Europara joateko bidezidorra da

Bidasoak Benidormen aurka jokatuko du gaur, eta Anaitasunak, Cuencaren aurka, Espainiako Kopako final-laurdenetan, Madrilen. Irabaziko balute, elkarren aurka ariko lirateke bihar, finalerdietan

Europara joateko bidezidorra da.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Gaurtik igandera bitartean jokatuko dute Espainiako Kopa, Madrilgo Caja Magican. Zortzi talde arituko dira urteko lehen titulua irabazi nahian. Txapeldunak bi sari jasoko ditu aldi berean: kopa, batetik, eta datorren denboraldian EHF kopa jokatzeko sailkapena, bestetik. Baina oso litekeena da txapeldunordeak ere saria izatea. Aspalditik gertatzen da hori. Adibidez, Bartzelona Kopako azken sei ekitaldietan nagusitu da, baina, denboraldi horietan guztietan Asobal liga ere irabazi duenez, Kopako txapeldunordeak ere saria izan du. Helvetia Anaitasuna, esaterako, horri esker sailkatu zen 2016an, hurrengo denboraldiko EHF kopa jokatzeko.

Kopa bidezidorra da Europara joateko. Ondo dakite hori Bidasoan eta Anaitasunan. Gainera, bi euskal taldeek ez dute harritzarrik topatuko bidean, Asobal ligako lehenbiziko hiru sailkatuak saihestu baitituzte finalerainoko bidean: Bartzelona, Ademar eta Logroño. Irundarrek Benidormen aurka jokatuko dute gaur final-laurdenetan. Iruindarrak ere gaur ariko dira, Cuencaren kontra. Sailkatuko balira, aurrez aurre izango lirateke bihar, finalerdietan. Finala, berriz, igandean jokatuko lukete.

Iñaki Caverok (Irun, Gipuzkoa, 1996) ez du horren urrunera begiratu nahi. «Benidormen aurkakopartidak soilik axola digu. Gero gerokoak. Hala ere, badakigu aukera ederra dugula Europarako sailkatzeko. Ondo gaude, baina zuhur jokatu behar dugu», esan du Bidasoko eskuin hegalekoak.

Irundarrek arrazoiak dituztezuhur izateko, duela bi aste jokatu baitzuten Herrialde Katalanetako taldearen aurka, Artalekun, eta berdindu egin baitzuten, 27na, azken segundoetan Rodrigo Salinasek sartutako gol bati esker. «Baina hau beste lehiaketa bat da», bota du berehala Caverok. Gainera, «gora» egin dutela dio. «Benidormen aurka jokatu aurretik, galdu egin genuen Ademarren eta Bartzelonaren aurka, eta konfiantzaz nahiko larri ginen. Baina, ordutik, gora egin dugu, eta Puente Genili eta Wisla Plocki irabazi diegu. Gero eta hobeto ari gara. Denboraldi hasierako sentipenak berreskuratzen ari gara».

Hori aprobetxatu nahi dute Benidorm mendean hartzeko, eta, horretarako, «funtsezkotzat» jo du defentsan «sendo» eta erasoan «eraginkor» aritzea. «Benidormek asko eta ondo jokatzen du lerro artean, eta Artalekun min handia egin zigun pibotearekin jokatuta [Da Costa piboteak sei gol sartu zizkien]. Ezker albokoak ere, Lewisek, lana eman ohi digu, jaurtitzaile iaioa baita. Haien lehen lerroa oso aberatsa da baliabidez, eta irudimen handikoa. Serio aritu beharko dugu, defentsan zein erasoan».

Pizgarri izatea nahi dute

Anaitasunan, berriz, Kopa «pizgarri» izatea nahi dute. «Ligan, ez gabiltza fin, eta eskertu egingo dugu Koparen gisako lehiaketa ezberdin batean aritzea. Hemen ez du balio ligan egindakoak», azaldu du Xabier Etxeberriak (Iruñea, 1991), Iruñeko taldeko eskuin hegalekoak.

Badaki zer den Kopan egindako lan onari esker Europarako sailkatzea, eta aitortu du «polita» litzatekeela berriz ere hori lortzea. «Bi partida irabazi behar ditugu horretarako. Zortea izan genuen zozketan, Bartzelona ez baitzaigu egokitu. Hala ere, erronka oso zaila da». Horregatik, «neurketaz neurketa» joan nahi dute.

Halakoak ditu patuak. Duela bost egun ligan aurkari izan duen taldearen kontra ariko da Anaitasuna gaur: Cuenca. Iruindarrek ez dute oroitzapen onik, galdu egin baitzuten: 27-23. Lehen itzulian ere, Iruñean, Espainiako taldearentzat izan zen garaipena: 24-27. «Baina partida guztiak ezberdinak dira, eta are gehiago Koparen gisako lehiaketa batekoak», zehaztu du. Halere, onartu du Cuencak «neurria hartua» diela. «Talde indartsua da. Jokalari oso onak ditu: Maciel atezaina [hamabi baloi gelditu zizkien azken partidan], eta Dutra eta Ponciano albokoak [bien artean hamabi gol sartu zizkieten]». Argi du non egongo den gakoa: «Hobeto aritu behar dugu erasoan. Horretan huts egin genuen azken partidan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.