Nafarroaren Eguna itzuli da

Bi urteko etenetik landa, Basaizea elkarteak egun antolatu du Baigorriko Nafarroaren Eguna. Larunbatez egitea erabaki du, eta kanpaleku bat paratzea.

Nafarroaren Eguna ospatuko dute egun milaka euskaldunek, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Argazkia 2019koa da, etenaldia aitzin. GUILLAUME FAUVEAU.
Iñaki Etxeleku- Ainize Madariaga
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
B i urtez Baigorriko gertakari nagusia pandemiaren ondorioz egin ezinez egon ondoan, egun itzuliko da Nafarroaren Eguna. Frantziako presidentetza bozak apirileko azken igandez izanik, eta ondokoa Maiatzaren Lehena, Basaizea elkarte antolatzaileak hala finkatu zuen. Usaiako egitarau joriarekin heldu da besta.

COVID-19ak tanpez gelditu zuen dena 2020an, Nafarroaren Eguna kasik prest zutelarik. Hala ere, Maider Luro elkarteko arduradunak (Baigorri, 1997) oroitarazi du nahi izan zutela zerbait egin, eta Kanaldude herri telebistarekin zuzeneko saioa egin zutela. «Zerbaiten markatzeko, halere. Nafarroaren Egunak baitu bere garrantzia bai kultura arloan, bai jendeen izpirituetan. Zuzenekoa ontsa ibili zen, gozo zen, eta bazen alegia Nafarroaren Eguna zerbait», erran du Lurok. 2021ean ere ezin izan zen besta egin.

Aurten, beraz, kultur elkartea berriz plantatu ahal izan da ohiko kulturaldiaren muntatzeko, Zuti gaitezen berriz! leloa harturik. Martxo hondarrean hasi zen, nolabait, Euskal Kultur Erakundeak egin Eleketa erakusketarekin, zeinetan Garazi-Baigorri lurraldeko 106 lekukok beren bizipenak eta oroitzapenak kontatzen baitituzte. Udalbiltzak bultzatu Geuretik Sortuak sorkuntza deialditik atera bi lan zabaldu ditu, bestalde, Basaizeak: Bidaide antzezlana eta Bost Teilatu film labur bilduma. Iragan ostegunean, gainera, Lorea Agirrek hitzaldia eman zuen Ortzaize Menta liburu dendan Euskalgintza etafeminismoa bidaikide izenburupean. «Jendea kontent zen holako gauzak berriz izatea. Trukaketa guneak baitira ere gure artean», dio Lurok.

Ebiakoitzez

Osasun ziurtagiri eta maska beharturik ez, Nafarroaren Eguna lehen bezala egiten ahalko da, Lurok dioenez, denen atseginerako: «Entzun ditugun ohar guziak ziren: 'azkenean, berriz!'. Azkenean berriz dena: goizeko ekitaldia, dantza ikusgarriak, Euskal Herri osoko ziganteak ikustea, bazkaria Kuxkuxturekin, gaueko kontzertuak. Berriz, besta egun oso bat euskaraz pasatzea».

Egutegiak beharturik gertatu bada ere, ez zuen gaurko gogoeta Basaizeak egun aldaketa: «Bazuen bulta bat aipatzen genuela ebiakoitzez antolatzea; jendea goxoagoki heldu da egunpasa. Pentsatzen dugu jende gehiago izanen dela». Araberan eta lehentze, kanpalekua antolatu du lekuan berean lo egiteko. Lurok badu esperantza Euskal Herriko zoko gehiagotako jendeak hunkiko dituztela berriz. «Ez genuen gehiago publiko bat hunkitzen, salbu hurbilekoa. Ebiakoitza izanez, hor espero dugu Nafarroaren Eguna gaztetzea eta gure balioak horiengana ere arribatzea».

Balio horiek zehaztu ditu Basaizeako kideak. «Euskal kulturak bizi behar duela eta gazteei dela biziaraztea. Iduritzen zait batzuetan kultura ahanzten dela, politikari leku gehiago emanez. Kultura egitea, politika egitea da». Musika, kantua, dantza, bertsoaren inguruan Euskal Herri guziko eginahala jende bildu nahi lituzke Nafarroaren Egunak. «Azkenean, Nafarroaren Egunak ez du Euskal Herriaren batasuna salbatuko», dio irriz Lurok, «baina, jendeak trukatzeko eta harremanak egiteko lekua baldin bada, geroago proiektuen sortzeko, orduan, dena irabazi da».

Baigorriarrek, harreman hori naturalki badute Izpegiz haraindiko Baztango auzoekin. «Gero eta gehiago entseatzen gara Baztango gaztetxearekin trukaketetan aritzea», esplikatu du Lurok. Bakoitzak antolatu bestetan, lan txandak egiten dituzte batzuek eta besteen herrian.

Eta bukaeran: Holako

Nazio ikuspegia markatuko du berriz ere Nafarroaren Egunak. Dantzarietan, Iruñeko Duguna taldea itzuliko da Baigorrira, baita Tafallako (Nafarroa) dantzariak eta Amikuzeko Burgaintzi ere. Nafarroa osoko ziganteak elkartuko dira usaiako ibilaldirako, gaiteroek, Baxenabarre eta Lapurdiko Txakatuk, Kuxkuxtu eta Ezpela txarangek lagundurik.

Kontzertuetan, Gipuzkoatik, Letagin rock eta Kilimak runba taldea ariko dira. Ipar Euskal Herriko plaza andana bat jada dantzan jarri duen Andoni Ollokiegi gipuzkoarrak ere joko du. Historikoetan, Kiki Bordatxo eta zenbait hamarkadaren buruko berriz agertu den Izan taldeak ariko dira oholtza gainean. Eta gaualdia —usaia halakoa bilakaturik—, Holako Deluxe taldeak bururatuko du, xapito handiaren azpian.

Lurralde bat baino gehiagoko bertsolariak ere elkartuko dituzte arratsaldeko saiorako: Onintza Enbeita bizkaitarra, Oihana Iguaran gipuzkoarra, Eneko Lazkoz nafartarra eta Sustrai Colina lapurtar nafartua.

Goizean, elizako edo Gaineko plazan, erritualak bilakatu diren ikastolaren askaria, merkatua, ekitaldia, Bas Hitza, irrintziak etalarrain dantza eginen dira.

Aurten, lehen aldikoz, BERRIA egunkariak zozketa antolatu du Nafarroaren Egunaren karietara. Parte hartu nahi dutenek parada izanen dute izenaren emateko goizeko merkatu gunean, eliza ondoan, BERRIAk atxikiko duen mahaira hurbilduz. Zozketaren irabazleak egonaldi bat izanen du eskainirik Baigorriko Manexenea hotel jatetxean, bi gau eta hiru afarirekin, bi lagunendako. Sariduna nor den jakiteko zozketa maiatzaren 9an eginen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.