Kaliforniako berpizte doinuak

Punk in Drublic jaialdia egingo dute bihar Gasteizen. Punkaren bigarren belaunaldia sustatu zuten taldeak izango dira Iradier Arenan: NOFX, Bad Religion eta Lagwagon

Kaliforniako NOFX taldea, zuzeneko batean. Ezkerretik eskuinera: Fat Mike (baxua eta ahotsa), Eric Melvin (gitarra) eta Erik Sandin (bateria). KIKO HUESCA / EFE.
aitor biain
Gasteiz
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Punk-rockaren bigarren belaunaldia loratu zen 1990eko hamarkadaren hasieran. Ameriketako Estatu Batuetako Kaliforniatik etorri zen olatu hori, hamarkada bat lehenago hardcore-punkak ereindako haziari esker. Skateari eta surfari lotutako loratze horretan, zeresan handia izan zuen bereziki 1994an jasotako uztak, mugimenduarentzat mugarritzat jotzen diren diskoak argitaratu baitziren. NOFX taldea izan zen protagonista nagusietako bat: Punk in Drublic izeneko bilduma kaleratu zuen, Epitaph zigiluarekin elkarlanean; urrezko diskoa izan zen, eta 500.000 kopia baino gehiago saldu zituzten. Mugarri horri tiraka, talde estatubatuarrak jaialdi ibiltari bat abiatu du, bilduma haren izen berekoa, eta Europan egiten ari diren biran Gasteizen egingo dute geldialdia bihar, larunbatean.

NOFX taldea izango da, zalantzarik gabe, bihar Iradier Arenan izango den jaialdiko talderik azpimarragarriena. Ez da bakarra izango, ordea, harekin batera Bad Religion igoko baita agertokira, beste kartelburua; besteak beste, Infected, American Jesus, Los Angeles is Burning eta halako punk-rock ereserkiak entzuteko aukera izango da. Gainera, talde kaliforniarrak labetik atera berri duen bilduma ere aurkeztuko du: Age of Unreason. Estudioko hamazazpigarrena da, eta Donald Trumpen aurkako soinu banda izatea du xede.

Ibilbide luzeko eta sona handiko taldeak dira bata zein bestea. Ia lau hamarkadako esperientzia dute, eta biak jotzen dira punk-rockaren bigarren loratze horren bultzatzaile nagusitzat, The Offspring, Rancid, Green Day eta besterekin batera. Punk mugimenduari eman zioten soinu berriari esker, arrakastaren tontorrera igo ziren; zigilu handiekin izan zuten distantziak ere eragina izan zuen horretan.

Hain zuzen, haiek sortu zituzten mundu osoko zerrendetan punkaren berpiztea irudikatu zuten zigilu ezagunenak ere. Brett Gurewitzek, Bad Religioneko gitarristak, esaterako, Epitaph Records zabaldu zuen 1990eko hamarkadan. NOFXen lanik ezagunenaz gain, The Offspring taldearen Smash lana argitaratu zuen, eta zigilu independente batek inoiz lortu duen daturik onena eskuratu zuen: hamaika milioi kopia saldu zituen. Fat Mikek, NOFX taldeko abeslari eta baxu joleak, bestalde, Fat Wreck Chords zigilua eratu zuen; Rise Against, Lagwagon, No Use For A Name eta Anti-Flag taldeen lanak argitaratu ditu, eta gerora kolaborazioak egin ditu Green Day, The Offspring, Rancid eta Foo Fighters taldeekin.

Punkaren aldaera ugari

Madril eta Bartzelonatik igaro eta sarrera guztiak agortu ostean iritsiko dira Gasteizera, Gasteizcalling, HFMN eta Jimmy Jazz aretoko sustatzaileei esker. Bad Religion 23:25ean igoko da taula gainera, eta azkena izango da NOFX, 00:50ean. Aurretik, halere, izango da zer ikusi eta zer entzun: izan ere, oinarrizko punketik hasi eta skacore, reggae, pop, hardcore eta punk melodikoa ere inspirazio duten punkaren aldaera guztiak izango dira taula gainera igoko diren gainerako taldeekin.

Lagwagon taldea ere Kaliforniako punk-rockaren berpiztearen eszenan egin zen ezagun. Ez du, beharbada, aurreko bien oihartzuna lortu, baina punk- rock melodikoaren enbaxadorerik nabarmenena da oraindik. Bi kartelburuen atzetik sona handiena duen taldea da, eta Fat Wreck Chordsen zigilupean argitaratu zuen aurrenekoa.

Less Than Jake eta Mad Caddies taldeek ordezkatzen dute, bestalde, jaialdiko musika nahasketarik handiena. Biek ala biek erakusten dute punk-rocka ere dantzagarria izan daitekeela, punka ska, pop eta reggae doinuekin nahasten baitute. 1990eko hamarkadan abiatu zuten musika ibilbidea, Floridan eta Kalifornian, hurrenez hurren. Azken urteetan, Fat Mikeren zigiluarekin argitaratu dituzte haien lanak.

Soinuarengatik bainoago, batez ere hitzengatik da ezagun Anti-Flag taldea. Pennsylvaniako taldea iluntzean igoko da taula gainera. Anarko-punkaren bidetik egin du bidea, faxismoaren, militarismoaren eta sistemaren aurkako mezuekin. Taldeak animalien aldeko eta ekologismoaren aldeko plataformen alde jo izan du mundu guztian.

Kanadakoak izanagatik ere, punk eskoziarra egiten du The Real Mckenzies taldeak. Kantu originalak egiteaz gain, eskoziar kanta tradizionalen bertsioak egiten dituzte, punkaren eraginpeko soinu berria emanez. Jaialdian parte hartuko duten talde gehienek bi hamarkada baino gehiagoko bidea dute, baina badira hasiberriak ere. Bombpops talde kaliforniarrak, esaterako, 2017an kaleratu zuen aurreneko lana, eta aurten argitaratutako Dear Beer EPak zale ugari erakarri ditu. Blowfuse, berriz, talde kataluniarra da; 80ko eta 90eko hamarkadetako soinua dute argitaratuak dituzten hiru lanek.

Arratsalde hasieran irekiko dituzte ateak: 16:30ean. Sarrerak eskuragarri daude oraindik sarean, 49 euroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.