Jazza ari du mendi tontorrean

Miguel Salvadorrek musika eta mendia batu ditu bere laugarren diskoan, 'Hamar urte geroago'-n. Enkarguz egindako kantak eta oroitzapenetatik sortutakoak bildu ditu

Aurrekoetan ez bezala, lan berrian Salvadorren gitarra izan da melodiaz arduratu den instrumentua. ERRABAL.
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
«Zortea izan dut, disko honetan nire bi elementurik gogokoenak batu ahal izan ditudalako: musika eta mendia». Gertuko zein urruneko gailurrak jazzaren bidez ebokatu ditu Miguel Salvadorrek Hamar urte geroago bere laugarren diskoan (Errabal). Jonathan Hurtadoren pianoarekin, Marcelo Escrichen kontrabaxuarekin eta Gorka Iraundegiren bateriarekin batera ondu du azken lana gitarristak, izenburua gorabehera 2019ko Gabonetan mamitu zena: «Azkenaldian egindako kantak burura etorri zitzaizkidan, eta haiek grabatzea otu zitzaidan».

Garai berean egindako baina sorburu ezberdinak izan dituzten bederatzi abestik osatzen dute diskoa. Batzuek musikariak bisitatu dituen mendiak dituzte oinarri; beste batzuk, berriz, «enkarguak» izan ziren. Multzo horretako bat da Jurekentzat kanta, esaterako, Mendi Film jaialdiko zuzendari Jabier Baraiazarrak egindako proposamen baten fruitua: 1989an Himalaian hildako Jerzy Jurek Kukuczka alpinistaren inguruko dokumental bat ematera zihoazen festibalean, eta Salvadorri eskatu zion haren omenez kanta bat sortzeko. Bukatzerakoan, Kukuczkaren alargun Celina Kukuczka hurbildu zitzaion, negar malkotan, zoriontzera. Ez da harritzekoa, kontuan izanda kantaren tonua zein den: «Jureken abestia emotiboagoa da. Gehiago merezi zuen mendizaletasunaren munduan».

Alpinistari eginiko omenaldiaren doinu lasaiek bat egiten dute diskoaren erritmo orokorrarekin. Izan ere, Salvadorrek ez du mendia leku gatazkatsu gisara irudikatu, preseski: «Diskoa nahiko lasaia da, giro atsegin eta erlaxatukoa, eta kantagarriak diren melodiak dituena». Ordea, atmosfera bukolikoak badu kontrasteetarako tokia ere: «Kantetan, bilatzen duzu dena laua ez izatea; erlaxamendu eta tentsio elementuekin jolasten zara entzuleak sentsazio gehiago eduki ditzan». Baina, betiere, «giro bakar» baten bila: «Ez dut gogoko estilo asko nahastea: soinu bat lantzen dut, era askotako konposizioak sortuz, baina beti zaku berean doazenak». «Homogeneoa» izan dadila emaitza, alegia.

Osotasun baten barnean bilduta dago kontrastea ere, eta, era berean, baita La gran diagonal kanta ere; abesti oso bat, diskoaren tonu lasaitik oso aldendua dagoena. «Oso makurra da, melodia latzak ditu, eta entzutean errespetua eragiten dizu». Izan ere, Balaitus mendia du hizpide konposizio horrek, eta ezagunak ditu Salvadorrek hala mendiaren malkarrak nola gailurra ere, 3.000 metrora baino gehiagora dagoena. Ezin ahaztu esperientzia: «Mendi horrek txunditu egin ninduen». Hala, disko honetan lekua egin dio oroitzapen horri. Hala ere, badago abestia nabarmentzeko beste arrazoirik: «La gran diagonal eta Las montañas hablaron kantetan, lehen jotzen ez nuen soinuekin jotzen dut. Lehen, aratzagoak ziren soinuak, eta, honako honetan, askoz gehiago ikertu dudanez haiekin, efektu gehiago erabili ditut».

Hamar urteko ibilbidea

Soinuez gain, badu Hamar urte geroago-k beste hainbat ezberdintasun aurreko diskoekin alderatuta. «Musikari eta sentsazioei dagokienez ere badago aldaketarik». Bigarren eta hirugarren diskoetan, Viaje a Etreum-en eta Código-n, hurrenez hurren, saxofoia zegoen, eta azken honetan, ez. Ez da alde hutsala, Salvadorrek azaldu duenez, oinarri musikala baldintzatzen baitu hautaketa horrek: «Nire jotzeko modua ezberdina da saxofoiarekin batera nabilenean; gitarra jotzeko modua harmonikoagoa izaten da, saxofoia instrumentu melodikoa baita».

Aldiz, saxofoia formaziotik kanpo utzi du oraingo honetan, berak nahi zuelako izan melodien interpretea, gitarra erabilita; haren hitzetan, publikoari transmititzeko forma «zeharo» aldatzen da melodia saxofoiaren edo gitarraren esku egon. «Hori dela eta, nahiko ezberdina da aurreko biekin konparatuz gero». Aitortu du lehenengo diskoarekin, Project-ekin, antz handiagoa izan lezakeela azken honek, bietan gitarra eta pianoa direlako nagusi, baina, halere, uste du lehenengoarekin «arrisku handiagoa» hartu zuela: «Orain ez dut beharrik erritmo aldetik oso gauza arraroak egiteko. Abestiak ederrak izatea bilatu dut, zeozer sentiarazten zidaten melodiak egitea». Horiek horrela, disko honetarako kideen aukeraketa ere berezia izan da. «Beste diskoetan, arlo musikalabaloratu dut batez ere, baina honetan, kontu musikalez gain, beste gauza asko ere zaindu ditut. Diskoan parte hartu duten hiru pertsonak oso garrantzitsuak dira nire bizitzan».

2009an egin zuen lehen diskoa, eta 2019an ondu zuen azkenaren lehen abestia, diskoaren izen bera daramana, Hamar urte geroago. Izenak iradoki bezala, «atzera begirako» bat da, «hastapenei» egindako soa: «Hausnarketa bat egin nahi nuen, esanez bezala 'hamar urteren ondoren, hemen nago'». Diskoak duen gisa horretako kanta bakarra da, baina Salvadorrek ez dio muzin egiten iraganera begiratzeari, eta, urteak pasatuta, beste horrenbeste egingo du oraingoak gogoratzeko: «Momentu musikal jakin batean egindako kanta sorta da, orduan gogobetetzen ninduten kanten sorta bat. Grabatu nahi izan nituen etorkizunean ilusioa egingo didalako 2020an jotzen nituen kantak entzuteak. Nire bizitzako paisaiak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.