Zinema jaialdi zatikatu bat

Lekeitioko Euskal Zine Bilera zinemaldiak 'online' formatuan eutsiko dio 43. aldiari. Larunbatean hasi eta hilaren 29ra arte, beren webgunean emango dute programazioa

Aitor Abaroak eta Ana Goitiak online egin dute aurtengo Lekeitioko Euskal Zine Bilrera digitalaren nondik norakoen aurkezpena. LEKEITIOKO EUSKAL ZINE BILERA.
Inigo Astiz
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Leiho bat balitz bezala puskatuko da milaka pantaila txikitan Lekeitioko Euskal Zine Bilerako pantaila handia aurten (Bizkaia). Koronabirusari aurre egiteko hartutako segurtasun eta osasun neurriek bultzatuta, sarean egingo dute43. aldia, eta www.zinebilera.eus webgunearen bidez ikusi ahalko da egitarau osoa, larunbatean hasi eta hilaren 29ra arte. «Jaialdi osoa klik bakarrera». Zatikatzea izan da iraun ahal izateko hautatu duten formula. Zailtasuna erronka bilakatu nahi izan dutela azaldu du Xabier Arrate jaialdiaren koordinatzaileak. «Kontakturik gabeko jaialdi bat egiten gabiltza, baina pantailen bidez hurbil egoteko saiakera egingo dugu». Pascal Gaigne konpositorea omenduko dute aurten, bestalde.

Internet bidez egin arren, «presentziala balitz bezala» ikusi ahalko da jaialdia, antolatzaileek zehaztu dutenez. Pelikulak ez dira sarean nahieran ikusteko moduan egongo; emisio egun eta ordu jakin bat izango du haietako bakoitzak, eta ikusleak orduan ikusi beharko du webgunean. Erregistro arin bat egin beharko du aurrez horretarako, izen-abizenak eta beste zenbait datu emanda. Baina, edonola ere, proiekzioa hasi eta eguna amaitu arteko tartea izango dute ikusleek filmak ikusi ahal izateko. EITBren webgunean ere leiho bat izango du jaialdiak.

Urtero ohi dutenez, euskal film luze baten proiekzioak zabalduko du jaialdia. Aurten, esaterako, Imanol Rayok zuzendutako Hil kanpaiak filma eskainiko dute larunbatean, 19:00etatik aurrera, eta Eneko Sagardoi aktoreari ere elkarrizketa egingo diote Lekeitioko Ikusgarri zineman bertan. Hori izango da, gainerakoan, erabat digitala izango den programako egitasmo presentzial bakarra. Zinemara joaten direnek soilik izango dute, beraz, filma ikusteko aukera. Hortik aurrera, ordea, etxetik mugitu beharrik gabe izango dute hamaika film ikusteko aukera ikusleek. Euskarazkoak izango dira emango dituzten lan guztiak. Izan ere, hizkuntza izan da azken 42 aldietan Zine Bileraren ezaugarri nagusia.

Lehiaketa ere izango du aurtengo jaialdiak. «Hori da jaialdiaren bihotza», azaldu du Arratek. Aurten, guztira, 33 proposamen jaso dituzte, eta haietako hemeretzi hautatu dituzte. Film laburrak dira guztiak, baina haien artean badira fikziozko lanak, animaziozkoak zein dokumentalak, eta ikusleak ezagun izango ditu haien zuzendarietako batzuk. Besteak beste, Paul Urkijo zinemagilearen Dar-dar, Maria Elorzaren eta Koldo Almandozen Quebrantos eta Eñaut Castagnetek eta Ximun eta Manex Fuchs anaiek zuzendutako Nire eguneroko maitea, eta Maddi Barber zinemagilearen Gorria dokumentala izango dira jaialdiko saria jasotzeko hautagaiak. Aitor Oñederra animatzaileak, Erika Olaizola aktoreak eta Mikel Rueda zinemagileak osatuko dute epaimahaia.

Azaroaren 28an jakinaraziko dituzte irabazleak; proiekzioa ere antolatuko dute jarraian, eta lan horiekin bigarren saio bat eginda itxiko dute jaialdia hurrengo egunean.

Pascal Gaigne ere omenduko dute. Euskal zinemari ekarpen berezia egin dion egile bat omendu ohi du jaialdiak urtero, Begiradak izeneko aitortzarekin, eta aurten musikari eta konpositorea hartu nahi izan dute gogoan. Aurrez Errobi musika taldearekin aritu zen Gaigne plazaz plaza, eta Zergatik panpox filmerako musika sortzea izan zuen zinemarako egindako lehen lanetako bat, 1985ean. Geroztik, ehun film baino gehiagorentzako musika sortu du, eta Goya saria jaso zuen, esaterako, Handia filmean egindako lanagatik, eta 2018an jaso zuen haren ibilbide osoa aitortzen zuen Sade saria ere. Horregatik guztiagatik omendu nahi izan dute Zine Bileran ere.

Euskal gatazka zineman

Beste jaialdi batzuei ere ireki nahi izan diete atea. Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdian proiektatutako lan sorta bat emango dute, adibidez. Hazparnen (Lapurdi) egiten den Zinegin jaialdiarekin elkarlanean antolatu dituzte beste saio batzuk ere, esaterako. «Euskara hutsezko jaialdi bakarrak gara», azaldu du jaialdiko koordinatzaileak, «eta, beraz, naturala izan da elkarrekin aritzea».

Zineginekin batera, beraz, zinema gaualdia eskainiko dute azaroaren 28an. Eta bi jaialdien elkarlanaren fruitu da azaroaren 29an Urtzi Urkizu zinema aditu eta BERRIA egunkariko kazetariak emango duen hitzaldia ere.Zinemak euskal gatazka nola erakutsi duen aztertuko du kazetariak.

Elkarlanaren ondorio dira jaialdiko beste hainbat saio ere. Euskaltzaleen Topagunearekin batera antolatu ohi dute, esaterako, Kameratoia izeneko ikus entzunezko sorkuntza rallya. Elias Kerejeta Zine Eskolarekin elkarlanean berreskuratzen dituzte iraganeko euskal filmak, Gaur8 atalean. Eta emakumezkoek zinemagintzan duten lekuari buruzko mahai ingurua ere antolatuko dute, hilaren 28an, (H)emen elkartearekin.

Berez, iaz Benito Ansola beka jaso zuen Oier Fuentes zinemagilearen filma ere proiektatu nahi zuten jaialdiko antolatzaileek, baina koronabirusaren eraginez estreinaldia atzeratu beharrean izan da zuzendaria, eta, ondorioz, egiten ari den lanaren aurkezpen bat egingo du jaialdian.

Salbuespena izango da aurtengoa, izan ere. Hurrengo edizioetan online adarrari eutsi arren,jaialdiaren izaera presentziala berreskuratzea da asmoa. Arrate: «Bilera hitza darama jaialdiak izenean, eta presentzialtasuna mantendu nahi dugu, baina aurten saiatu gara leiho batzuk zabaltzen».

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.zinebilera.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.