Minerren 'Turista klasea', zapalkuntza gurutzatuei begira

Bigarren nobela argitaratu du Kattalin Minerrek, Susarekin. Preso daukaten lagunari bisitan doakion pertsonaiaren ibilerak aletu ditu bertan. Itxialdi betean idatzi zuen

Kattalin Minerrek atzo aurkeztu zuen Turista klasea nobela, bere bigarrena, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Parisen preso daukaten lagun bati egindako bisita. Fresnesko espetxera joan eta buelta; bisita egitera doana esnatzen denetik etxera itzuli eta ohean sartzen den arte. 1.600 kilometro hogei orduan. Horixe Kattalin Minerren (Hernani, Gipuzkoa, 1988) bigarren nobelaren egitura nagusia. Ezagunak dituen bizipenetatik edanez emana. «Ipuin baten bueltan pentsatzen hasi nintzen. Euskal presoen dispertsioari buruzko errelato nagusian anekdota gisa gordetzen ditugun gauza asko zeudela pentsatu nuen, neuk egindako bidaien ardatz ere izan zirenak». Hari horretatik tiraka, eskema bat egin zuen: bidaiak har zezakeen denbora neurtuz eta denbora lerro horretan sar zitezkeen kontuak zerrendatuz.

Pandemiagatik ezarritako itxialdi betean izan zen. Aurreikusi gabeko denbora bat bazuen idazteko, eta idazteari ekin zion. «Idazteko lehen baldintza materiala izan zen denbora hori edukitzea eta, gero, kezka ekonomiko larririk eza. Horrez gain, liburuan dauden gatazka batzuek, akaso, indar berezia hartu zuten garai horretan». Larrialdi egoerako testuinguru hori gabe ez legoke aurkeztu berri duen nobelarik, beraz, ziurrenik.

«Konfinamenduaren alaba da liburua. Ez nintzen inondik inora halakorik idaztekoa, baina itxialdia uste baino gehiago luzatu zen, eta idazketa jario batekin harrapatu ninduen. Erraz idatzi nuen».

Eta oso tarte laburrean, ipuinaz haragoko testu bat zeukan mahai gainean. «Konfinamenduko azken bi asteetan idatzitako liburua dela esatea ez litzateke zuzena, hala ere». Minerrek berak bazituelako barnean espetxeetara egindako bidaien arrastoak, eta arrastook gabe jarioa ez litzatekeelako hainbestekoa: «Segituan konturatu nintzen horko pasarte eta bizipen asko nigan artxibatuta zeudela. Liburuak ez dira idazten ordenagailu aurrean jartzen garenean bakarrik; are argiago ikusi dut hau idaztean». Hala argitaratu du Turista klasea, bidaia fisiko eta ez-fisiko baten kontakizuna, Susa argitaletxearekin.

Zapalkuntzak

«Kontatzen dudan bidaia ez da edozein bidaia, turismo soilekoa. Euskal Herrian ondo ezagutzen dugun arrazoi batengatik egindako bidaia bat da. Halabeharrezkoa da protagonistarentzat; zapalkuntza bat du abiapuntu», azpimarratu du Minerrek. Azken joan-etorria izan dezake, baina, lagun presoaren epaiketa ate joka baitator; horixe du buruan kartzelarako bidea hartzean. «Gakoa da momentu hori, zapalkuntza bat bizi dugunean lehen pertsonan, geure gorputzean, zaila egiten zaigulako inguruko zapalkuntzak ikustea, horiei ere lekua egitea, eta zapalkuntza horietatik mundua ikusten saiatzea».

Ideia eta oroitzapen nahasketa batean, digresiotik digresiora dihoakio gogoa bidaiariari. Konturatu da urteetan zapalkuntza batean zentratu behar izan duela, eta beste kontraesan, zehar lerro, borroka, erresistentzia batzuk gurutzatu zaizkiola denbora guztian. «Orain du momentua, bide bat bukatzen ari denean, besteei begira jartzekoa».

Ataka horretan jarri du protagonista Minerrek, beste zapalkuntzei begira, urteetan zehar bizitakoari forma bat emateko ahaleginean. «Batzuetan azpiratu, besteetan konplize eta beste zenbaitetan zapaltzaile» agertuz pertsonaia; deserosoa gerta daitekeen ariketan, erantzunik ez duten kontraesanetan murgilduz. «Ez neukan nagusikeria moral batetik hitz egiteko batere asmorik. Kontrakoa. Espero dudana da bidaia honek, entretenigarria izateaz gain, bizi dituen borroken, ardatzen, kontraesanen, zapalkuntzeninguruko hausnarketara bideratzea irakurlea». Errezeloa dauka, hala ere, berak nahi baino erosoagoa gertatuko zaiola nobela irakurleari. «Ez da interpelaziozko liburu bat, inolaz ere».

Leire Lopez editoreak narrazioa zeharkatzen duten harremanei eta pertsonei erreparatu die: kartzelara bisitan doanaren eta presoaren artekoari, bisitariari Parisen ostatu ematen dioten adiskide txiletarrei... Nobelako beste hari bat ere nabarmendu du: beldurra. Mota guztietakoa. «Beldur inkoherenteak, ustez ditugun ideien kontrakoak; ia inori aitortuko ez genizkiokeenak; hotzean pentsatzen dugunaren eta barrutik ateratzen zaigunaren arteko aldea markatzen dutenak. Eta beldurra da eratzen gaituzten egiturak argien bistaratzen dituen mekanismoetako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.