Donostiako 82. Musika Hamabostaldia

Programa bikoitza Kursaalean

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak bi kontzertu eman ditu Musika Hamabostaldian. Gustavo Gimeno zuzendariak Euskal Herriko Gazte Orkestra zuzenduko du igandean

Gustavo Gimeno eta Patrick Alfaya Donostian, Kursaalean eman zuten prentsaurrekoan, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
2017an bisitatu zuen azkeneko aldiz Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak Donostiako Musika Hamabostaldia. Pandemiaren eraginez, orkestraren itzulera atzeratu egin zen, baina aurten bi kontzertu emateko aukera izan dute azkenean. Gustavo Gimeno orkestraren zuzendariaren hitzetan, «ohore handia» da taldearentzat aurtengo jaialdian parte hartu ahal izatea. Yuja Wang pianistaren laguntza izan dute oraingoan: gaur egungo piano jotzailerik entzutetsuenetako bat da. Igandean Kursaaleko auditoriumean emandako kontzertuari buruzko sentsazioak azaldu zituen atzo Gimenok, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariarekin batera Kursaalean eman zuen prentsaurrekoan. Bigarren kontzertuari buruzko xehetasunak ere azaldu zituen zuzendariak.

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak 1933an egin zuen debuta, eta, geroztik, Europa osoan barrena eman ditu kontzertuak. Hogei herrialdetako 98 musikarik osatzen dute, eta bere soinuaren dotoreziagatik da ezaguna. Maila handiko zuzendariek gidatu dute taldea, eta gaur egun Gimenok (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1976) zuzentzen du. 2015/2016ko denboraldian hartu zuen orkestraren zuzendaritza, eta, aldi berean, Toronto Symphony Orchestaren zuzendaria ere bada. Geroztik, hainbat formatutako kontzertuak zuzendu ditu, eta aurten Europako hainbat herrialdetan jarduteko gonbita jaso du. Maila handiko bakarlariekin aritu da lanean, hala nola Wangekin, Anja Harteros sopranoarekin eta Bryn Terfel baritono baxuarekin.

Igandean eman zuten lehen kontzertua, Musika Hamabostaldia hasi zen egunean. Txekiar, errumaniar eta hungariar musikari eskainitako programa izan zen orduan, Ligeti, Liszt eta Dvoraken obrekin. Gimenok eskertu egin zuen jaialdiko lehen kontzertu hori «eduki folkloriko handiko programa batekin eta musika oso entretenigarriarekin» egiteko aukera. Oso pozik agertu zen publikoaren erantzunarekin: «Normalean ez ditut entzuten jendearen txaloak, baina atzoko kontzertuan oso ongi entzun nituen». Bigarren eta azken kontzertua atzo eman zuten, eta klasizismotik erromantizismorako bidea egiten duten bi sorkuntza lan oso ezagun interpretatu zituzten: Mozarten pianorako 20. kontzertua eta Beethovenen 5. sinfonia ospetsua. «Aspalditik prestatua eta hitzartua genuen proposamena da, eta gogo handia genuen maila honetako kontzertu bat aurrera eramateko», adierazi zuen Alfayak. Kontzertuez gain, etorkizunean elkarlanean jarraitzeko beste asmoen inguruan ere hitz egin zuten.

30 kontzertu baino gehiago

Atzoko emanaldiari dagokionez, bi konpositoreen arteko antzekotasunak nabarmendu zituen Gimenok: «Mozarten eta Beethovenen artean ezberdintasunak badaude ere, nabarmena da bien arteko konexioa, eta batak bestearengan eragin zuzena izan zuela». Bestalde, Wangentzat hitz onak besterik ez zituen izan Gimenok, piano jotzaile askorentzat Mozart jotzea «oso zaila» eta askotan «gogorra» dela azpimarratuz. Hala ere, Wang «gero eta erosoago» sentitzen dela azaldu zuen, eta «sentsibilitate handiz» interpretatzen dituela obrak. Zuzendariaren eta pianistaren arteko harremana oso estua da; izan ere, dagoeneko hogeita hamar kontzertu baino gehiago eman dituzte elkarrekin mundu osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.