Oztopoak oporren atarian

Ez da giro aireportuetan. Oporretako irteeraz baliatuz, hegazkin konpainietako langileek euren eskubideak aldarrikatu nahi izan dituzte, eta hainbat greba egunetara deitu dute.

Bidaiariak ilaran Loiuko aireportuan, 2019ko greba batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Asko dira azken hilabeteotan bertan behera geratu diren, atzeratu egin diren, edo arazoren bat izan duten hegaldiak. Eta arrazoia ez da makala: langile gutxi daude dagoen bidaiari kopururako. Baina nondik dator arazo hori? Pandemia lehertu zenean, hegazkinez egiten ziren bidaiek nabarmen egin zuten behera; bakar batzuk besterik ez ziren mantendu. Egoera horri aurre egiteko, hegazkin konpainiek aldaketa batzuk egin behar izan zituzten barne antolaketetan; tartean, langileen kaleratzeak.

Osasun krisia nolabait apaldu den honetan, bidaiatzeko erabateko askatasuna dago, eta horrek ekarri du hegaldien eskaerak igotzea. Tamalez, konpainiek lehengo langile kopuru bera daukate oraindik, eta lan karga askoz ere handiagoa da. AENAren datuen arabera, maiatzean %9,6 egin zuten gora hegaldiek, 2019ko datuekin alderatuta.

Konpainiek ez dute hainbeste joan-etorriri eusteko behar besteko jende, eta hori langileen lan baldintzetan islatzen ari da, sindikatuek diotenez. Ryanair, EasyJet eta Lufthansaren gisako konpainietako langileek hainbat greba egunetara deitu dute uda honetarako, egoera hobetu ezean. Esaterako, Ryanair konpainiaren orain arteko grebek eragin dute Espainian berrehun hegaldi bertan behera geratzea eta ia mila atzeratzea. Europako beste herrialde batzuetan, egoera berdina da: Portugalen, Erresuma Batuan, Belgikan, Frantzian eta Italian, adibidez.

Eta zer dakar horrek guztiak? Ilara luzeak aireportuetan, bertan behera geratutako hegaldiak, eta bidaiariak sutan, euren oporraldiak ez direlako uste bezala izaten ari.

Eskubideak jakin

Oscar Sanchezek eta Jon Ortizek 2014. urtean sortu zuten Erreklamatu enpresa. Abokatuak biak, konturatu ziren jendeak ez zekiela hegazkinez bidaiatzeko orduan legez babestutako zer eskubide zituen, eta konpainiak horretaz baliatzen zirela: «Ikusi genuen horren berri eman behar genuela», oroitu du Jon Ortizek. Erreklamatuk gabezia hori betetzeko eta kontsumitzaileen alde lan egiteko asmoa zuen.

Bidaiariek ez zutenez euren eskubideen berri, zaila egiten zitzaien atzerapenei, hegaldiak bertan behera uzteari edo bestelakoei erreklamazio bat jartzea. Erreklamaturen zerbitzuek erreklamazioak bide judizialetik konpontzeko aukera ematen dute, kontsumitzaileak kalte ordain bat lor dezan. «Bidaiarien eskubideak nahiko ondo babestuta daude, esparru honetan behintzat, baina, horretarako, horiek zein diren jakin behar da, eta dagokion erreklamazioa jarri», argitu du Ortizek. Eskubide horiek Europako Parlamentuan eta Kontseiluan onartutako 261/2004 legean jasota daude.

Konpainiekin harremanetan jartzea zaila da, sarritan euren erantzukizunei uko egiten baitiete. Erreklamatuk bide judizialetik jotzen du arazo horiek konpontzeko. Edozer gertatzen dela, bezeroa enpresarekin jartzen da harremanetan, eta, hark kasuaren bideragarritasuna aztertu ondoren, lanari ekiten dio. «Kasuen %90 irabazten ditugu», esan du Ortizek. Ebazpena eman ostean, konpainia kalte ordaina ematera behartuta dago. Erreklamatuk, kasua irabaziz gero, kalte ordain horren %25hartzen du.

Baina badaude bidaiaren zorigaitzaz baliatu eta etekin ekonomikoa lortzeko aukera ikusten duten enpresak ere: erreklamazio ehiztariak deituak, hain zuzen. Bulego fisikorik ez badute, tramite guztiak Internet bidez egin behar badira, enpresa bera bada zurekin harremanetan jartzen dena, eta ez alderantziz, eta ia %50eko komisioa eskatzen badute, Ortizek argi du: «Ez da fidatzekoa».

Erreklamazioak, irailean

Badira hegazkin konpainien erreklamazioak kudeatzen dituzten beste entitate batzuk ere; EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketa, adibidez. Kontsumobidetik bideratutako kasuak hartzen dituzte, besteak beste, eta kaltetutako bidaiariak doan aholkatzen dituzte. Kasua auzibidetik kanpo konpon ezin bada, epaitegietara jotzen dute, baina, horretarako, EKAko bazkidea izan beharra dago. Bazkideek lehen urtean 60 euro ordaindu behar izaten dituzte, eta, lehen urte hori pasatuta, 30 euroko kuota dute.

«Normalean, hegazkin konpainiekin lotutako erreklamazioak irailean bidaltzen dizkigute gehien», esan du Ander Cornejok, EKAko prentsa arduradunak. Kaltetuek, gehienetan, udako oporrak amaitu arte itxaroten dute prozesua hasteko, urtebete baitago erreklamazioa egiteko. 2.000 eurora arteko erreklamazioak elkarteak berak egiten ditu, eta hortik gorakoak beste abokatu talde baten esku uzten dituzte.

EKAk ez ditu kontsumitzaileak hegazkin konpainien gorabeheretatik babesten soilik, eta, Cornejoren hitzetan, aurreko urtean «kasuen %80 baino gehiago» irabazi zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.