Arteari begira, arkitekturatik

Jorge Ramosek paperera eraman ditu Jorge Oteizaren eskulturak, eta arkitekturaren ikuspegitik ikertu. Artea interpretatzeko hiru maila proposatu ditu: hobia, zuloa eta hutsa

Jorge Ramosek Hoyo, agujero y vacío. Conclusiones espaciales en Jorge Oteiza ikerlana aurkeztu du. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Jorge Ramos arkitekto eta irakasleak Jorge Oteiza eskultorearen obra interpretatu du, artearen eta arkitekturaren arteko lotura aztertuz. Artistak eskulturaren bitartez sortu zuen espazioaren kontzeptua ikertu du, eta hiru kategoria proposatu ditu: hobia, zuloa eta hutsa.

Haren doktoretza tesitik abiatuta egin du lana Ramosek, eta Hoyo, agujero y vacío. Conclusiones espaciales en Jorge Oteiza (Hobia, zuloa eta hutsa. Espazioari lotutako ondorioak, Jorge Oteizatik abiatuta) liburuan bildu du emaitza. Jorge Oteiza Fundazio Museoak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Nafarroako Ordezkaritzak editatu dute, Eguesibarko Udalarekin lankidetzan, eta berriki aurkeztu du, Iruñean.

Arkitekturaren esparrutik espazioaren kontzeptua lantzeko xedez ekin zion ikerketari arkitektoak. Oteiza aukeratu zuen, haren espazioaren ulerkeran artearen eta arkitekturaren arteko lotura barneratzen zuelako. Lanean hasteko, eskultorearen obraren inguruko hainbat ikerlan berrikusi zituen Ramosek, eta horietako gehienak arkitekturarekin lotuta zeudela frogatu zuen. «Horrek agerian uzten du bi diziplinen arteko lotura existitzen dela», haren ustez.

Hala ere, Oteizak 1957ko Sao Pauloko Bienaletik itzultzerakoan idatzi zuen testu labur batean topatu zuen Ramosek haren ikerketarako «giltza». Propósito Experimental Irun testuan, artistak adierazi zuen arteak arkitekturaren beharra zuela artelanak «osoak» izateko. «Baieztapen horren ondorioz, pentsatu nuen agian haren eskulturak arkitektura gisa uler zitezkeela», azaldu du Ramosek. Hori dela eta, ikertzeari ekin zion.

Eskulturak aztertzeko orduan, arkitekturan erabiltzen duten metodoa erabili zuen: neurtu, marraztu, eta paperean landu. Ordu ugari igaro zituen obren aurrean, horiek neurtzen eta interpretatzen, baita horien inguruan hausnartzen ere. «Izugarri disfrutatu nuen lan horrekin», aitortu du Ramosek. Marrazki guztiak eta horien inguruko gogoetak liburuan bildu ditu.

Bestalde, eskulturen interpretazio grafikoa ere badago lanean: Juan Carlos Quindos argazkilariak Ramosen ikerlana irudiz hornitu du, argazki dokumental zein esperimentalen bitartez. «Nire interpretazioa zabaltzeko baliagarriak dira argazki horiek». Horrez gain, ikus-entzunezko lan bat sortzen ari dira, baina oraindik ez dute argitara atera.

Ikerketa prozesuaren ondorioz, autoreak hiru maila edo espazio proposatu ditu: hobia, zuloa eta hutsa. Batetik, hobia modelatutako espazioaren ideiarekin lotuta dagoela azaldu du: «Gainazalaren manipulazioan oinarritzen da, eta babeslekua irudikatzen du». Bestetik, zuloaren kategoriak argiarekin du zerikusia: «Argia materia zulatzeko eta horretan sartzeko elementu gisa erakusten du». Azkenik, hutsa arkitekturarekin harreman handiena duen maila dela aipatu du, arkitektoek sortzen dituzten «muga edo paretekin» lotuta baitago.

«Hiru kategoria horiek Oteizaren lana ikertzeko baliagarriak izan daitezke, baina baita eskulturaren eta arkitekturaren arteko lotura ulertzeko ere». Liburuan, artearekin eta arkitekturarekin erlazioa izan dezaketen hainbat proiektu proposatu ditu Ramosek —hala nola eraikin ospetsuak—. Haren helburua jolas bat hastea da, bi diziplinak «modu irekiagoan» ulertzeko.

Hau ez da izan Ramosek arkitekturaren eta artearen arteko harreman espaziala lantzen duen lehen aldia, maiz jorratu izan baitu gaia, liburu, aldizkari eta biltzarretan. Kasurako, 2015 eta 2016 bitartean, Conclusión abierta. El espacio activo de Jorge Oteiza izeneko marrazki eta argazki sorta ikusgai jarri zuen nazioarteko hainbat erakusketatan.

Oteiza museoaren balioa

Liburua «zinez ikusgarria» dela adierazi du Patxi Txokarro Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Nafarroako Ordezkaritzako zuzendariak. Argitalpenaren izenburua «iradokitzailea» dela esan du, eta azalaren irudiarekin duen lotura azpimarratu du. Hain zuzen ere, liburuaren azalean Oteizak egindako marrazki txiki bat agertzen da: pertsona bat irudikatzen du, hondartzako harean egindako zuloan babestuta. «Itzela da ikustea soiltasun horrekin liburuaren esentzia jasotzea lortu dutela». Bestalde, Txokarrok Altzuzako Jorge Oteiza museoaren balio arkitektonikoa goraipatu du: «Museoa ez da oso ezaguna, baina balio izugarria du; gure inguruan dugun arkitektura garaikidearen altxorrik baliotsuena da».

Liburuaren atzean autorearen urte askotako lana dagoela azpimarratu du Gregorio Diaz Oteiza museoko zuzendariak, eta emaitzaren «bikaintasuna, kalitatea eta zehaztasuna» nabarmendu ditu. «Liburu berezi bat da, Oteizaren lanari erraiak ateratzen baitizkio», adierazi du. 2003an Jorge Oteiza Fundazio Museoa sortu zutenetik gaur arte berrogei ikerlan egin dituztela jakinarazi du Diazek, eta kopuru hori txalotu egin du. Izan ere, eskultorearen obrari buruz ikertzea «ezinbestekotzat» jotzen du, baina «nekeza» ere suerta daitekeela uste du: «Artista osoa zen, eta jakintza arlo anitz jorratzen zituen; hortaz, haren lanaren alderdiek maiz kontraesanezkoak dirudite». Hori dela eta, liburua sortzeko elkarlanean aritu diren pertsona eta erakunde guztien lana eskertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.