez berea ez den kausara. Nolanahi ere, FBIk, AEBetako Ikerketa Bulego Federalak, ez dio bat bera ere barkatuko, eta kontrainteligentzia programaren ituan jarriko du. Haren aurkako difamazio eta espioitza kanpaina bortitz baten aurrean, bere buruaren kontrola eta, oro har, arlo pertsonaleko oreka galduz joango da aktorea.

Iraultzak eta izarrak

Azken abuztuan Veneziako zinema jaialdian aurkeztu ostean, atzo Donostiako Nazioarteko 67. Zinemaldian erakutsi zen lehen pelikula izan zen Seberg, Perlak sailean. Emanaldiaren osteko agerraldian zuzendariak azaldu zuenez, «biolentziaren kultura» da pelikulan une oro agerian dagoena: «Nola baliatzen den biolentzia bizitza pribatuetan sartzeko, eta nola estatu batek bere makineria guztia erabil dezakeen aktibismoa hondoratzeko». Filmak baditu Hollywoodeko industriarekin lotzen den zinemaren markak, onen eta txarren arteko banaketa argia, kasurako. Polizia onarena egiten duen agente batek badu bere pisua kontakizunean, Jack O'Connell aktoreak interpretatzen duenak. «Kasu honetan, fikziozko pertsonaia bat da, baina eragiten ari den min horrekin berari sortzen zaion krisi morala da erakutsi nahi nuena; nola aldatzen duen jarreraz begi publikoan dagoen emakume bat apurtzen ikustean».

FBIri dagozkion alderdi guztiak fikziotik idatziak izan direla aipatu zuen zuzendariak, betiere lortu ahal izan diren sekretupeko dokumentuak eskuetan, eta zerbitzu sekretuek erabili ohi zituzten teknikei fidel izanda: espazio pribatua entzungailuz betetzea eta harreman sentimental gordeak argitara ateratzea, besteak beste. Andrews: «Filmak egia baten hondoratzeaz hitz egiten du».

Antzerkitik datorrela gogorarazi zuen zuzendariak, eta, «literatura dramatikoarekin» lan egitera ohiturik egonda, gaineratu zuen erronka bat izan dela beretzat «pertsonaia erreal» baten istorioarekin jardutea. «Hau egiazko bizitza bat izan zen, baina asmoa ez da izan soilik egietan oinarritutako lan bat egitea. Ezinezkoa da. Pelikula batean kondentsazio handia dago beti, eta hau ere destilazio lan bat izan da. Ez dago inoiz istorio osorik».

Kristen Stewart aktoreak egin du Sebergena pelikulan. «Iraultzak izarrak behar ditu», dio momentu batean pelikulako pertsonaiak, eta, batez ere, horren inguruan galdetu zioten atzo Stewarti, izarra izateaz eta iraultza egiteaz: «Oso kontzientea naiz nire esanek izan dezaketen oihartzunaz, baina uste dut nire egiteko moduek, proiektuak hautatzeko erak, nola hitz egiten dudan prentsarekin... horrek guztiak erakusten duela nor zaren, eta hori jada ardura bat da bere horretan».

Filmaren inguruan, hasieratik «argi berezi bat» ikusi ziola azaldu zuen aktoreak: «Bulkada arraro bat, norberaren gaineko zerbait ukitzen duten istorioak besteei kontatzeko gogo moduko bat». Esku artean duen proiektu bat ere aurreratu zuen: The Chronology of Water, Linda Yuknavitchen izen bereko liburuaren egokitzapen bat. Stewartentzat, «emakume bati buruz inoiz irakurritako istoriorik zintzoena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.