Albistea entzun

Etxepare, egungo ahotsetatik

Bernart Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' irakurriko dute ekainean Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako irakurketa jarraituan. Obraz arituko dira gaurtik etzira bitarte
Mariasun Landaren ipuin hautatuak irakurri zituzten iaz Arriaga antzokian. Irudian, autorea bera irakurraldiari hasiera ematen.
Mariasun Landaren ipuin hautatuak irakurri zituzten iaz Arriaga antzokian. Irudian, autorea bera irakurraldiari hasiera ematen. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko martxoak 2

Pedro Agerre Axular-en Gero irakurri zuten 400 ahotsek Klasikoen Irakurketa Jarraituaren aurreneko aldian. Joan Antonio Mogelen Peru Abarka etorri zen ondotik, eta garaikideagoak diren beste hainbat gero. Hamalaugarren aldian, klasikoei heldu diete berriro ere; zehatzago, klasikoetan klasikoenari. Izan ere, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae leituko dute aurten Bilboko Arriagan, ekainean. Betiko lez, hitzaldi sorta bat eskainiko dute aurretik Bilbo Zaharra euskaltegiko antolatzaileek: gaurtik etzira bitarte Xabier Amuriza eta Itxaro Borda arituko dira klasikoaz, besteak beste.

Bilbo Zaharra euskaltegiko irakasle eta egitasmoaren antolatzaile Pedro Alberdik onartu duenez, XX. mendekoak izan dira irakurri dituzten liburuetako asko, halabeharrez. «Aditu guztien arabera, garai emankorrena eta aberatsena da literaturaren ikuspegitik». Dioenez, filologia eta hizkuntzalaritzaren aldetik «oso interesgarriak» dira aurreko mendeetako obra «gehienak», baina haien ekarpen literarioa ez da «apartekoa». Alabaina, Etxepareren lana salbuespen horietako bat da. «Bazen garaia berriro ere sorburura itzultzeko».

Hautaketak justifikaziorik beharko balu ere, hainbat arrazoi aletu ditu Alberdik. Euskal literaturak duen lehen obra idatzia da, eta, horrenbestez, ahots goran irakurri beharra zegoen: «Lehenengoa izateak badauka garrantzi bat eman behar zaiona, nik uste. Lehenengoa da, eta bera kontziente da hala dela; idazterakoan, badaki lehenengoa izaten ari dela».

Literatur sistema baten idatzizko hastapena da, baina ez edonolakoa, Alberdik nabarmendu duenez. «Aditu guztien iritzian, euskal literaturak oso debut ona egin zuen Etxeparerekin». Alegia, aitzindari izaera ez ezik, kalitatea ere aitortzen diete paperean ondutako lehen euskal ahapaldiei, antolatzailearen hitzetan. «Poema onak dira». Orobat dira herri poesiaren adierazleak, eta hor dago hautaketaren beste gakoetako bat. «Ahozko tradiziotik eta bertsolaritzatik hurbil zegoen poesia da, ez elitekoa edo landua, Oihenartena bezala; poesia herrikoia da», adierazi du Alberdik.

Herria izan zuen sorburu eta, 500 urteren ondoren, herria du jomuga, antolatzaileak dioenari erreparatuta. Izan ere, Etxepareren hitzek gaurkotasuna dutela uste du Alberdik. Ahapaldietako bat aurtengo edizioaren lelo bilakatu dute, Euskara jalgi hadi plazara esaldi ezaguna, hain zuzen, eta, askotan entzun eta irakurri izanagatik ere, egungo egoeran aplikagarri izaten jarraitzen duela dio antolatzaileak: «Gaur egun edozein euskaldunek sinatuko genuke Etxeparek dioena: Euskara jalgi hadi plazara, jalgi hadi dantzara, irten hadi kalera... mezu hori igual-igual dago orain dela 500 urte eta gaur».

