Kultura, kulturaren ifrentzuan

'Xangre' punk literaturako fanzinea sortu dute Igor Mercadok, Gotzon Hermosillak eta Iñigo Basaguren-Duartek. Narrazio, erreportaje eta itzulpenekin osatu dute

Ane Eslava.
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Punk literatura zer den zehazki ez dakiten arren, badakite hori dela egin nahi dutena: kultura ofizialaren «atzean, azpian edo kontra, ifrentzuan» dagoen literatura. Literatura «makarra». Eta euskaraz. Kulturan bide nagusiak ez diren batzuk daudela iritzita, horiek hartu, eta gogoko dutena egiteko arriskatzea erabaki dute Igor Mercado, Iñigo Basaguren-Duarte eta Gotzon Hermosilla idazleek. Emaitza 48 orriko fanzine bat izan da: Xangre.

2016an Barnezomorro argitaletxe autogestionatuaren sorrerarekin abiatutako bidean beste urrats bat da hiru idazleek orain egin dutena. Urte horretan, zigilu horren pean argitaratu zituzten Basaguren-Duarteren Erori eta hiru kideen Idoloak akatu genituenekoa narrazio bildumak. Hermosillaren ustez, bigarren horrekin «argi geratu zen» zer egin nahi zuten; zer zen punk literatura: «Narrazio bakoitza punk edo hardcore kantu batekin lotu genuen, eta oso argi ikusten zen zein zen lotura guk idatzi nahi genuenaren eta punkaren artean».

Oraingoan, fanzinea aukeratu dute horretarako. Erosoa suertatzen zaie euskarri hori, hirurak arituak baitira punk fanzineetan: Mercado, Zarata-n; eta beste biak, berriz, Izu Giroa-n. «Pentsatu genuen mota horretako fanzinearen formatua egokia izan zitekeela guk landu nahi genuen literaturarako», azaldu du Hermosillak, idazle eta BERRIA egunkariko kazetariak. Hori erabakita, lagunak bilatzeari eta proiektua martxan jartzeari ekin zioten; «ausardiarekin», kontrakulturan bide berri bat urratzeko.

Hiru kideek sortu dute proiektua, baina ez dira bakarrik egon. «Fanzinearen espiritutik gertu» dauden lagunen kolaborazioak ere izan dituzte; kasu honetan, Iñigo Astiz idazle eta BERRIAko kazetariarenak eta Oier Guillan idazle, kazetari eta antzerkigilearenak. Aurrerantzean esparru hori zabaldu nahi dutela aipatu du Hermosillak, Bizkaitik kanpoko idazleen eta emakumezkoen sinadurak gehitzeko: «Plataforma xume hau eskaini nahi diegu erabili nahi duten guztiei».

Hiru eduki mota sartu dituzte fanzinean: hiru sorkuntza, bi testu informatibo eta itzulpen bat. Mercadok, Astizek eta Guillanek narrazio bana sortu dute: England Über Alles, Hondartzara eta Lore saltzailea, hurrenez hurren. Arlo informatiboan, Daniel Salgado idazle eta kazetari galiziarrari eskaini diote tarte bat. Das Kapital taldeko kide izandakoa da, eta egun Vietcong taldean dihardu Salgadok. Haren olerkiak dira talde horren kantuak, baina oraingoz ez dute diskorik grabatu. Fanzinean, euskarara ekarri dituzte horietako hiru, eta idazlearekin izandako solasaldi bat ere jarri dute, erreportaje formatuan.

Agustin Fernandez Mallori egindako elkarrizketa laburra ere irakur daiteke. Idazle eta fisikariak gaztelaniazko literaturan haustura nabarmena eragin zuen 2006. eta 2009. urteen artean sortu zuen Nocilla project egitasmoko hiru liburuekin, eta haren lanean punk kulturak eraginik izan ote duen jakin nahi izan dute, Hermosillak azaldu duenez.

Azkenik, Jack Grishamen Gaueko emanaldia ipuina euskaratu dute, aldez aurretik ingelesez baino ezin zena irakurri. Kaliforniako TSOL hardcore taldeko abeslaria izateagatik ezaguna bada ere, Grishamek literatur lan zenbait sortu ditu azken urteetan: nobelaren eta memoria liburuaren artean kokatzen den An American demon; Untamed narrazio bilduma —horren barruan dago euskaratu duten narrazioa—; eta Code Blue: A Love Story, A Principle of Recovery: An Unconventional Journey Through the Twelve Steps eta I Wish There Were Monsters eleberriak.

Salgado, Fernandez Mallo eta Grisham aukeratu dituzte «ñabardurak ñabardura» hurbiltzen direlako fanzinearen egileen literatura ulertzeko modura. Halaber, ulerkera horren erreferente baten argazki bat eraman dute azalera: William Burroughsena. Aulki batean eserita agertzen da, kapela buruan eta eskopeta eskuan. Beat mugimenduko idazle nagusietako bat izan zen Burroughs, eta eragin handia izan zuen hurrengo belaunaldietako kontrakulturan. Horregatik zabaldu dute lana haren irudiarekin: «Ondo islatzen du fanzinearen asmoa».

Lehen zenbakia ez dute oraindik jendaurrean aurkeztu, baina dagoeneko hurrengoa prestatzen ari dira. Durangoko Azokan aurkeztuko dute, baina zenbait liburutegitan eskura daiteke jada, baita [email protected] helbidearen bitartez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.