Gazta onenak, lehian

Idiazabalgo jatorri izena duten gazten arteko lehiaketa egingo dute, gaur, Plentzian. Bisitariek ere izango dute gazta dastatzeko parada

Julen Aperribai.
2017ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Ez da izaten gazta udan gehien nabarmentzen den jakia, baina edozein sasoi da ona produktu preziatu horri gorazarre egiteko. Hala egingo dute gaur, Plentzian (Bizkaia). Idiazabalgo jatorri izena duten gaztak euren artean lehiatuko dira, onena aukeratzeko lehiaketan.

Eleiz enparantza izango da gaztagileen topagune, eta han jarritako postuetan ikusgai izango dira gaztak. 10:00 aldean hasiko da ekitaldia. Ordu erdian, ekoizleek euren gaztak aurkezteko tartea izango dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, Ā«Idiazabalgo jatorri izenari atxikitako gaztandegiek har dezakete parte bakarrik, dagokien kaseina plakarekin identifikatutako piezekinĀ». Eta, 11:00etan, aurkeztutako gazta guztiak dastatzen hasi ahalko dira epaileak. Hiru epailez osaturiko hiru mahaitan banatuko dute lana, eta hortik aterako dira finalistak.

Dastatzea 12:30 inguruan amaituko da, eta, ordu erdi batez, ahoratutakoaren inguruan pentsatzeko eta gazta bakoitzari nota jartzeko tartea izango dute epaileek. Ondoren, irabazlearen izena iragarriko dute, eta, irabazleek ospatzeko denbora hartu eta gero, sariak banatuko dituzte. Lehen hiru sailkatuek trofeo bana eramango dute etxera, eta, horrekin batera, 300 euro jasoko ditu lehenengoak, 150 bigarrenak eta 50 hirugarrenak.

Ez dira epaileak izango gazta dastatzeko pribilegioa izango duten bakarrak. Izan ere, 11:00etan,hamasei postu zabalduko dituzte, lehiaketarako jarritakoez aparte, eta bisitariek gazta erosi eta probatu ahalko dute. Gaztari laguntzeko, txakolina zerbitzatuko dute plazan.

Idiazabalgo jatorri izeneko gaztaren lehiaketa

Gaur, 10:00etatik 13:00etara, Plentziako Eleiz enparantzan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.