Artea zabalduz komunitatea eraiki

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak erakusketa kolektibo ibiltari bat eramango du Agoitz, Tutera, Tafalla eta Altsasura. Martxora arte, bost sortzaile nafarren lanak izango dira ikusgai herri horietan

Ane Eslava.
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak Uholdeak izeneko programa antolatu du, bertako artisten lanari bultzada emateko eta arte garaikidea Nafarroan zehar hedatzeko helburuz. Lau udalerritako kultur aretoetan ikusgai jarriko dituzte bost artista nafarren lanak, eta hainbat jarduera antolatuko dituzte, herritarrak engaiatzeko.

Joan den ostiralean abiatu zen programa, Agoizko Kultur Etxean, eta han egongo da erakusketa urriaren 30era arte. Azaroaren 8an Tuterako Almirantearen etxera helduko da, eta hilabete bat egongo da han; urtarrilaren 10etik otsailaren 2ra Altsasuko Iortia kultur gunean izango da; eta otsailaren 7tik martxoaren 1era, berriz, Tafallako kultur gunean.

Proiektuaren jatorria Uharteko Zentroan antzeman zuten behar batean dago: zentroan sortzen ari diren proiektuei «irteera bat» emateko eta jendearengana helarazteko premian. «Proiektuetako asko ikerketara edo esperimentaziora mugatzen dira; horregatik, egileei eman nahi genien aukera horiek erakusteko eta ikus-entzuleekin hartu-emana izateko», azaldu du Oskia Ugarte zentroko zuzendaritzako kideak. Uharteko Zentroan, baina, ezin zuten beren gain hartu halako tamainako proiektu bat, eta horregatik, Kutxa fundazioaren eta La Caixa fundazioaren laguntza izan dute hura aurrera ateratzeko: 50.000 euroko finantzaketa eman dute.

Hiru dira egitasmoaren helburu nagusiak: lehenik, artea deszentralizatzea eta herrialdearen hainbat tokitara eramanez sareak sortzea; bigarrenik, tokiko sortzaileen lana zabaltzea; eta, azkenik, komisariotza sustatzea, lan hori ez dadin mugatu artelanen aukeraketara. «Nafarroan komunitate artistiko bat sortu nahi dugu», laburbildu du Maria Ozkoidik. Proiektuaren komisarioa da Ozkoidi, eta parte hartzeko aukeratu dituen artistak, berriz, honako hauek dira: Amaia Molinet, Fermin Jimenez, Greta Alfaro, Leire Urbeltz, Fermin Diez de Ultzurrun eta Maia Villot. Azken horrek ez du erakusketarik izango, baina performance saioak egingo ditu herrietan.

Komisarioa Nafarroara itzuli berri da zenbait urtez kanpoan lanean aritu ondoren, eta etxera itzultzeak lurraldearen kontzeptuaren inguruan lan egiteko grina piztu diola azaldu du: «Horregatik, Uholdeak egitasmoan, lurraldearen, familiaren eta identitatearen inguruan hausnartzeko proposamena egin diet sortzaileei». Zehazki, «mahaiaren bueltan gertatzen dena» abiapuntutzat hartzeko proposatu die, eta horrekin lotuta dago, hain zuzen ere, aurtengo egitasmoari jarri dioten leloa: Mahaira. «Denok esertzen gara mahaiaren inguruan; hortaz, uste dut lanerako espazio interesgarri bat izan daitekeela», adierazi du komisarioak. Hala, artistek mahaiaren inguruan atera daitezkeen gaien inguruko gogoeten berri eman diete elkarri prozesuan: lurraldea, muga, lankidetza, botere harremanak... «Hartu-eman horien bitartez, banakotasuna alde batera utzi, eta elkarlana bultzatu dugu».

