Albistea entzun

'Amatu', amez espero denaz harago

Maite Lopez Las Heras, <em>Amatu</em> saiakera (Alberdania) eskuetan hartuta, Donostian.
Maite Lopez Las Heras, Amatu saiakera (Alberdania) eskuetan hartuta, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2022ko ekainak 21 - Donostia

Ama izateak esan nahi duenaren inguruko jakin-minak bultzatu zuen Maite Lopez Las Heras (Azkoitia, Gipuzkoa, 1985) Amatu saiakera idaztera; euskarazko lehen sorkuntza lana du. Alberdania argitaletxeak kaleratu du, eta Aritz Galarraga izan da editore. Amatasunaren inguruko bizipen pertsonaletatik eta kezketatik abiatuta, hainbat hausnarketa jasotzen ditu. Hala dio epilogoan: «Emakumea noiz amatzen den itaunka jardun izan dut sarritan. Baita amatzeak balizko esanahi unibertsala ote zuen beldurrez igaro ere erditu aurretiko zein ondorengo hilabete luze asko. Ama bihurtzeak homogeneizatzen omen zaitu, eta horren ikarak eragindako aseezintasunak sortutako liburua da hau».

Galarragak azaldu duenez, izenburuak dioen bezala, amatzeari edo ama bilakatzeari buruzko liburu bat da; baina galdera ere egin du: «Zer da zehazki ama izatea edo ama bilakatzea? Noiz bilakatzen da emakume bat ama? Noiz amatzen da?». Galdera horiei tiraka osatu du liburua Lopez Las Herasek.

Idazleak adierazi du amatasuna gizarte guztia ukitzen duen gaia dela. «Jaiotza bera gai unibertsal bat da. Haurdunaldia gai sakona da, landu beharrekoa. Askotan, gai hauek bigarren mailakotzat hartzen dira. Denok gatoz ama batengandik». Haren ustez, amatasuna esperientzia pertsonala da, baina baita instituzio gisa ulertu beharrekoa ere. «Amatasunak hainbat esparru ukitzen ditu, eta askotan soilik amaren esku uzten da. Guztion ardura da, gizarte osoarena».

Bestalde, Lopez Las Herasen esanetan, amatasuna estuki lotuta dago zaintzarekin, eta zaintzak, egun, genero «femeninoa» du. «Jakintzat ematen da ama batek, erditu ostean, haurra zaintzeko ardura hartuko duela. Baina nork zaintzen du ama bat?». Haren ustez, hutsune bat dago hor, erreparatu beharrekoa.

Literatura arloan ere, gabezia bat sumatzen du idazleak: amatasunak ez duela leku propiorik. Beharrezkotzat jo du literatura amatasunez erditzea: «Badirudi orain gero eta gehiago idazteko korrontea dagoela, baina ez da nahikoa». Dioenez, garrantzitsua da amei, ama ez direnei edo izan nahi ez dutenei ahotsa jarri eta literatura bozgorailu gisa erabiltzea.

Ifrentzuan, beste gabezia bat ere atzeman du: aitatasunarena. Esan du inork ez duela galdetzen zergatik ez den idazten aitatasunari buruz, eta hori hausnartu eta aztertu beharrekoa dela dio: «Agian, gizonek bigarren mailako gaitzat hartzen dutelako da; edo beharrik ikusten ez dutelako; edo eroso daudelako».

Liburuan, eskaintza «zirikatzaile» bat egin du: aita guztiei eskainita dago. Azaldu du: «Askotan, amatasunari buruzko liburuak ama direnek edo izango direnek irakurtzen dituzte, baina ez du hala behar». Irakurle mota guztiengana iritsi nahiko luke; izan ere, «bada espero denaren aurkako aldarri bat-edo».

Galarragaren arabera, amatasunaren inguruko liburu bat da, baina ikuspegi «desberdin bat» jasotzen du: «Ez da bereziki ikuspegi onbera: pixka bat azidoa da». Kronika pertsonalaren eta amatasunaren inguruko gida baten artekotzat jo du saiakera. Maiz erabiltzen da bigarren pertsona ere, eta hainbat pasartetan «halako elkarrizketa moduko bat» dago, editorearen hitzetan.

Aurretik eta ondoren

Liburua bi zatitan banatuta dago: erditu aurretikoak kontatzen dira lehen erdian, eta ondorengoak bigarrenean. «Aurretik atalean, amek jasan behar dituztenak ageri dira: besteen begiradak, iruzkinak, sabel ukitzeak... Zer espero den ama batengandik, eta haurdun dagoenak zer espero duen». Ostekoan, berriz, jendearen iruzkin kritikoak landu ditu, haurtzaindegiak, lanera bueltatu beharra, aitona-amonei zaintzaren ardura gainjartzea, edoskitzaroa... «Liburuaren atzean, halako gizarte kontsumistaren kritika dago. Eta hori egin nahiko nuke. Ez bakarrik amatasunean bertan gelditu, baizik eta aztertu horretara zerk bultzatzen gaituen».

Liburuan, hainbat egoera «kotidiano» jasotzen dira. Galarraga: «Adibidez, ama izateko ikasi behar den hiztegi berria; edo gauza bat eta kontrakoa aholkatzen dizuten pertsonak; haurraren adimena, kakotx artean, garatzeko erabiltzen diren estrategiak...». Idazleak dio liburuko bizipenak ezagunak egingo zaizkiola edonori: egunerokoak, kalekoak, gertukoak baitira. «Ez dira bakarrik amek bizi dituzten egoerak». Halaber, amatasuna «plurala» izanik, hori deskribatu nahi izan du. «Nirea beste lekukotza bat da».

Izenburuari dagokionez, polisemikoa da amatu hitza; eta, besteak beste, ama bihurtzea edo maitatzea esan nahi du. «Ama bati zer eskatzen zaio, umea maitatzea? Ama izatea maitatzea? Agian, ez da beti horrela izaten, eta hori esan behar da». Azalari ere egin dio erreferentzia. Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak egin du. «Amatzeari buruzko liburuetan, azala izaten da emakume bat haurdun edo umetxo bat... Nik ez dut hori nahi izan. Erakutsi nahi izan dut kolore eta forma askotakoa dela amatasuna».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iban Illarramendi eta Eider Perez sarituak, gaur goizean, Iruñean. ©Etxepare

Iban Illarramendik eta Eider Perezek irabazi dute Etxepare saria

Berria

'Kiratsa' album ilustratuarekin eskuratu dute saria. Arkakuso baten abenturak ditu kontagai, eta Pamielak argitaratuko du, udazkenean.

Itziar Aizpuru aktorea, <em>Loreak</em> filmeko eszena batean. ©JON URBE / FOKU

AMONATXOAREN IDEIA ZARTATZEN

Olaia L. Garaialde

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; BERRIAk gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.

Irene Nemirovsky. ©BERRIA

Literaturaren maleta galduak

Joannes Jauregi

Aurten laurogei urte dira Irene Nemirovsky idazlea Auschwitzen hil zutela. Haren 'Suite frantsesa' eleberriak naziek Frantzia okupatu zutenekoa kontatzen du.

James Baldwinen irudiarekin egindako muntatzea. ©ANE GARCIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...