Hamaguchi, Verhoeven eta Sciamma, Perlak saileko lehian

Donostiako Zinemaldiak aurten nabarmendu diren hamabost lan bildu ditu atalean. Julia Ducournauren 'Titane' emango dute lehiaketatik kanpo, Cannesko aurtengo irabazlea

XV. mendeko Italian girotu du Paul Verhoevenek Benedetta pelikula. Irudian, fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
amaia igartua aristondo
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Cannesko, Veneziako edota Berlingo jaialdietan programatuak izan ondotik, besteak beste, Donostiako 69. Zinemaldian erakutsiko dituzte. Hamabost pelikulak osatuko dute Perlak saila, eta horietako hamabi lehiatu egingo dira. Celine Sciammaren Petite maman, Paul Verhoevenen Benedetta eta Ryusuke Hamaguchiren Guzen to sozo izango dira garaikurra lortzeko hautagaien artean, baita Emmanuel Carrere idazlearen Ouistreham ere; lehiaketatik kanpo emango dute hala nola Julia Ducournau zuzendariaren Titane obra, Cannesko aurtengo zinemaldiko irabazlea.

Gaston Duprat eta Mariano Cohnen Competencia oficial filmarekin inauguratuko dute saila. Ospea eta prestigioa lortzeko helburuarekin, pelikula gogoangarria ekoitzi nahi du enpresaburu batek, eta horretarako, punta-puntako zinemagilea eta aktoreak kontratatuko ditu; Penelope Cruz, Antonio Banderas eta Oscar Martinez ditu aktore taldean. Hamaguchiren lanean, bestalde, hiru emakumeren istorioak gurutzatuko dira; Guzen to sozo-rekin Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen zuzendariak. Beste bi andre jarri dira aurrez aurre Charlotte Gainsbourgen lehen filmean, Jane par Charlotte-n: zuzendariaren beraren eta haren ama Jane Birkinen arteko elkarrizketa sakona agertzen du ekoizpenak.

Denboran nabarmen egiten dute atzera Verhoevenen Benedetta-k eta Xavier Giannoliren Les illusions perdues-ek. Lehenengoa XV. mendeko Italian dago girotuta, izurrite garaian, eta nobizia sartu den andre baten istorioa du hizpide: gazte-gaztetatik mirariak egiteko ahalmena izan du Benedettak, eta hasieratik izango du eragina komentuko bizilagun berriengan. XIX. mendean dago kokatuta, berriz, Giannolirena, eta poeta gazte bat du protagonista: familiaren inprenta utzi, eta Parisera joango da mezenas baten eskutik. Balzacen izen bereko eleberriaren egokitzapena da.

Kontakizun garaikideak dira, aldiz, Louis Garrelen La croisade eta Sciammaren Petite maman; gainera, umeek ardazten dituzte bi istorioak: Garrelenean, mundu osoko ehunka ume batu dira planeta salbatzea helburu duen proiektu misteriotsu batean, eta, Sciammarenean, amona galdu berri duen neskato batek beste bat ezagutuko du, eta etxe bat eraikitzen hasiko dira gertuko zuhaitz batean.

Buruko gaitzez dihardu Joachim Lafossen Les intranquilles obrak, eta agertzen du horiek nola baldintzatzen duten bikote harreman bat. Ezaguna zaio Zinemaldia egile frantziarrari: izan ere, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 2015ean Les chevaliers blancs lanarekin, eta hurrengo urtean Perlak sailean hartu zuen parte L'économie du couple-rekin.

Eutanasiaren gaiari heltzen dio, berriz, François Ozonen Tout s'est bien passé lanak. Garuneko istripu baskular baten ondorioz ospitaleratu dute Emmanueleren aita; esnatzean oso ahul sentituko da, eta ez da gai izango bere kabuz moldatzeko. Hortaz, alabari eskatuko dio hiltzen lagun diezaion. Ozoni ere ez zaio arrotz Donostiako zinema jaialdia: 2012an Urrezko Maskorra eta Gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu zituen Dans la maison pelikularekin, eta Sail Ofizialean lehiatu izan da beste zenbait urtetan ere.

Carrereren fikziozko bigarren filma Florence Aubenasen Le Quai de Ouistreham liburuan dago oinarrituta. Marianne Winckler autore sonadunak lan prekaritatearen inguruko liburu bat idatzi nahi du, eta egoera hori gertutik ezagutzeko ahalegina egingo du: garbitzaile hasiko da lanean. Bestalde, Sean Bakerren Red Rocket-ek arrakasta galdu duen aktore porno bat du hizpide: Mikey Saber jaioterrira itzuliko da, Texasko (AEB) herri batera, baina ez da ongi etorria izango.

Polizia ikerketaren trazak ditu Shipei Wenen Re dai wang shi lanak. Gazte bat konbentzituta dago norbaiten heriotza eragin duela ustekabean. Ezbeharraren ikerketak bizitza aldatuko dio, eta biktimaren alargunarekin harreman anbiguoa izango du. Gainsbourgen kasuan bezala, Wenen debuteko pelikula da Zinemaldian erakutsiko dutena.

Lehiatuko ez direnak

Lehiaketatik kanpo, Todd Haynesen The Velvet Underground dokumentalak itxiko du saila. Rock talde famatuaz dihardu lanak. Lehiatik at izango da, orobat, Ducournauren pelikula: aita batek hamar urtez desagertuta egondako semea aurkituko du krimen batzuk jazo ondoren. Hamaguchik bere bigarren obra izango du sailean: Drive My Car. Haruki Murakamiren narrazio bat du oinarri, eta antzerkiarekin lotutako senar-emazteak dira protagonistak. Egun batean, emaztea desagertu egingo da argitu gabeko sekretu bat utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.