Euskal Herriko barrunbeak

Euskal Herriko kobazuloetan, geologia, historiaurrea eta sorginen auzia ezagutu litezke. Leizeen Egunaren hamargarren edizioa eginen dute bihar zortzi kobatan.

Bihar sarrera merkeagoa izanen da Euskal Herriko leizeetan. Irudian, Urdazubiko leizeetako estalaktitak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herria barru-barrutik ezagutzeko asteburu aproposa da hau. Lurpea elkarteak Leizeen Eguna antolatu du, eta Euskal Herriko kobazulo batzuek sarrerak merkatu eta eskaintza zabalduko dute. «Helburua da gure lurpea edo seigarren kontinentea ezagutaraztea inguruan ditugunei», azaldu du Ainhoa Agirrek, elkartearen izenean. Esan duenez, leize bakoitzean gai ezberdinak jorra daitezke: geologia, historiaurrea, sorginen ehiza... «Denak gara desberdinak, eta denek merezi dute bisita egitea». Zortzi leizek osatzen dute elkartea: Arrikrutz-Oñati, Ekainberri (Gipuzkoa), Izturitze eta Otsozelaia (Nafarroa Beherea), Pozalagua (Bizkaia), Mendukilo, Zugarramurdi, Urdazubi (Nafarroa) eta Sara (Lapurdi).

ARRIKRUTZ-OÑATIKO KOBA

LEIZE LEHOIAREN KOBAZULOA

Han egindako aurkikuntza paleontologikoengatik da berezia Arrikrutz-Oñatiko koba (Gipuzkoa). Duela 35.000 urteko leize lehoia da ezagunena, Iberiar penintsulan aurkitu den bakarra baita. Baina animalia gehiagoren arrastoak aurkitu dituzte: errinozero iletsua, leize hiena, orein erraldoia eta leize hartza.

Aizkorri mendilerroaren bihotzean dago Arrikrutz, eta paisaia karstikoaren erakusleiho da. Ikerketa espeleologiko eta paleontologikoetan aitzindarietako bat izan da.

EKAINBERRI

MADELEINE ALDIKO ATE GALERIA ZABAL

Ekaingo kobazuloaren kopia da Ekainberri (Zestoa, Gipuzkoa), leize hartan topatutako margolanak ongi ezagutzeko lekua. 1969. urtean aurkitu zuten Ekaingo kobazuloa. Duela 13.000-14.000 urte inguruko gizakiek egindako margolanak zeuden, Goi Paleolito bukaeran egindakoak; aldi horri Goi Madeleine deitzen zaio. 2008an, Unescok Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen.

Aurkitutako margolanak oso ongi gorde ziren: 70 animalia irudi daude; 64 margoturik eta 6 grabaturik. Zaldia da gehien ageri dena, baina badira hartzak, oreinak, ahuntzak eta beste hainbat. Andre Leroi-Gourhan etnologo, arkeologo eta historialariak zaldi multzoaren margolana goraipatu zuen: «Zaldi multzorik bikainena da Kuaternarioko arte guztian».

IZTURITZE ETA OTSOZELAIA

PREHISTORIAKO GIZAKIEN ETA NATURAREN ARTEA

Izturitze eta Donamartiri herrietan (Nafarroa Beherea) daude Izturitze eta Otsozelaia harpeak. Izturitze erreferentziazko tokia da gizakiaren historian, Madeleine aldiko gizakien bizimodua ulertzeko aproposa. Izan ere, gizaki horien margolanak eta zizelkaturiko zutabeak aurkitu zituzten han. Donamartiri naturak urteen poderioz egiten duen artearen erakusgarri da: estalaktitak, estalagmitak, gortinak... Bisita are magikoagoa izateko, Pierre Esteveren Oihartzuna musika sorkuntza aditu liteke harpean.

MENDUKILO

ARALAR MENDILERROAREN BARRUAN

Mendukiloko kobazuloa Astizko kontzejuan dago (Nafarroa). Mendeetan mendi ukuilu gisa erabili izan zen, baina, gaur egun, bisitatzeko prestaturik dago. Gehiago badira ere, hiru gela bisita daitezke: Artzainzulo, Laminosin eta Herensugearen Gotorlekua. Haietan, askotariko formazio geologikoak daude.

POZALAGUA

ESTALAKTIKA ESZENTRIKOAK HAN ETA HEMEN

Nahi gabe aurkitu zuten Pozalaguako kobazuloa (Karrantza, Bizkaia). 1957ko abenduaren 28an, dolomita harrobi bateko lehergailu baten eztandak agerian utzi zuen leize hori. Barruan sortutako estalaktita eszentrikoek egiten dute berezi Euskal Herrian. Estalaktita mota horiek irudi bitxiak osatzen dituzte, norabide guzietara sortu eta luzatzen baitira, eta, sarri, elkarrekin korapilatzen dira. Hauskorrak eta ikusgarriak dira eszentrikoak, eta oraindik ez da argitu eraketa horren jatorria.

ZUGARRAMURDI

SORGINEN LEIZEA

Inkisizioak 1609tik 1614ra martxan jarritako prozesuengatik da ezaguna Zugarramurdi, eta gertakari horrengatik deitzen zaio hango kobazuloari sorginen leizea. Ospakizun paganoak egiten zituzten leizearen zenbait aretotan. Lurrazaleko gune karstiko erraldoi bat da, eta Infernuko Errekak zulatu zuen 10-12 metroko barrunbe nagusia.

Leizeaz gainera, herrian Sorginen Museoa ere badago, eta XVII. mendean zenbait herritarren kontra egindako sorgin ehizari buruzko informazioa ematen du.

SARA

KONDAIREN ITURBURUA

Duela bi milioi urte baino gehiago zegoen bezalaxe dago Sarako leizea. Atxuria mendiaren gailurra buztinez estalia dagoenez, ura iragaztea mugatzen du. Hala, formazio geologiko ezohikoak ikus litezke. Zenbaitek bizileku izan du leizea: hartzek, duela 10.000 urte, eta saguzarrek, gaur egun. Gizakientzat aterpe izan zen Goi Paleolitoan, eta, geroago, gerretan zauritutako soldaduak artatzeko gune. Leizeak kondaira anitz biltzen ditu.

URDAZUBI

URTXUME ERREKAREN HIGADURAREN EMAITZA

Ikaburu ere esaten zaie Urdazubiko leizeei. Urtxume errekaren higadurak sortu zituen, duela milaka urte. Gizakia bizi izan zen Goi Paleolitoan, orain dela 20.000 urte. Hori frogatu liteke han egindako aurkikuntzekin: silexezko arpoiak, hezurrezko jostorratzak, eta janari eta giza ehorzketa arrastoak. Nafarroako Goi Paleolitoko aztarnategirik garrantzitsuena da, Madeleine aldikoa. Margolanetan, bisonte bat, orein bat eta bobido batageri dira, baina bisitariek ezin dituzte ikusi, kontserbazio arazoak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.