Turismo bulego bakarra

Euskal Hirigune Elkargoak turismo bulego bateratua sortu berri du. Ipar Euskal Herriko orain arteko bulego guztiak egitura berean ariko dira, politika berritzaile bat ezarririk.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako turismo bulegoak barnealdera ere eraman nahi ditu bisitariak. Irudian, Enaren bidea turismo ibilbidea. RICHARD JENKINSON.
Ainize Madariaga
Baiona
2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Badira bi urte Euskal Hirigune Elkargoa sortu zela, Ipar Euskal Herriak zeuzkan hamar herri elkargoek bat eginik. Hots, 158 herritako 300.000 biztanleak ditu biltzen. Halaber, Frantziako Notre legearen arabera, Hirigune Elkargoek badute beraien estatutuetan derrigorrezko eskumen bat: turismoaren sustatzea eta, horren barnean, turismo bulegoaren sortzea. «Turismo iraunkorra nahi dugu, hori ofiziala da, adostu eta idatzi duguna, nahi duena oreka bat ekarri kostalde eta barnealdearen artean», nabarmendu du Daniel Oltzomendik. Euskal Hirigune Elkargoko turismo, natura eta ondarearen hautetsi-arduraduna da.

Hala, iragan apirilaren 14an Elkargoak turismo bulego bateratuaren aldeko deliberoa hartu, eta urriaren lehenetik da martxan, Oltzomendi bera duela lehendakari.

Zuzendari lanetarako lan deialdia zabaldu zuten iragan udan, frantses hutsean, eta ingelesa rennola espainolaren menperatzea eskatuz. Haatik, euskararen arrastorik ez. Horrela jin da lanerat Nicolas Martin. «Loriatua naiz hemen egoteaz! Eski estazioetan aritua naiz lanean, bai eta Bordelen ere. Eskualdea ongi ezagutzen dut, eta asko maite dut», esan du Martinek. Orain arteko turistak hartzeko hemeretzi bulegoetako 65 langileek segituko dute lanean egitura berri honen barruan.

Turista ez-kutsatzaileak

Zuzendari berriak hiru egitekori ematen die lehentasuna, zeintzuek Hirigune Elkargoaren turismo politika islatzen baitute. Lehenik, bisitarien banaketa orekatuagoa nahi du: «Eguzkia delarik itsasora, eta euria ari badu denok bentetara?», galdetu du Oltzomendik. Ez dute jende gehiago igorri nahi lehendik turista asko dabilen guneetara, azaldu duenez, Larhungo trena adibide jarrita. «Hedatuagoa nahi dugu turismoa; barnealdea ere ezagutarazi gogo dugu: Maule, Oztibarre... Eta ibiltariak erakartzea dugu xede; oinez, zaldiz edo bizikletaz dabiltzan horiek. Haien egonaldiak, luzeagoak izateaz gain, ez dira kutsatzaileak».

Bigarrenik, mendiaren garrantzia eman nahi die Oltzomendik, «Irati bezala, iraunkorrean».

Bide horretatik, Martinek arras argi du bertakoek egiten ez dutena ez dutela atzerrikoek eginen: «Ez ditugu igorriko bertakoak ez doazen lekurat, hemengoek egiten dutena eginen baitute turistek ere!».

Turismo bulego bakarraren hirugarren eta azken ardatza Hego Euskal Herriari begira dago: «Hobe Hegoaldekoak jinaraztea, New Yorkekoak baino! Eta badugu hizkuntza komuna. Ez dugu karikatura hau errepikatu nahi: iparraldekoek muga zeharkatzea bentetara baizik joateko eta hegoaldekoek Paries gozotegira edo Ikeara!», esan du Martinek. Iparraldekoek gutxi ezagutzen dute Hegoaldea, eta egoera are okerragoa da alderantziz, zuzendariaren arabera.

Ororen buru, Euskal Hirigune Elkargoko Turismo Bulego berriaren erronka turismoa espazioan eta denboran hobeki banatzea da, «eramangarria eta onargarria izan dadin, denek baliatzeko gisan: turistek nola bertakoek».

Jakin behar da proiektu bateratzaile honetatik at utzi dutela euren burua Lapurdiko zenbait herrik, hala nola Angelu, Miarritze, Bidarte, Kanbo eta Hendaiak; nahiago izan dute Montaigne legeak onartzen duen baimen berezia baliatu, turismo bulegoa herriak kudeatzen segitzeko. Baiona, haatik, bietan ariko da: eskumena Euskal Elkargora eskualdatu badu ere, kudeaketa atxikiko du.

Horrenbestez, Turismo Bulego Bateratuak Ipar Euskal Herriko 158 herrietatik 152 ditu kudeatuko. Turistei nola bertakoei begira, «lan koherentea» egin nahi du. «Aukera berriak ekartzen ditu bulego bakarrak barnealdearentzat bereziki. Duela gutxi, Garazi-Baigorri aldea eta Amikuze ez ziren baitezpada elkarrekin ari; orain, aho batez mintzatuko gara», adierazi du Oltzomendik.

Euskara lehen lerroan ezarri dute lehendakariak eta zuzendariak: «Heldu den sasoiari begirako dokumentuan, hamar puntuetatik lehena euskararena da, erakusteko bisitariei gune hori euskarari lotua dela, eta hizkuntzaren inguruan antolatua», esan du Oltzomendik. Euskal Herrian gaskoia ere badela azalduko dutela esan du hautetsiak. Ideiarekin bat, Martinek iragarri du AEKn izena ematekotan dela, eta Turismo Bulegoak argitaratuko duen oro ele bitan izanen dela. Gainera, harrera eginen duten langileek hitz zenbait botako bide dituzte euskaraz.

Baina nolakoa litzateke Martinek berak ikusi nahiko lukeen postala? «Igarobide herria izan da Euskal Herria, eta beti jakin izan du kanpokoa bere egiten: Baionako txokolateak edo Ezpeletako piperrak bezala». Laborantza ere zinezkoa du, kalitatezkoa, esan duenez. Euskal Herriak jakin izan du berea mantentzen, eta, gainera, bada modurik bertan ekoiztua dena baizik ez kontsumitzeko, Martin zuzendariak azaldu duenez. «Folklorea saihestu nahi dut, hemengo kultura zinez bizi baita; adibidez, Uda batez ikusgarriak hemengoa itxuratzen du, bertakoa eta garaikidea baita».

Oltzomendik argi gehiago erantsi dio argazkiari; turismo iraunkorra bultzatzeko, mendi sindikatuko nola AOP sor-markako ordezkariak egitura berri honetako zuzendaritza batzordeko kide dira. «Antolakuntza horrek zinez zerbait ekar liezaioke barnealdeari, erakutsiz zer garen, gure mundua partekatuz, folklorizatu gabe, egiazko bizia ikus eta sentiaraziz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.