Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Gainbehera eten nahian

'Beautiful Boy' aurkeztu du Sail Ofizialeko lehiara Felix van Groeningenek. Istorio gogorra kontatzen du lanak: familia baten borroka droga mendekotasunaren aurka
Felix van Groeningen zuzendaria eta Timothee Chalamet aktorea, atzo, Donostian.
Felix van Groeningen zuzendaria eta Timothee Chalamet aktorea, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko irailak 25
Felix van Groeningen zinemagile belgikarrak Beautiful Boy drama aurkeztu du Sail Ofizialeko lehiara. Semearen droga mendekotasunari urte luzez aurre egin behar dion familia baten istorioa kontatzen du filmak. Baina, arazo larri horri buruz bezainbeste, familiaz eta maitasunaz ere hitz egin nahi izan duela adierazi zuen zuzendariak, atzo, goizeko proiekzioaren ondotik. «Filmak ez du soilik mendekotasunaz hitz egiten, familiaz ere hitz egiten du. Eta pentsatzen dut egia dela istorioak zati oso gogorrak dituela, baina baldintzarik gabeko maitasunez eta itxaropenez betea ere badagoela aldi berean».

David aitaren (Steve Carell) eta Nick semearen (Timothee Chalamet) arteko harremana du ardatz kontakizunak. Biak, Daviden bigarren emaztea eta beste bi seme-alaba etxe berean bizi dira, aitak «bere familiarentzat sortu duen paradisu batean», zuzendariaren hitzetan. Nerabea dela, Nick drogak probatzen hasiko da, eta laster eroriko da mendekotasunean, metanfetaminarenean bereziki. Ordutik aurrera, berrosatze uneak eta erorialdiak biziko ditu, eta Nick ez ezik, familia osoa ere astinduko du egoerak. Pelikula ikustean publikoak bere burua egoera horretan jartzea izan zuela helburu zehaztu zuen Van Groeningenek.

David eta Nick Sheff aita-semeek idatzitako bi liburu autobiografiko izan ditu oinarri zuzendariak istorioa osatzeko. Haiekin ere bildu ziren bera eta aktoreak, eta harreman horrek ere asko lagundu ziela azaldu zuen Van Groeningenek. «Liburuek asko hunkitu ninduten, eta film hau egiteko beharra sentitu nuen. Izugarri ikasi dut. Davidek eta Nickek beren bizitzak zabaldu zizkiguten». Chalamet bat etorri zen zuzendariarekin. Bere pertsonaia prestatzean obsesio bat izan zuela azaldu zuen: haren gizatasuna pantailaz bestaldera iristea. «Ez nuen nahi jendeak ikustea zerbait hunkigarria egin nahian ari den aktore bat. Mendekotasuna edonork jasan dezakeela transmititu nahi nuen; horrek mugitu nau». Liburuek bere pertsonaia prestatzeko material ugari eman ziotela azaldu zuen, eta behin filmaketa bukatuta «pertsonaiari agur esatea oso arraroa» egin zitzaiola aitortu zuen, kosta egin zitzaiola —Nicken rola jokatzeko zortzi kilo galdu zituela ere kontatu zuen—.

AEBetan «krisialdi handia»

Esperientzia horren ondotik, droga mendekotasunaren arazoaz ohartarazteko «premia» sentitzen duela esan zuen aktore estatubatuarrak, eta bere herrialdean bizi duten egoeraz mintzatu zen. «Pelikula hau egin ostean zerbait argi geratu bazait, zera da: mendekotasunak ez duela mugarik, eta ez duela estatus, genero edo arraza bereizketarik egiten. AEBetan krisialdi handi bat dago; gehiago dira opiazeoekiko mendekotasunak hiltzen dituenak, errepide istripuek edo armek baino, 50.000 lagun baino gehiago iaz. Oso tragikoa da, jende oso gaztea hiltzen ari delako. Beraz, uste dut benetan premia handia zegoela mezu hau helarazteko». Filmak horretan laguntzea espero duela gaineratu zuen aktoreak; errehabilitazioaz ez hitz egiteko dagoen «tabua» gainditzeaz, besteak beste.

Agerraldiaren amaiera aldera, kalamua legeztatzearen alde edo kontra ote dauden galdetu zieten zuzendariari eta aktoreari; hainbat herrialdetan eztabaidagai den auziaz, alegia. «Nik uste dudana da mendekotasuna duen jendea kartzelan sartzeari utzi behar diogula», erantzun zuen zinemagileak. Harekin bat etorri zen aktorea: «Ados nago, uste dut ez litzatekeela jendea espetxeratu behar droga kontsumitzeagatik». AEBetan mendekotasuna duten pertsona ugari preso daudela —horietako asko beltzak— eta hori ez dela zuzena esan zuen, eta kalamua legeztatzearen alde agertu zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna