Albistea entzun

'Belako zaldüna'-ren itzulera

Maule-Lextarrek paratu duen pastoralaren lehen agerraldia egingo dute igandean
Belako zaldna (Arño Laphitz) eta haren emaztea (Aurelie Intxastoitxipi), pastoralaren mustraka nagusian, joan den igandean.
Belako zaldna (Arño Laphitz) eta haren emaztea (Aurelie Intxastoitxipi), pastoralaren mustraka nagusian, joan den igandean. ALLANDE SOKARROS Tamaina handiagoan ikusi

Allande Sokarros -

2018ko uztailak 24

Ardiek ez zuten oholtza gainera igotzeko gogo askorik, eta artzainei apurtxo bat korrika eginarazi zieten Maule-Lextarreko errugbi zelaitik zehar! Azken batean, haatik, nagusia ezaguturik edo gatzaren dastatzeko aukerak konbentziturik, tauladara agertzea onartu egin zuten. Egia da ardi burubeltzak beti direla arriskutsuago, hauek, zubereraz erran ohi denez, odolik beitüe. Pastoral askotan, ardi burubeltzak baino nabarmen patxadatsuago diren buruzuriak —zuberotar-biarnesak deitu ohi direnak— baliatu izan dira artzainen kantuaren unerako. Alabaina, Maule-Lextarrek aurten antzeztuko duen Belako zaldüna pastoralean ardi burubeltzak daude... Eta ikusi beharko nola ibiliko diren milaka ikuslez inguratuta egongo direlarik!

Dena den, behar da gogoan eduki pastorala herri antzerki bat dela, eta horrelako ustekabeak gertatzea beti da ikusleriaren gustuko... arizale eta antolatzaileentzat gutxiago bada ere. Joan den igandean, ohiturak hala nahi duenez, egin zen mustraka edo trebaldi nagusian ez zen egon aparteko gertaera ezegokirik. Mustraka nagusia da sei hilabete iraun duten trebaldien bukaera, zeinetan aktoreek joko-arropak janzten dituzten eta pastorala burutik buru ematen, agerraldi egunetan bezala. Horrek balio du, halaber, egon litezkeen okerren ikusteko eta zuzentzeko. Horietatik oso gutxi gertatu zen, ordea, eta mustraka nagusiaren amaieran Jean-Fabien Lexardoi errejentak poza azaldu zien 120 aktoreei, modu berean hitz egin zuelarik Jean-Louis Aranburu Bidabe kantarien trebatzaileetatik batak. Beste trebatzailea, hain zuzen, haren emazte Pascale Elixondoborda da.

Belako zaldüna-ren 22 jelkaldietan zehar ikusleek gozamenik izango dutela zalantzarik ez dago, gaur egungo pastoralak nahikoa aberatsak eta landuak baitaude taula-jokoaren aldetik. Hala, igande honetan bertan zein hurrengoan —agorrilaren 5a— Maule-Lextarreko kirol zelaira hurbilduko direnek, bertset emateez eta antzerki jokoez gain, hamabi kantuz eta hiru dantza sorkuntzaz beteko dituzte begi-belarriak. Dantza sorkuntzen artean, doi-doi erran dezagun, seigarren jelkaldian izango da ikusgai lehendabizikoa, hain zuzen eslaviar moduko polonesa izenekoa, dantzariek oso atseginez ematen dutena.

Türk andereak

Ikusleek ziur asko txaloka hartuko badute dantza hau eta besterik... ziztu eta oihu-garrasirik egon behar litzateke, ordea, türken eta türk andereen ateraldietan! Izan ere, türk andereek, esaterako, oso esaldi gogorrak botatzen dituzte euskararen aurka, eta ez lirateke erantzun bipilik gabe egon behar! Alabaina, pastoralen arabera, ikusleria ez da beti horrela jokatzen, batzuetan motel asko geratzen baita. Ea zer izango den aldi honetan

Ikusleak, hain zuzen, ohartuko dira aurtengo pastoralean badela haur asko , gazte ugari ere... Baina 60 urtez gorako arizalerik ez dela, edo gutxiren bat. Beharbada gauza ontzat har liteke, hots, pastoralak gazteak dakartzan seinale, baina ohitura baten haustea da nolabait, Zuberoako herri antzerki zaharra beti izan baita belaunaldi guztien bilgune. Haatik, baliteke Maule-Lextarreren kontua soilik izatea hori, hurrengo urteko pastoralean —Pagola herriak emango duena— ikusiko baita zer gertatuko den.

