Ekonomia solidarioa

Aldaketetarako lehen geltokia

Iruñeko Geltoki guneak urtebete egin duela ospatuko dute gaur. Indarrean den sistema ekonomikoaren aurrean alternatibak badirela erakutsi dute ireki zutenetik.

Iruñeko autobus geltoki zaharrean dago ekonomia solidarioa oinarri duen Geltoki proiektua. Irudian, tabernaren sarrera. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Oliveto kondearen karrikan dago Iruñeko autobus geltoki zaharra. 1934an ireki zuten, eta 2007an itxi. Autobusak joan-etorrian ibili ziren tarte horretan, ongietorriak eta agurrak, milaka kafe barran zein mahaian eserita, Iruñeko gizarteak onartzen ez zituen sexu praktikak komunetan, eta erraldoiak jira eta bira nasan. Iaz ireki zituen berriz ateak iruindarren hamaika gogorapen eta istorio biltzen dituen geltoki zaharrak. Autobus zerbitzua atzean utzi, eta ekonomia solidarioari, elikadura burujabetzari eta kultura alternatiboari ireki zion bidea. Geltoki horretan jaitsi direnek bertatik bertara ikusi dute egungo sistema ekonomikoaren alternatibak izan badirela.

Ate nagusitik sartuta, denboran atzera egin duela pentsa dezake batek baino gehiagok. Han dira Conda, Villavesa, Baztanesa, Tafallesa, Pamplonesa, La Veloz Sanguesina... Lehen txarteldegi zirenak, baina, erakustareto dira orain. Nasan ez da autobusik, ez maletarik, ez zain dagoen bidaiaririk. Nasan denetariko merkatuak izaten dira: produktu ekologikoenak, ekonomia solidarioari lotuak, Nafarroako kultur sormena bultzatzen dutenak... Kafetegia erabat aldatuta dago: argi gehiago du, eta bertako produktuekin lan egiten dute.

Urtebete igaro da Geltoki proiektua abiatu zenetik, eta gaur ospatuko dute. Lehenbizi batzarra eginen dute bazkideek eta laguntzaileek, eta 12:30ean eginen dituzte ospakizunak. Swing dantzekin hasiko dira, eta ondotik Geltokiko kideek urteko balorazioa eginen dute jendaurrean. Bukatzeko, bertso-hamaiketakoa eginen dute: ekoizleek haien produktuak azalduko dituzte, eta Julio Sotok bertsoak botako ditu.

Katrin Ginea da Geltokiko koordinatzaile eta programazio arduraduna, eta urtebetean egindako lana oso ongi baloratu du: «Oso kontent gaude. Jendearen erantzuna oso ona izan da, eta proiektuaren atzean dauden elkarteek oinarri sozial handia dugu. Bestalde, taberna eta denda oso ondo doaz, eta kultur jarduerak baditu jarraitzaileak». Horiek dira hiru gune nagusiak: kafetegia, denda eta jarduerak. «Kultur jarduerak dira garrantzitsuenak: gure birikak». Elkarteek antolatzen dituzte, batik bat; betiere, Geltokiren balioei jarraikiz.

Dendan eta tabernan ere balio horien arabera aritzen dira. Bertako produktuak eta ekologikoak dituzte bietan. Gainera, bigarren eskuko jantziak eta zenbait artisauk sortutakoak salgai dituzte. Leihatilen korridorearen bukaeran dago denda. Beste muturrean taberna. Erdian, erakusketetarako leihatilak: batzuk artista plastikoek beren lanak erakuts ditzaten, eta, besteak, elkarteek haien erakusketak eta aldarrikapenak plazaratu ditzaten.

Geltokiren atalak ikusirik, aise jabetu liteke proiektuaren nondik norakoez. Gineak azaldu ditu, hala ere: «Kulturgune bat da», laburbildu du. «Alternatibak badaudela erakutsi ahal izan dugu, gauzak beste modu batera egin daitezkeela ikusarazi, bai kultur jardueretan eta bai jantokian». Horixe urtebeteren ondoren geltoki zaharrak emandako uzta, zero kilometrokoa. Aldaketa horiek bultzatzeko, kontsumoan jarri du fokua Geltokik: «Gutako bakoitzak kontsumo arduratsua egiten badugu, lor dezakegu ingurumena zaintzea, ekonomia bertan gelditzea, etekina aldamenekoak jasotzea...».

«Geltoki ez dago kolokan»

Hiru hankako mahaia da Geltoki. Udalarena da eraikina, eta hark egin zituen berritze lanak. Hura erabiltzeko lizitazioa Geltoki Iruña elkarteak lortu zuen. Han bost elkarte bazkide dira eta 29 elkarte eta enpresa txiki laguntzaile. Hirugarren hanka langileak dira: kooperatibistak. Proiektuaren oinarrian foroak daude, eta uneon, lau dituzte: finantza etikoak, energia berriztagarriak, oihalgintza eta etxebizitza kolaboratiboa. «Alternatiba eta salaketa egiten duten taldeak elkartzen dira hor, eta jarduerak antolatzen dituzte».

Urtemugarekin batera litekeena da udal gobernua aldatzea. Navarra Sumako Enrique Maia izanen da alkate aurreikuspenak betez gero. Ginea lasai dago, baina adi. Izan ere, hauteskunde kanpainan areto askotako zinema eraikitzeko nahia agertu zuen Maiak. Zaila izanen du hitza betetzea, ordea. Zazpi urteko kontzesioa dute, eta epea igarota, hitzarmena hiru urtez luzatzeko aukera. «Hasteko, proiektua ez dago kolokan. Ezin gaituzte hain erraz bota». Hala ere, egoera aldatu litekeela uste du: «Egia da harremanak zailagoak izango direla».

Aurrerantzean, «oinarri soziala» zabaltzea eta elkarte gehiago erakartzea dute helburu, eta ekindako lanari segitzea. Urrian kanpoko pareta grisak koloreztatuko dituzte, erliebea duen horma irudia eginez. Gaia: geltoki zer izan den eta zer den. Bada, bidaiatzeko aukera ematen duen tokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.