Isiltasunaren mintzoak

Luis Miguel Gomez, Koldo Etxebarria eta Jesus Lizaso artisten lanak bildu dituzte 'Bosteko' erakusketa ibiltarian. Isiltasuna du ardatz, eta Bizkaiko bost herritan jarriko dute ikusgai
Abenduaren 30era arte, Bizkaiko bost herritan jarriko dute ikusgai <em>Isilunearen poetika, oihartzuna sortzen duten esentziak</em> erakusketa.
Abenduaren 30era arte, Bizkaiko bost herritan jarriko dute ikusgai Isilunearen poetika, oihartzuna sortzen duten esentziak erakusketa. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko irailak 7
Bizitokia eta sorkuntza. Bi-biak dituzte ezaugarri komun Luis Miguel Gomez (1955), Koldo Etxebarria eta (1960) Jesus Lizaso (1961) artistek. Basauri (Bizkaia) dute hirurek bizileku, eta, nork bere eran eta nork bere ulermen propiotik, isiltasuna artelanen bidez islatzen dihardute aspaldidanik. Bada, elkargune horiei tiraka, Isilunearen poetikak, oihartzuna sortzen duten esentziak erakusketa sortu dute, Bizkaiko Foru Aldundiak urtero antolatzen duen Bosteko erakusketa ibiltarirako. Atzo egin zuten 21. erakusketaren aurkezpena, eta hilaren 23ra bitarte izango da ikusgai Zornotzako Zelaieta zentroan eta, datozen hilabeteetan, geldialdi bana egingo du Arrigorriagan, Leioan, Basaurin eta Getxon.

Ezohikoa izan da aurtengo Bosteko antolatzeko era, Iñigo Sarriugarte komisarioak azaldu duenez. «Orain arte, komisarioak aukeratzen zituen erakusketa ibiltarian parte hartzeko sortzaileak. Oraingoan, aldiz, sortzaileek jo zuten niregana. Proiektu honi forma ematea proposatu zidaten, eta horren emaitza da sortu dugun erakusketa». Komisarioak hiru artisten lanen «koherentzia» azpimarratu du, eta hirurek dituzten lau ezaugarri nabarmendu ditu: sortzaileen bizitokia, adina, elkarren arteko harremana eta artelanetan lantzen duten edukia. «Isiltasunaren filosofiaren alde egiten duten apustu sendoa da hiru sortzaileen arteko lotura nagusia».

Jarraian garatu du ideia. «Basaurin hazi eta hezi dira hirurak, euskal geografiako gunerik industrialenetakoa eta zaratatsuenetakoa den hirian, eta, antzeko belaunaldikoak direnez, nork bere eremutik, espazio kulturalari buruzko eztabaida eta berrikuspenak partekatu dituzte». Nolanahi ere, isiltasunari buruzko gogoeta da lotunerik indartsuena. «Lizaso eskultorearen formen adierazpenean aurki litekeen isiltasuna edota Gomez eta Etxebarriaren margoetan nabarmena den soinu ezak hartzen duen espazioak dira elkargune horren lekuko». Aipatutako ezaugarriek erakusketa antolatzea eta egituratzea erraztu dute, Sarriugarteren esanetan. «Barnerako bidaia bat proposatu nahi diegu ikusleei: ariketa introspektibo bat, gaur egungo gizartean horrenbeste estutzen gaituen zaratatik aldenduta». Dena ez da lotura, teknikoki elkarrengandik urrun baitaude artistak: Etxebarriaren lanek 3D teknologia dute ardatz, Gomezek olio margolanarekin egiten du lan eta Lizaso eskultorea da.

Oinarrietan bat eginik

Erakusketa ibiltaria hamalau piezaz osatuta dago: Gomezek eta Etxebarriak bosna margolan eraman dituzte, eta Lizaso eskultoreak azken hamarkadan sortutako lau pieza aukeratu ditu egitasmorako. Nazioarteko hainbat sari jasotakoa da Lizaso —Arteen Urrezko Domina irabazi zuen Bartzelonako Olinpiar Museoan 2000. urtean, eta Florentziako Biurtekoan ere saritu zuten 2011n—, eta Zornotzako aretoan ikusgai jarri dituen piezek irudikatzen dute zur puskak papera bezain moldagarri eta tolesgarriak izan daitezkeela.

Tolestutako mahaia izeneko artelana da horren adibide: lau hankako zurezko mahaia irudikatu du eskultoreak obran; hiru ertz normal eta laugarrena mahai gainean tolestua dituela. Antzeko efektua du aulki batean tolestutako Sugea zurezko piezak.

Etxebarriak 3D teknologiarekin egiten du lan. «Gizakiaren edertasunari buruz egindako hausnarketen ondorioz sortu ditut erakusketan bildutako obrak. Asko ikertu ondoren konturatu bainaiz sexuen, ideologien eta sorterrien gainetik badagoela zerbait komuna eta unibertsala dena: barneko edertasuna edo edertasun metafisikoa». Sortzaileak Jean Klein filosofoaren hitzak erabili ditu bere lanaren zentzua azaltzeko. «Hala zioen pentsalariak: 'Gizakiak edertasuna maite du edertasunak bere edertasun propioaren berri ematen diolako'».

Elkarren eragina

Etxebarriarentzat isiltasuna da barneko edertasuna antzemateko gakoetako bat, eta horixe irudikatu du margolanetan. «Edertasunaz jabetzeko, beharrezkoa da isiltasunetik begiratzea. Nire lanetan, gizakiak irudikatu ditut, espazio hutsetan edo inolako apaingarririk ez duten areto argitsuetan, zerbaiti begira daudela».

Teknika ezberdinak lantzen dituzten arren, Gomezek dio Etxebarriaren eragina nabari dela bere lanetan. Espazio hutsak irudikatu ditu berak ere. «Nahiko minimalistak dira gure lanak, eta sinpleak dirudite. Baina horrek ez du esan nahi konplexutasunik eta sakontasunik gabeko piezak direla».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna