Autoreek lau hilez zerga dispentsa izanen dutela iragarri du Parisek

Frantziako Gobernuak agorrilera arte luzatuko du 5.000 ikusletik gorako emanaldientzako debekua. Madrilek 76 milioi euroko diru poltsa bat jarriko du martxan kultur sektorea laguntzeko

Emakume bat, itxita dagoen liburu denda baten erakusleihoari begira. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Joana Ibargarai - Aitor Biain
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Orain arteko isiltasuna eten, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo eguerdian iragarri zituen kultur arloari loturiko hainbat neurri. Horietarik aipagarriena: aldizkako estatutua dutenen eskubideak urte batez luzatzea. Ipar Euskal Herrian, kasu horretan direnek —artistak, argi eta soinu edo ikus-entzuneko teknikariak— orain arte langabezia altxatu dute konfinamendu garaian, eta, atzo erran zutenez, 2021eko agorril hondarrera arte luzatuko diete estatutua berritzeko urtemuga. Bestalde, artista autoreek lau hilabeteko zerga dispentsa izanen dute.

Zinemagintzari dagokionez, beste neurri baten berri eman dute: aldi bateko funts baten sortzea, alegia. Film edo telesail grabaketak gibelatu edo ezeztatu behar izan dituztenen laguntzeko baliatuko dute funtsa, betiere bakoitzaren egoera aztertuz, «kasuan-kasuan». Horrez gain, Frantziako Musika Zentroari 50 milioi euro emanen dizkio gobernuak, «sortu berria eta egoerak azkarki ahuldua» baita.

Franck Riester Kultura ministroak oroitarazi du 5.000 pertsonez goitikako ekitaldiak debekatuak izanen direla agorril hondarrera bitarte. Hari beretik, zinema gelak, kontzertu gelak eta antzokiak hetsirik egonen dira, baina azken horiek errepikak egiteko baliatzen ahalko dira. Maiatz hondarrean xehetasun gehiago eman behar lukete gela horien irekitzeari buruz. Halere, segurra dena da maiatzaren 11tik goiti, mediatekak, liburutegiak eta museo «txikiak» irekiko dituztela.

Krisialdia hasi zenean, lehen kolpeko larrialdi neurri batzuk adostu zituen Frantziako Gobernuak, eta jaialdi antolatzaileei eta ikuskizun gelen kudeatzaileei ordainsaria hitzemana zien, besteak beste. Aldizkako estatutua zuten langileentzat, Frantziako Kultura Ministerioak adierazi zuen hetsaldiko asteak ez zirela kontuan hartuak izanen. Hau da, normalean, estatutu hori atxikitzeko eta langabezia sariaren erdiesteko lanik gabeko garaietan, 507 oren lan deklaratu behar dituzte urtean, baina hetsaldia epe horrez kanpo uztea erabakia zuten.

Parisek lehen unetik iragarri zuen neurri gehiago ere egongo zirela, baina atzo arte ez zuen zehaztapen gehiagorik eman. Gobernuak orain ezarriko duen zerga dispentsarena izan da sortzaileek tarte horretan egindako eskarietako bat.

Madrilen irizpide aldaketa

Bira osoa eman ondoren iritsi da Madrilgo gobernua kulturgileentzako laguntzak proposatzera.Kulturarentzako neurri espezifikorik ez zutela hartuko esanez hasi zuten krisialdia, baina, adierazpen haiek sektorean eragindako haserrearen ondorioz, bilkura erronda bat hasi, eta neurri sorta bat aurkeztu dute orain.

76 milioi euroko diru poltsa bat sortu du Espainiako Gobernuak kultur sektoreari laguntzeko. Besteak beste, enpresa txikiei edo sortzaileei bideratutako zuzeneko diru laguntzak eta fiskalitatea arintzeko neurriak aurreikusten ditu diru sail horrek. Horrez gainera, artistek langabezia saria jasotzeko eskubidea ere izango dute; behin-behinean, hori bai, eta 180 egunez gehienez ere. Sektorearen aspaldiko eskaera bat da. Denera, 76,4 milioi euro jarriko ditu pandemiak sektorean eragindako galerei aurre egiteko.

Astearteko gobernu bileran onartu zituzten neurriok, hau da, alarma egoera ezarri eta ia bi hilabetera. Baina Jose Manuel Rodriguez Uribes Kultura ministroaren ustez, lege dekretua «garai egokian» dator. Izan ere, Rodriguez Uribesek aitortu zuen ministerioak orain arte hartutako neurriak ez direla espero zitekeen bezain eraginkorrak izan, sektorearen berezitasunak direla eta. Azpimarratu zuen, halere, kultura «funtsezko sektore bat» dela gobernuarentzat, eta hura babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak jasotzen dituela dekretuak.

Enpresei likidezia bermatzea izango da berehala martxan jarriko dituzten neurrietako bat. 20 milioi euroko funtsa erabiliko dute horretarako, eta Crea elkarrekiko berme sozietatea arduratuko da hura antolatzeaz. Denera 780 milioi euroren kredituak ematea da helburua.

Alorrez alor aztertuz gero, zinemagintzarako neurriek izan dute harrerarik beroena. Laguntzak onartu zizkieten ikus-entzunezko ekoizpenei ordainketaren erdia aurreratuko zaie. Filmaketen zerga pizgarriak ere handitu egingo dira aurrerantzean, eta filmen estreinaldien baldintzak moldatu egingo dira. Hala, sareko plataformetan edo telebistan estreinatutako pelikulek ere laguntzak jasotzeko aukera izango dute. Hamahiru milioi euro jarriko dituzte, halaber, zinema aretoei laguntzeko.

Musikari eta arte eszenikoei, berriz, 38,2 milioi euroko laguntza emango zaie. Erakunde publikoek kontratatutako emanaldiei dagokienez, artistek kalte-ordainak jasotzeko aukera izango dute emanaldia bertan behera gelditu bada, edo ordainketaren zati bat aurreratzekoa, data atzeratu bada; betiere, hitzartutako ordainketak 50.000 euroko kostua gainditzen ez badu.

Lau milioi euroko laguntza emango zaie liburu denda independenteei, eta milioi bat eurokoa berrikuntza digitala xede duten arte garaikideko proiektuei. Horrez gainera, onura fiskalak handitu zaizkie kultur proiektuak diruz laguntzen dituzten herritarrei: %5 igo da kenkaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.