Negozioa eta musika, elkarren ondoan

Damien Jurado, Slowdive, Editors, Aphex Twin eta MGMT ariko dira, besteak beste, ostiralean eta larunbatean, BIME jaialdian. Musikaren negozioa izango dute ardatz hainbat hitzaldik

Rachel Goswell, Slowdive taldekoa, abuztuan Portugalen emandako kontzertu batean. JOSE COELHO / EFE.
mikel lizarralde
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
2013. urtean ekin zion Last Tour enpresak BIME antolatzeari (Bizkaia International Music Experience), musika jaialdiek azken hamarkadan industriaren barruan bereganatu duten pisu ekonomikoa aztertzeko asmoarekin, baina baita gogoeta hori musika eskaintza batekin osatzeko xedearekin ere. Bost urte igaro dira ordutik, eta esan daiteke egonkortutako proposamena dela BIME. Aurten 2.000 lagun elkartuko dira bi egunez —atzo eta gaur— Barakaldoko (Bizkaia) BECen 220 adituren hitzaldiak entzuteko. Teknologia berriak, jaialdiak, berrikuntza, bideo jokoak... musikaren industriarekin zerikusia duten hamaika gai jorratuko dituzte, eta, horretaz gain, musika jaialdien biltzar bat ere izango da, festibalen turismoa deitu dutena aztertzeko.

BIMEren ardatzetako bat dira hitzaldi, eztabaida eta biltzarrak, baina Last Tourrek ez du ahaztu jaialdi handi batek musika behar duela, beste ezeren gainetik, zaleak erakartzeko. Eta udazkeneko jaialdi bat izanik, eta barruko espazio itxi batean egiten dela kontuan hartuta, aukera dauka beste jaialdi batzuetan —esaterako Azkena Rocken eta BBK Liven— nekez programatuko lituzkeen artistak sartzeko.

Iazko ereduari segituta, besteen gainetik gehiegi nabarmentzen den artistarik gabeko jaialdia izango da aurtengoa. Hala, bai ostiralean, bai larunbatean, eskaintza zabala egingo du BIMEk, kantautore intimistak, proposamen elektronikoak, pop-rocka eta doinu urbanoak uztartuz. Ostiralean ariko daSlowdive, 1990eko hamarkadan Erresuma Batuan sortutako shoegazing mugimenduarekin jaio, eta indarberrituta itzuli berri den taldea. Neil Halstead eta Rachel Goswellen taldeak Slowdive diskoa argitaratu zuen iaz, eta kritika bikainak jaso zituen bere dream-pop iradokitzaile bezain biziarekin. Estilistikoki oso bestelakoa da Damien Jurado kantautore estatubatuarrak egiten duena. Bi hamarkada baino gehiago daramatza bere proposamen intimista ohiko bideetatik kanpo lantzen, eta argitaratu dituen hamahiru diskoak dira bere begirada irekiaren isla. Azken-aurreko lanetan folka eta ukitu psikodelikoak uztartu ondoren, The Horizon Just Laughed (2018) diskoarekin soiltasunera itzuli da. After-punkaren ikonoen arrastoan jaio zen Editors, eta bere lehenengo lanetan nabarmena zen Joy Division, The Cure, Echo & The Bunnymen eta The Chameleonsen eragina. Dagoeneko sei lan luze ditu argitaratuak, eta aipatutako taldeen oihartzunak desagertu ez diren arren, Tom Smith abeslariak gidatzen duen taldeak erakutsi du gai dela doinu epiko eta ilunak dotoreziaz moldatzeko. Bihar joko du musika elektroniko garaikidearen ikonoetako batek, Aphex Twinek, eta baita JohnMaus post-punk doinuak eta lo-fi soinuak modu oso askean nahasten dituen artista estatubatuar heterodoxoak ere.

AEBetatik dator Stephen Malkmus ere, larunbateko izen ezagunenetako bat. Pavement taldeko abeslari izan zenak aurten kaleratu du bakarkako ibilbide sendo baten azken alea: Sparkle Hard. MGMTk, berriz, indar handiz egin zuen debuta 2008an, eta gero zaila egin zaio bere lehen diskoak lortutako arrakasta berriz lortzea, nahiz eta Little Dark Age azken diskoak indartsu erakusten duen, psikodelia eta synth-pop doinuetatik edaten. Bestalde, larunbatean ia ordu berean ariko dira Sun Kil Moon eta Kurt Vile, jatorri ezberdinak izan arren, folk ehundurak erabiltzen dituztenak bi-biak. Horrek haserre pixka bat eragin du sare sozialetan haien jarraitzaile batzuen artean.Sun Kil Moon Mark Kozeleken (Red House Painters) proiekturik sendoena da gaur egun, eta Kurt Vilek, berriz, disko ugari kaleratu ditu The War on Drugs utzi zuenetik.

Hainbat euskal artistak ere izango du aukera BECeko oholtzetara igotzeko: Unclose, Vulk, Elena Setien, Belako, Hakima Flissi... eta aurten, beste jaialdi batzuek egin duten bezala, musika urbanoari ere leku berezi bat egingo dio BIMEk. Goxo agertokian izango dira joera horien ordezkari Yung Beef, Sara N'Donga, Flaca eta beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.