Pintzelkada finekin egindako argazkiak

Bilboko Guggenheim museoak Gerhard Richter artistaren hamar itsas paisaia bildu ditu, inoiz areto berean erakutsitako multzorik handiena. Erakusketa irailaren 9ra bitarte egongo da zabalik

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ez da handia, baina handia da. Inoiz ez da batera erakutsi Gerhard Richter (Dresde, 1932) artista alemanaren horrenbeste itsas paisaia, eta horrek egiten du berezi Bilboko Guggenheim museoak jarri duen erakusketa: Gerhard Richter. Itsas paisaia. Hala azaldu du Juan Ignacio Bidarte zuzendariak. «Erakusketa txikia da hau, baina, era berean, Richterren itsas paisaiekin inoiz egin den handiena ere bada». Itsasoa ardatz hartuta, artista alemanak 24 margolan egin zituen 30 urtean. «25.a ere egin zuen, baina txori bat azaltzen da, eta horrek erreferentzia bat sortzen du koadroan. Horregatik, zalantzan jartzen da 25. horren izatera», azaldu du Lucia Agirre komisarioak. Orotara hamar pieza bildu dituzte museoaren 304 aretoan: zortzi margolan, eta paperean egindako bi irudi. Bilduma pribatuetakoak dira jarri dituzten gehienak, eta Agirrek horrenbeste pieza elkarrekin ikustearen garrantzia azpimarratu du. Irailaren 9ra bitarte izango da zabalik.

Richterrek desenfokatu egiten zituen margolanak, argazkiaren eta pinturaren arteko muga lausoa irudikatzeko. «Margolanak urrunetik begiratzen badira, ez dira bereizten argazkietatik». Agirreren hitzetan, ikusleari desafioa egitea da itsas paisaien xedea. «Artistak ez du argazki bat pintatu nahi. Kontrara: argazkia egin nahi du pinturarekin». Eta, hain zuzen, argazkiak daude bere lanen oinarrian. «Richterren obra existitzen den horretatik abiatzen da; dagoena irudikatzen du. Baina gizakiak arreta jartzen ez dion horri koadroan antzematea da haren helburua».

Iraganaren zama

Artistak familia albumetatik jasotako erretratuak erabili zituen hasieran, baina gerora, berak ateratakoetatik abiatu zituen lanak. «Bitxia da, itsasoari ateratako milaka argazki baititu artxibategian, baina 30 urtean 24 margolan besterik ez zituen egin», azpimarratu du komisarioak. Collagearen bidez ondu zituen obra gehienak: toki zehatz batean itsasoari ateratako argazkia beste toki eta momentu batean zeruari ateratakoarekin nahasten zuen. «Muga zein den bereiztea ere zaila egiten zaio ikusleari». 1968an hasi zen itsasoa margotzen, eta 1998koa du azken alea: Bilboko Guggenheim museoaren bilduman dagoena, hain zuzen. «Esentzian, artea beti egon da lotuta beharrizanarekin, zalantzarekin eta ezintasunarekin», zioen Richterrek.

Iraganaren zama du artistak. Alemaniako Alderdi Nazionalsozialistarekin bat egitera behartu zuten haren aita, eta gerra frontean eta presondegian izan zuten, bortxaz, harik eta Bigarren Mundu Gerra bukatu zen arte. Richter, aldiz, Adolf Hitlerren menpeko Pimpfe gazte taldean parte hartzera derrigortu zuten haurra zelarik. Familiarekin Dresdetik ihes egitea lortu zuen 1943an, eta horrek salbatu zuen, bi urte beranduago, hiria suntsituko zuen bonbardaketatik. Richterri tragedia eta traumak pilatu zitzaizkion gaztaroan, haren izeba, Marianne Schonferder, naziek abiatutako eutanasia programarekin hil baitzuten, 1947an. 250.000 lagun baino gehiago hil ziren programa horren eraginez, eta hamar urte beranduago konturatu zen bere emazte Marianne Eufingerren aita izan zela izeba hil zuen programaren sortzailea.

Muralgintzan jardun zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoan, 1957tik 1961era bitarte, harik eta, Alemaniako Errepublika Federalean garatzen ari ziren informalismoak eta espresionismo abstraktuak erakarrita, harresiaren beste aldera egin zuen arte. 1961a «hasiera berri bat» izan zen, artistaren hitzetan, abangoardiako artistekin harremanak egin baitzituen. «Alemaniako artearen historian oso aro garrantzitsua izan zen orduko garaia: Joseph Beuys eta Fluxus arte mugimenduarena». Agirrek azaldu duenez, Richter bere garaiko sortzaileekin elkartu zen, eta Errealismo kapitalista esaten zaion mugimendua sortu zuten. «Alemaniako pop-art mugimenduaren ordezkari gisa hartzen diren arren, AEBetakoaren aldean oso bestelakoa izan zen haien jarduna».

«Zirrara» eragitekoak

Komisarioaren iritziz «iraultzailea» zen artistaren margotzeko era. «Elkarrizketa batean argazkiak margotzeko joeragatik galdetu zioten, eta zera erantzun zuen: hilen argazkiek zirrara gehiago sortzen dutela hilak irudikatzen dituzten pinturek baino, eta margoarekin zirrara hori lortzea zela berak zuen helburua. Aintzat hartuta zer garai zen, izugarria da zuen ikuspegia».

Itsas paisaiez gain, artistak naturarekin zerikusia duten antzeko lanak egin ditu bere ibilbidean, baita erretratuak ere. Denak ala denak argazkigintzari lotutakoak. «Argazkiak ez du errealitaterik: argazkia besterik ez da. Margoak, aldiz, beti du erreala den zerbait: ukitu egin daiteke, eta koloreak presentzia du. Ona edo txarra izan, margolan batek beti sortzen du irudi bat», aitortu zuen artistak.

Kolore grisa da bere lanen ezaugarrietako bat, eta hala nabari da ikusgai dauden zortzi artelanetan ere. «Artistarentzat, grisak ez du esangurarik, eta ez du ezer transmititzen. Kolore gabezia irudikatzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.