Ahozko tradizioari hauspoa

Obra zehatz bat hautatzen duten arren, eremu zabalago batez aritzeko ere erabiltzen dute lana. Hala, Peru Abarka-ren irakurketa aprobetxatu zuten Bilboren eta bizkaieraren loturari «lehentasuna» emateko, eta, era berean, iazko Mariasun Landaren ipuin hautaketa aitzakia izan zuten haur literaturaz ere hitz egiteko. Horiek horrela, «motibazio bat» dago urtero, eta aurten ahozko tradizioari ere heldu nahi izan diote, Alberdik azaldu duenez. «Poesia mota hau oso aberatsa izan da euskaraz, eta gaur egun ere hala da. Mundu horri garrantzia eman nahi izan diogu Etxepareren bitartez, eta hori izan da hura aukeratu izanaren arrazoi handietako bat».

Ildo horretatik, ahozkotasunak zeharkatuko ditu gaurtik etzira arte Bilbo Zaharrak antolatutako hitzaldiak, eta horren isla da Xabier Amuriza bertsolariak izango duen esangura; bai bihar Korrontzirekin batera egingo duen ekitaldian, baita klasikoaren irakurketaren egunean ere, Alberdik azaldu duenez: «Bera izango da protagonista bereziena, eta berak beteko du Etxepareren lekua. Hautaketa horrek asko markatuko du irakurketa». Biharko saioa ahozko tradizioaren ertz konkretu batean oinarrituko da: koplan, hain zuzen. Amuriza eta Korrontzi taldea moldearen dibulgazioan dabiltza Koplariak disko liburua kaleratu zutenetik, eta horretan ariko dira oraingoan ere Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

Bestalde, Linguae Vasconum Primitiae zer egoeratan sortu zen azalduko dute Patri Urkizu eta Iñaki Aldekoa aditu eta unibertsitateko irakasleek. «Etxepareren bertsogintza jorratuko dute, eta kontatuko dute zein testuingurutan idatzi zuen Etxeparek bere obra», antolatzaileak xehatu duenez. Azkenik, ikuskizun «misto» batekin bukatuko da Bilbo Zaharra foruma. Itxaro Bordak egingo du maila teorikoari dagokion ekarpena, eta Ibon RG-k, berriz, alderdi musikalari dagokiona. Poetak antzeko saio bat egin zuen Mogeli buruz, Pier Paul Berzaitzekin batera orduko hartan. «Itxaro Borda poeta handia da. Nafarroa Beherekoa da, Etxepare bezala, eta maila teorikoan ere asko landu du poesia».

Irakurketa azarora atzeratu beharra izan zuten iaz, baina aurten betiko datetan egiteko asmoa dute; alegia, ekainean, ikasturtea bukatzean euskaltegiko ikasleei eginiko «omenaldia» baita egitasmoa. «Jai egun bat da guretzat, eta aurtengo autorea oso aproposa da jai girorako». Halere, ordura arte ezin jakin aurreikuspenak beteko ote diren. «Egunetik egunera aldatzen da. Gure asmo estandarra hori da: hamabi orduz, Arriagan, 400 irakurle».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Aizpuru aktorea, <em>Loreak</em> filmeko eszena batean. ©JON URBE / FOKU

AMONATXOAREN IDEIA ZARTATZEN

Olaia L. Garaialde

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; BERRIAk gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.

Irene Nemirovsky. ©BERRIA

Literaturaren maleta galduak

Joannes Jauregi

Aurten laurogei urte dira Irene Nemirovsky idazlea Auschwitzen hil zutela. Haren 'Suite frantsesa' eleberriak naziek Frantzia okupatu zutenekoa kontatzen du.

James Baldwinen irudiarekin egindako muntatzea. ©ANE GARCIA
Girlschool taldeko Kim McAuliffe, herenegun, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Girlschool, bigarren lerroan duin

Gotzon Hermosilla

Girlschool taldeak Music Legends jaialdian jo zuen herenegun, Bilbon, eta rock gogorraren eremuan lau hamarkada baino gehiago iraun duen ibilbideari errepasoa egin zioten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...