Mozorroak eranzteko saioa

'Hil zara' bakarkako lehen lana kaleratu du Ibon RG musikariak. Hamasei abesti bildu ditu binilo bikoitzean: 'a cappella' grabatutakoa bata; eta piano eta ahotsez osatutakoa bestea. Bideoa albistearen amaieran.

Ibon Rodriquez musikaria, atzo, Bilboko Xake espazioan, Hil zara lan bikoitzaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
«Pianoak kanta batzuk lapurtu dizkit, baina ez diot utzi guztiak ken diezazkidan». Ahotsaren esplorazioan dihardu Ibon Rodriguez musikaria aspaldidanik, eta horixe du lehengai nagusi. «Uste dut beldurra diogula gure ahotsa bere horretan entzuteari, eta mozorrotu egiten dugula horregatik». A cappella abesteko hamasei abesti sortu zituen Rodriguezek, eta, hala aurreikusi gabe, pianoa gehitu zaie, gerora, horietako zortziri. Horregatik dio abesti batzuk lapurtu dizkiola instrumentuak. Hil zara izeneko binilo bikoitzean bildu ditu denak, baina: a cappella grabatutako zortzi abestiko Hil zara I; eta, piano eta ahotsez osatutako Hil zara II. «Era ezberdinean entzun behar dira, bi formatu ezberdin direlako. Baina elkarri lotuta daude, era berean». Musika esperimentalean aspaldi murgildutakoa da, eta hainbat egitasmoren parte ere bada gaur egun: Eten taldeko kidea da, eta Gargara bikotea osatzen du Miguel A. Garciarekin. Gainera, Xabier Montoiaren eta Mursegoren kolaboratzaile estua izan da. Bakarkako lehena du oraingoa, ordea. Atzo egin zuen lanaren aurkezpena, Bilboko Xake espazioan.

2017an sortu zituen orain diskoan bildutakoak. «Ez nekien forma hau hartuko zutenik. Asmo zehatzik gabe pilatuz joan nintzen doinuak bildu ditut bertan». Sorkuntza prozesuan izandako ustekabeko bi gertakariren ondorioa da Hil zara disko bikoitza: Daniel Ardura musikari katalanak berarekin batera kontzertu bira egiteko egin zion eskaintza, batetik; eta, Koldo Izagirre idazlearen Baldintza subjektiboak olerkiari melodia jartzeko lana, bestetik.

Azaldu duenez, ordura arte bildutako kantu zati eta piezak antolatu eta bukatzeko abagunea eman zion Arduraren proposamenak. «Pilatutako abestiak borobiltzeko aukera ona zela iruditu zitzaidan». 2017ko maiatzean egin zuten musika bira.

Izagirreren poemarekin ondutako kantua aipatu du jarraian, olerki hark eseriarazi baitzuen pianoaren aurrean. «Baldintza subjektiboak kantua fintzeko pianoa erabili nuen; eta, gerora, ezin izan nion kendu. Horrek eraman ninduen beste kantu batzuk ere pianoarekin lantzera. Nire abesti itxurako konposizioak beste norabide bat hartzen hasi ziren orduan, eta prozesu hark bultzatu ninduen eginda nuen lanari forma ematera, Dani Arduraren proposamenarekin batera».

Galga jarri zion instrumentuaren erabilerari, ordea. «Abesti batzuei ez nien aukera hori eman nahi izan, a cappella abestu nahi nituelako». Emaitza: a cappella grabatutakoa zortzi abestiko binilozko disko bat, eta piano eta ahotsez emandako zortzi abestiko beste bat.

Melodia eta egitura dira, Rodriguezen hitzetan, bere sorkuntzen oinarria. «Nire kantuan doinua da ezinbestekoa, ez hitzak. Asko kostatzen zait letrak egitea: sufrimendua eta dibertimendua da, aldi berean, baina azken urratsa da beti». Zergatia azaldu du jarraian. «Nire helburua da hitzek soinuari enbarazurik ez egitea. Zaila da, hitz bakar batek arreta guztia desbideratu dezakeelako. Hitz bakoitza beruna balitz bezala erortzen da isiltasunean ari zarenean». Eta jarri du adibidea. «Isilik zaudela, bat-batean, esatea: 'Hil zara'».

Grabazioak harpean

Ahotsa du lehengai nagusi, eta a cappella abesten dituen kantuen grabaziorako ezohiko tokietara jo du. «Atzera eragiten zidan grabazioak estudioan egitea, inolako efekturik gabe. Bestelako sonoritate bat nahi nuen». Errenteriako (Gipuzkoa) Aitzbitarte IV leizean grabatzeko proposamena egin zion Txesus Garate Tzesne-k orduan. Bera arduratu da diskoaren grabazioaz eta ekoizpenaz. «2017ko ekainean egin genituen harpeko grabazioak, baina iruditu zitzaigun abesti guztiak toki berean grabatzea monotonoa zela». Beste toki batzuen bila hasi ziren horregatik. 1936ko gerrarako Sopelan eta Artxandan (Bizkaia) eraikitako bunkerretan, eta Burgosko (Espainia) eremitorio batean egin zituzten gainontzekoak. «Hainbat girotan grabatu ditugu abestiak, eta joko handia eman digu horrek, gerora, kantuen kokapena aukeratzeko: istorio bat kontatzeko aukera eman dute».

Disko «antropologikoa» da a cappella grabatutakoa, sortzailearen hitzetan. «Lana masterizatu duenak dio lekuek nirekin batera abestu dutela, nire laguntzaileak izan direla espazioak». Estanis Elorza aritu da lan horretan. Piano eta ahotsez sortutako piezak, aldiz, Eibarko (Gipuzkoa) Musika Eskolan grabatu ditu. Emaitzarekin pozik dagoela dio musikariak, baina «porrotak» ere pilatu dituela aitortu du. «Bi porrot ditut lan honetan: ahots hutsez grabatu behar nituen abesti asko ez dira hala geratu, pianoa gehitu diedalako. Hori lehena. Eta badago beste bat: a cappella grabatutakoei bestelako tokietan bildutako sonoritatea gehitu diet, izan leizekoa ala bunkerrekoa». Abestiak mozorrotu dituela dio. «Porrota da, baina onartu dut, eta baita disfrutatu ere».

Jon Martin margolariaren Karratua lana erabili dute Hil zara lanaren azalerako. «Istorio txiki asko daude margolanean. Abstraktua da, eta bakoitzak interpretatzen du gauza bat. Gauza bera gertatzen da diskoarekin».

[youtube]https://youtu.be/_0sAPk8Lop0[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.