Bretoiera korrika hedatzeko

Abiatu da Ar Redadeg bretoieraren aldeko lasterketa, Gwitregetik. Zortzigarren aldia du, eta sekula baino kilometro gehiago kurrituko ditu egun zortzi arte: 2022.

Abiatu da bretoieraren aldeko lasterketa. Irabaziak mintzaira hori bultzatzen duten hamabi proiekturi eta bretoierazko eskolei —diwanei— emanen dizkiete. B. CAMBAY.
Ainize Madariaga
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Korrika bretoia lasterka betean ari da. Gwitreg hiritik partitu ondoan, gauez eta egunez aitzinatuko da, Gweneden bukatzeko, heldu den larunbatean. Zortzigarren aldi honek sekula baino kilometro gehiago kurrituko ditu: 2022, justu-justu.

Euskal Herrira jin ziren 2008an, Korrikaren kopia baten egiteko. Geroztik, bi urtetik behin antolatu izan dute, bretoieraren alde. Iazkoa salbuespena izan zen; izan ere, pandemiari aitzin egiteko ezarritako neurriek beharturik, egunez bakarrik ibili baitziren. Eta bi urtez segidan egin baitute. Baina zortzi egunekoa izan zen, aurtengoa bezala.

Solena Raynaudon-Kerzhero da antolatzaileetako bat, eta euskara ikasia du; errotik ezagutzen ditu Korrika eta Ar Redadeg. Euskal Herrian bezalaxe, Bretainian ere mintzairaren zanpaketak arranguratzen du: «Hizkuntza erakutsi nahi dugu, hemengoa ez baita Euskal Herrikoa bezain indartsua, hiztunak galtzen ari baikara pixkana-pixkanaka; erakustean datza lehentasuna».

Hatsarre hartan, Bretainiako ikastolek —diwanek— zuten beren gain hartu, baina, geroztik, Redadeg elkartea sortu zen. Hiru langile ari dira lanean hartan; gainerakoak laguntzaileak dira: «Herrika banatzen dugu lana. Ni, adibidez, 25 kilometroko tarte batez arduratu naiz; hamahiru laguneko taldea gara: autoa, kamioia, osasun autoa... gure gain dira. Bestalde, bost laguneko hiru talde ditugu ziurtasunaz arduratzeko, jende anitz metatzen delarik laguntzaile gehiago biltzeko eta abar». Eta, oraingo egunean, irabazien erdiak diwanei banatzen dizkiete: 5.000 ikasle inguru dabiltza horietan.

Bertze erdiak bretoiera akuilatuko duten proiektuei ematen dizkiete: «Hamabi proiekturentzat joanen dira Ar Redadegen irabazien erdiak: irratiarentzat, bretoierazko hiztegia egin duen talde feministarentzat eta bretoierazko animazioak egiten dituzten hainbat herri elkarterentzat (kurtsoak, festak...)», zehaztu du Raynaudon-Kerzherok.

Funtsean, elkarteei bainoago, aurkeztu dizkieten eta hautatu dituzten proiektuei die laguntzen egitasmoak. Hori bai, proiektu horien bizkarrezurra bretoiera den ber. Gehitu du hiru direla helduei bretoiera irakasten dieten elkarteak: Mervent, Stumdi eta Skol an Emsav, eta diru beharretan badira ere, badituztenez diru laguntzak probintziek emanik,Ar Redadegen irabazitakoa ez zaie haiei emanen aurten.

Bretoiera, genero ororena

Lema Breizh a-bep reizh! dute; hala xehatu du haren adiera Raynaudon-Kerzherok: «Mezu feminista da; esateko bretoiera LGTBQ kolektibokoentzat ere badela».

Preseski, kantua Enorade Pasqo artistak egin du, eta neska talde batek kantatzen. Abesti ofizialaz gain, eskolen arteko Ar Redadeg kantu txapelketa bultzatu zuten, eta Gweneden ireki zuten lizeoko ikasleek dute irabazi. Beraz, bi kantu ditu lasterketak.

2022 kilometroak salgai daude, eta enpresek, elkarteek, herriek eta pertsonek eros ditzakete. Berez, herri bakoitzean kilometro bat erreserbatzen dute herriarentzat, eta, gero, galdetzen diote nahi duten edo ez: «Gehienek erosten dute». Atzo, oraino 300 bat kilometro gelditzen zitzaizkien saltzeko. Raynaudon-Kerzherok dei egin du nahi duen orok erosteko, www.ar-redadeg.bzh gunean sartuz: lagun bakar bati ehun euro eskatzen diote kilometro bakoitzeko; bertzela, elkarte eta entitateei, gutienik berrehun. Erosleak bazh test edo lekukoa eramateko deretxoa irabazten du: heltzean leituko dute barnean daraman sekretupeko mezua. «Mezua idatzi izan dute Yann-Fañch Kemener kantari zenak, Nolwenn Korbellek... Sorpresa izanen da aurtengoa, azken egunera arte ez dugu jakinen nork idatzi duen eta zer; izan daiteke artista bat, edo bi». Nornahik bezti lezake bizkarreko ofiziala.

Ar Redagegek Bretainia historikoa zeharkatuko du, Frantziak inposaturiko bortz departamenduetatik iraganez; Loira Atlantikotik ere bai. Hain den herria zabala, non bretoieraren inguruko jarrerak arras ezberdinak baitira, antolatzaileak ohartarazi duenez: «Oso ezberdina da bretoieraren inguruko jarrera probintziaren arabera. Naoneden, adibidez, jendeak ez daki bretoiera zer den ere. Gero, begi onez ikusten dute, baina batzuetan folklorea bezalakoa da; ongi dela diote, baina ez doaz harago. Karaez adibide polita da, kartel guziak bretoieraz baitira, laguntzak badira... baina ez da denean berdin».

Redadeg txikiak ere antolatu dituzte, gazteenentzat. Diwan guziek eginen baitute haien izariko lasterketa. Atzo, konparazione, abiatu baino amiñi bat lehenago, bat egin dute Gwitregen.

Zortzi egun iraunen du lasterketak eta barda abiatu zen, 19:00etan, animazioz betea. Hala nola. Garaztarrak musikari eta dantzari taldea gomitatu dute, atzo eta egun aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.