Salbuespen artistiko bat

Iruñeko Nafarroako Unibertsitatearen Museotik atera, eta Bilboko Arte Ederren Museora eraman dute Maria Josefa Huarteren bilduma. Lanen berrinterpretazio bat egitea da asmoa

Maria Josefa Huarte bildumagilearen lanen artean, bereziki ugariak dira Pablo Palazueloren, Jorge Oteizaren eta Antoni Tapiesen lanak. JAZKI FONTANEDA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Mundu osoan oso museo gutxi ari dira gu orain egiten ari garena egiten». Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak gogoratu duenez, koronabirusaren eraginez, une honetan, etenda edo parentesi artean daude munduko museo gehien-gehienen programak, eta horregatik aurkeztu du salbuespen modura Maria Josefa Huarte bildumagilearen obrekin osatutako erakusketa. Besteak beste, Jorge Oteizaren, Pablo Palazueloren, Antoni Tapiesen, Pablo Picassoren, Mark Rothkoren, Vasili Kandinskiren, Eusebio Sempereren, Rafael Balerdiren eta Eduardo Txillidaren lanak daude tartean, eta horiek bilakatzen dute Huarterena Euskal Herrian XX. mendeko bigarren erdialdeko arte abstraktuari eskainitako bilduma pribaturik esanguratsuenetako bat. Iruñeko Nafarroako Unibertsitateko Museoan egon ohi da ikusgai normalean, baina, salbuespen modura, Bilbora eraman dute orain, urriaren 12ra arte.

Salbuespena da Huarteren kasua ere. Aski ezaguna da Nafarroan sustraitutako huartetarren abizena euskal artearen historian, besteak beste, Oteizari, Nestor Basterretxeari edota Iruñeko 1972ko Topaketei emandako sostengu eta bultzadagatik, eta mezenas leinu garrantzitsu horretako kide da Maria Josefa Huarte ere. Etxean zaletu zen artearekin, baina obrak erosten hasi zenean, oso gutxi ziren artea bildumatzen zutenak, eta, are gutxiago oraindik, arte garaikidea bildumatzen zuten emakumezkoak.

Gorabeheratsua eta bihurria izan da bildumak izan duen ibilbidea, eta, hasiera batean, Nafarroako Gobernuari eskaini bazion ere, azkenean, Opus Deik kudeatzen duen Nafarroako Unibertsitatearen esku utzi zituen 2008an bere artelan guztiak, haientzako museo bat eraikitzeko baldintzapean. Rafael Moneo arkitektoak diseinatu zuen eraikina, eta 2015ean zabaldu zituen ateak, Huarte hil baino hilabete batzuk lehenago. Eta han egon da bilduma orain arte.

Jaime Garcia Barrio Iruñeko Museoko zuzendariak gogorarazi duenez, «bilduma pribatua» zena «bilduma publiko» bilakatzea zen bildumagilearen asmoa, eta haren artelanak hautatzeko begia eta izandako nortasuna ere nabarmendu ditu.

Truke moduko baten emaitza da erakusketa. Isabel Bakedano artista nafarrari eskainitako erakusketa eramango du Iruñera Bilboko Arte Ederren Museoak, eta haren trukean heldu dira Huarteren lanak Bilbora.

Garai baten atzealdea

Bilduma osatzen duten 47 artelanetako 40 jarri dituzte ikusgai, eta haien arteko harremanak berrinterpretatzeko baliatu dute aukera bi museoek. Erakusketarekin batera, edizio zainduko katalogo elebidun bat kaleratu dute horretarako. Maria Dolores Jimenez-Blanco arte historialariaren testu bat dakar argitalpenak, eta Huarteren bilduma sorburu izan zuen sasoi historikoaren emaitza ere izan zela aipatzen du bertan ikerlariak. «Bilduma eraiki zuen pertsonaren erretratua ere bada Maria Josefa Huarteren bilduma, eta zein talde sozialekoa zen erakusten du. Baina garai batez ere hitz egiten du, ez soilik haren kontraesanak adieraziz, baizik eta, zentzu batean, haren atzealdea ere seinalatuz».

XX. mendeko bigarren erdialdeko artea da Huarteren bildumaren muina, eta, hautaketa horretan, pisu berezia dute Pablo Palazueloren, Antoni Tapiesen eta Oteziaren lanek. Haien lan sorta bat topatuko du bisitariak erakusketan.

Frankismo betean, 1936ko gerraren aztarna oraindik agerikoa zenean, 50eko hamarkadako artistek egindako esfortzua izan du gogoan Miriam Alzuri Bilboko Arte Ederren Museoko bilduma buruak. «Artea kapaza izan zen, egoera ezin pobreago hartan, bere burua modernizatzeko eta kanpoan gertatzen zenarekin sintonizatzeko».

Nabarmena da bilduman Huarteren abstrakzioarekiko zaletasuna, eta horregatik ixten du erakusketako ibilbidea Vasili Kandinskiren marrazki batek. Alzuri: «Abstrakzioaren aitzindari handia da Kandinski, XX. mendea hasi berria zenean. Eta Espainiako abangoardiaren parte batekiko lotura modura funtzionatzen du haren presentziak bilduman, garai hartan joera horiek erabat ahaztuta zeudelako, eta Maria Josefa Huartek bildumatzen zituen pintoreek dena ikasi behar izan zutelako berriro, bide oso-oso zail bati ekinez».

Lanik berriena

Bilduma unibertsitatearen esku utzi aurre-aurrean erosi zion Huartek Manu Muniategiandikoetxea artistari (Bergara, Gipuzkoa, 1966) Rodchenko gorria margolana. 2004an margotu zuen, eta handik gutxira erosi zion bildumagileak, eta hori da bilduman ikus daitekeen lanik berriena. Salbuespen bat bera ere.

Pozik azaldu da Muniategiandikoetxea bere lana izen garrantzitsuz betetako bildumaren parte delako. «Beldurra eta dena ematen du», onartu du. «Iruñeko museoa ipini zutenean, eta ikusi nituenean han Rothkoren eta Picassoren eta Txillidaren izenak, eta bizirik geunden bakarrak Sistiaga eta biok ginela, beldur apur bat eman zidan. Klasikotasun bat ematen du horrek, baina egia da nire lanak ere klasikotasun horretan duela oin bat». Izan ere, Aleksandr Rotxenko artista sobietarrak 1922an egin zuen eta orain galduta dagoen pieza abstraktu bat irudikatzen du Muniategiandikoetxearen margolanak, eta omenaldi horrek uztartzen du haren lana bildumaren sasoi eta joerekin. «Plazer bat da hor ikustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.