Mahaia, kritikarako tresna

Greta Alfarok bi pieza jarri ditu ikusgai; bat hamar argazkik osatzen dute, eta bestea ikus-entzunezko pieza bat da. «Argazkiek, lehenengo begiradan, familia edo lagun arteko girokoak dirudite, baina, errealitatean, biolentzia da guztien atzean dagoen gaia», azaldu du Ugartek. Irudietako batean, gizon bati odola dario sudurretik; beste batean, batek begia ubeldua du... «Bortizkeria txertatu du eguneroko irudietan». Bideoan ere mahaiaren irudia erabili du gizarteari kritika egiteko: irudietan bankete bat agertzen da, baina sai batzuk heldu, eta dena jaten dute.

Fermin Jimenezek ere bi obra erakutsi ditu. Horietako batean denboraren inguruan hausnartu du: irudietan artista bera agertzen da, haren jaioterriko lagunekin elur bolak jasotzen, neguan; ondoren, Iruñean, familiaren etxeko hozkailuan elurra gordetzen azaltzen da; azkenik, udan, bola horiekin jolasten agertzen dira, igerileku batean. Beste piezan, mahaiaren irudia erabili du, eta ironiarekin jolastu. Bi mahairen gainean kanikak jarriz eta mugimendua erabiliz, «ezegonkortasun sentsazioa» transmititu nahi izan du.

Fermin Diez de Ulzurrunek ere bideo bat egin du, «gizarte kapitalistan sortzaileek bizi duten prekaritate egoera» salatuz, ogitarteko baten irudia erabilita. Gai berari lotuta, sirena bat jarri du erakustaretoan: goizeko seietan, eguerdiko ordu bietan eta gaueko hamarretan jotzen du; lanaldien orduetan.

Leire Urbeltzek egin du lanik pertsonalena: familiaren gaia landu du haren amonarekin lotura handia duen instalazio batean. Amona hil zitzaionetik haragia jateari utzi dio Urbeltzek, haren figurarekin lotzen baitu abeltzaintza eta animaliak elikatzeko erabiltzea, eta bera gabe horrek zentzua galdu du harentzat. Horri tiraka, lurraldearen eta identitatearen inguruan hausnartu du. Azkenik, Amaia Molinetek ere lurraldearen kontzeptuaz gogoeta egin du ikus-entzunezko pieza batean, gizakia arrotza den tokietan irudikatuz.

Hartu-emana herritarrekin

Baina egitasmoa ez da erakusketetara mugatuko. «Harago joan nahi izan dugu», adierazi du Ugartek; «Lurralde horiek engaiatu nahi ditugu, horietan erroak bota, eta biztanleekin topatu». Hala, hainbat jarduera antolatu dituzte lau herrietan, bizilagunekin hartu-emana egon dadin.

Lau dira proposatu dituzten ekintza nagusiak. Batetik, komisarioak erakusketari lotutako elkarrizketa bat izango du herri bakoitzeko pertsona esanguratsu batekin. Bestetik, sortzaileek arte tailerrak emango dituzte: Agoitzen Fermin Diez de Ulzurrunek emango du; Fermin Jimenezek Tafallan, eta Leire Urbeltzek Tuteran eta Altsasun. Bestetik, Maia Villotek Natura morta performancea erakutsiko du herri guztietan, eta, azkenik, lan saio bat egingo dute hezkuntzako profesionalekin. Horrekin lotuta, Uholdeak egitasmoaren barruan, Uharteko Zentroko taldeak diseinatu duen tresna bat aurkeztuko dute aurki: Tresnaka, irakasleek ikasgeletan artisten sortze prozesuak lantzeko baliabidea.

Programa burutzeko, itxiera jardunaldia egingo dute Civican aretoan, heldu den urtearen hasieran. Proiektuaren lehenengo aldia izanik, hausnarketarako tartea hartuko dute amaieran: komunitate artistikoko kideak gonbidatuko dituzte Nafarroako ehun artistikoaren egoeraren inguruan hausnartzera eta eztabaidatzera. Aurrera begirako erronkak eta helburuak ere ezarriko dituzte, antolatzaileek argi baitute, lehenengo aldia izanagatik, Uholdeak egitasmoak aurrera jarraituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.