Anartean, aurtengo Belako zaldüna pertsonaiaz argibideak gogoraraztearren, zehatz dezagun Jean Bordaxar idazleak Euskal Herriko seme bat duela gogora ekarriko, haren bizi-urratsek Frantziako armadaburu gisa jardutera eraman bazuten ere. Jean-Philippe de Bela, Belako zaldüna bezala entzutetsu bilakatuko zena, 1709. urtean jaio zen Maulen. Garai haietan ez bazen batere ohikoa ere, nahikoa zahartuko zen, 1796an zenduko baitzen, Pauen (Biarno). Bizi luze horren zati handienean Frantziako armadaburu gisa jardun zuen, Frantziako errege Luis XV.aren zerbitzuan. Hala, Poloniako eta Austriako oinordetza gerretako gatazketan parte hartu zuen, besteak beste. Gudalburu jarduera horretan zebilela, euskal soldaduz osatutako erregimentu bat eratu zuen, Baigorriko seme Harizpe mariskalak geroago egingo zuen bezala, Chasseurs basques edo Euskal ehiztariak eraikiz, Napoleonen gerren garaian. Frantziako erregearen zerbitzari eta armadaburu izanda ere, Belako zaldünak Euskal Herriaz zerbait axola bazuela iritzi dio Bordaxarrek, eta honen frogatzat jotzen du hark idatzitako L'Histoire des basques liburu lodia. Pentsatzekoa da euskaraz ere zerbait jakingo zuela, zatian frantsesa/euskara hiztegi bat moldatu baitzuen dozena bat liburukiz osatutako lan horren hondar.

Garaiz etortzeko deia

Belako zaldünaren jokoan arituko dena, sujeta deitu ohi dena, Arño Laphitz izango da, Pette Ligueix gazteak egingo duelarik Jean-Philippe de Bela gaztearena. Belako zaldünaren emaztearen rolean, berriz, boz ederreko Aurelie Intxaztoitxipi arituko da. Belako zaldünaren ama Isabelle Etxeto izango delarik, aitaren jokoan, aldiz, jaiotzez Getxokoa (Bizkaia) den baina aspaldiko urteetan Zuberoan bizi den Joseba Garai arituko da. Pastoral baten istorioa laburbiltzen duen lehen peredikuaren emailea bi agerraldietan Elise Axigar izango bada ere, txandakatzea egongo da gertakarien ondorioztatze antzeko bat den azken peredikurako. Hala, uztailaren 29 honetako agerraldian Mixel Iturria eta Cedric Zamalbide gizonezko bikotea arituko da rol horretan, baina agorrilaren 5ekoan, berriz, Fabienne Borda, Maite Davant eta Maia Etxart emakume hirukoteak du txanda hartuko.

Bazen hamalau urte Maule-Lextarrek ez zuela pastoralik eman, eta, beraz, gertakizunak ikusmin handia sortu behar luke. Hortaz, guztiz gomendagarria da Zuberoako hiriburura goizik hurbiltzea, jai giroa nagusi izango baita goiz partetik. Hala, 10:00etan pastoraleko arizaleen partaidetzarekin emango den mezatik landa, kalejira egingo da 11:00etatik harat. Jai Alaiaren aterpean 12:30etik haste izango den bazkaritik landa, Belako zaldüna pastoralaren agerraldia 15:30ean tanko hasiko da, errugbi zelaian. Leku franko izango bada ere, goiz bertaratzea da hoberena, 2004. urteko Antso Handia pastoralean gertatu zena ez dadin errepikatu... hots, ehunka lagun sartzerik gabe geratzea antzeztokia lepo bete zelarik oso azkar. Egun hartan, ikusle izan nahi ziren haientzat — batzuk urrundik etorriak gainerat—, pastorala bai izan zela tragedia moduko bat...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Margoak, gaitzen aurka

Margoak, gaitzen aurka

Peru Azpillaga Diez - Bizkaiko Hitza

Ibarrangeluko kultur etxean (Bizkaia), Mari Carmen Zubietaren margolanen enkante-erakusketa solidario bat antolatu dute. Egitasmoaren bidez, Zubietak egindako artelana aitortzeaz gain, minbiziaren aurkako ikerketan lagundu nahi du haren familiak. Dirua lortzetik harago, “kontzientziazioa”; ere bultzatu nahi dute.

Mitsuko Uchida pianista japoniarra. ©HYOU VIELZ

Sarrera gehienak salduta

Gorka Arrese

Donostiako 82. Musika Hamabostaldia gaur abiatuko da. Abuztuaren 27a bitartean 75 kontzertu izango dira, 35 agertokitan. 1,8 milioi euroko aurrekontua dauka jaialdiak

Miren Amuriza, bertsolaria eta idazlea. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sei bertso saio Gasteizen

Berria

Santa Maria plazan bertso saioak izango dira egunero, asteartetik igandera. Haurrentzat 'Urpekariak' antzerkia egingo dute hilaren 4an

Urtzi Urkixo, Mikel Erkiaga, Izaskun Araluzea eta Jenni Alvarado sarituak, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuarekin. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Barriek, goi mailakoen pare

Nerea Lauzirika

Bizkaiko bost artistaren obrak ikusgai egongo dira Rekalde aretoan. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Barriek programaren 10. aldian saritutako proiektuak dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna