Kezka modernoei, fantasia

Hamar euskal sortzaileren film laburrek zabalduko dute Fant Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdia, gaur. Hilaren 11ra bitarte, hemezortzi film luze eta hogei labur izango dira lehian

Fant Laburrean saileko euskal filmen sortzaileak, atzo, Bilboko Azkuna zentroan egindako agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
«Lan guztiak dira ezberdinak, baina badute hari komun bat: denek azaleratzen dituzte gaur egungo arazoak, fikzioarekin nahastuta». Justo Ezenarro Fant Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdiko zuzendariak aurtengo edizioko euskal sortzaileen lanen batasun elementua azpimarratu du. Aniztasunaren gainetik badela hari bat uste du Ezenarrok, eta antzeko iritzia plazaratu dute laburren egileek. «XVIII. mendean giroturiko istorioa da, baina gizarte modernoan aurki daitezkeen balioak ditu hizpide: boterea, indibidualismoa, beldurra, aurreiritziak, mendekua... gizarte modernora ekarri dugu istorioa», azaldu du Facundo Quevedok, Amargo era el postre filmaren ekoizleak. Eta antzera jardun du haren aldamenean eserita dagoen Norma Vila zinemagileak. Bada, Vilak zuzendutako El fin de todas las cosas filmak garai gotikoan giroturiko kontakizuna aurkezten du, «egungo denborara ekarrita». Batek baino gehiagok izan du iragana iturri oraina kontatzeko. Eta, nola ez, fantasiarekin uztartua.

25. aldia du zinema fantastikoaren jaialdiak, eta gaur abiatuko da, euskal sortzaileen lanekin. Izan ere, Fant Laburrean sailaren barruan hautaturiko hamar laburrek zabalduko dute jaialdia. 44 lan aurkeztu dira, eta epaimahaiaren iritziz «maila altuena» dutenak plazaratuko dituzte festibalean. Proiekzioak Bilboko Campos Antzokian egingo dute gaur 23:00etan. Ekitaldia «klasiko» bihurtu dela dio Ezenarrok, eta euskal ekoizpenen erakusleiho txiki bat dela. Euskal film laburren gaua izango da gaurkoa, eta Sail Ofizialeko sarietarako hautagai izango dira hamar lanak. Batetik, 2.000 euroko saria jasoko du euskal filmik onenak. Epaimahaiak hautatuko du nork jasoko duen sari hori. Bestetik, Publikoaren saria eta Film Labur Onenaren saria jasotzeko norgehiagokan ere jardungo dira. Sari hori eskuratzeko, Fant Laburrean saila osatzen duten nazioarteko beste hamar film laburrekin ere ariko dira lehian. Askotariko generoak lantzen dituzten lanak egongo dira ikusgai gaur gauean. «Animazioa, panpina estatikoak, errealitate fantastikoa, komedia fantastikoa... denetarik dago», adierazi du Ezenarrok.

Zinemagileek askotariko baliabideak erabili dituzte fantasiazko pelikulak sortzeko. Umorea eta drama tartekatu ditu Nitya Lopezek Jesus is b(l)ack-en. « Komediaren eta dramaren artean kokatzen da nire lehenengo film laburra dena. Finantzaketa kolektibo bidez eta fabore asko eskatuta lortu dut aurrera ateratzea», azaldu du egileak.

Bestalde, animaziora egin dute La noche eta Soy una tumba filmen zuzendariek. Ivan Miñambres bietan aritu da ekoizle lanetan. «Animazioaren bidez jende helduaren interesekoak izan daitezkeen gaiak lantzen ditugu. Lanetako batek bikote erlazio baten gainbehera du hizpide, eta besteak, berriz, seme baten eta harenaitaren arteko inkomunikazioa». Bigarren aldia du Miñambresek festibalean.

Euskaraz, herena

Aipaturiko lanak gaztelaniaz sortutakoak dira, baina proiektatuko dituztenen artean bada euskarazko produkziorik ere. Ez dira gehiengoa, hala ere. Lehian arituko diren hamar film laburren artetik hiruk dute euskara hizkuntza. Gainerako zazpiak gaztelaniaz ikusiko ditu ikusleak, euskarazko azpidatziekin.

Atzo egin zuten lanok hedabideen aurrean aurkezteko agerraldia, eta are urriagoa izan zen euskararen presentzia. Bertaratu ziren sortzaileetatik bakarrak hitz egin zuen euskaraz. Ander Iriarte Mirokutana film laburreko zuzendariak, hain zuzen: «Mirokutana lanak bi lagunen arteko adiskidetasuna du hizpide. Mirokutana deritzo Oiartzun inguruan ezkutatzen den gizotsoari». Iazko irabazlea da euskarazko lan bat aurkeztu duen beste zuzendarietako bat. Ziren laburrarekin gailendu zen Aitzol Saratxaga joan den urteko edizioan, eta Basoan lana plazaratuko du aurten. «Basoan galduta esnatzen den gizon baten istorioa azaltzen du filmak. Tentsiopean jarriko duten zenbait gertakari biziko ditu ondoren», azaldu du zuzendariak.

Film laburrez gain, nazioarteko beste hemezortzi film luze arituko dira lehian Sail Ofizialean. Horiek bihartik osteguna bitarte Azkuna zentroaren zinema aretoetan ikusi ahalko dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.fantbilbao.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.